YouVersion Logo
Search Icon

SALMOAK 119

119
119. (118.) SALMOA
Legea, dohain zoragarria
1
1Zorionekoak#119,1 Salmo luze hau alfabetikoa da; 22 estrofa ditu, hebreerazko alfabetoak dituen letrak adina, eta estrofa bakoitzeko zortzi lerroak letra berberaz hasten dira. Legearen goraipamen eta legeari buruzko hausnarketa den salmo honetan sinonimo asko erabiltzen da, ia bertsoz bertso errepikatzen direnak: lege, xedapen, arau, agindu, erabaki, hitz, promes, hitzeman, irakaspen… erabat zintzo jokatzen dutenak,
Jaunaren legean dabiltzanak!#Zorionekoa… 1,1-2; 112,1; 128,1; Lk 11,28.
2Zorionekoak, haren xedapenak betez,
bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak!#bihotz-bihotzez 119,10.145; Dt 4,29+; 2 Kro 31,21.
3Bidegabekeriarik egin gabe, haren bideetan dabiltzanak!
4Jauna, zeure legeak ezarri dituzu, arretaz bete ditzagun.
5Eman ditzadala urratsak tinko, zure arauak gordetzeko.
6Orduan, ez naiz lotsa izango, zure agindu guztiei begira.
7Bihotz zintzoz goretsiko zaitut, zure erabaki zuzenak ikasiz.
8Zure arauak nahi ditut gorde: ez nazazu inoiz eskutik utz!#ez eskutik utzi 38,22+; Jn 8,29.
2
9Nola gorde dezake gazteak bere burua garbi?
Bere bizimodua zure hitzera egokituz.
10Bihotz-bihotzez nabilkizu bila:
ez utzi ni zure aginduetatik saihesten.
11Gogoan jasotzen dut zuk hitzemana,
zure aurka bekatu ez egiteko.
12Bedeinkatua zu, Jauna! Irakats niri zeure arauak.
13Neure ahotsez iragartzen ditut zuk emaniko erabaki guztiak.
14Zure xedapenei jarraitzea niretzat pozgarriago
aberastasun handienak baino.#pozgarria 119,111.162; Jr 15,16.
15Zure legeak nahi ditut hausnartu, zure bideak begi aurrean eduki.
16Zure arauak ditut gozamen: zure hitzak ez ditut ahazten.#gozamen 119,24.47.70.92.143.174.
3
17Egiozu on zeure zerbitzari honi: biziko naiz
eta zure hitza gordeko dut.
18Ireki nire begiak, ikus ahal ditzadan
zure legearen dohain harrigarriak.
19Atzerritar naiz munduan: ez ezkutatu niri zeure aginduak!#Atzerritar munduan 39,13+; 119,54.
20Akiturik ditut barne-indarrak,
zure erabakien etengabeko irrikaz.
21Egin agiraka harroputz madarikatuei,
zure aginduetatik aldentzen direnei!
22Urrundu niregandik iraina eta mespretxua,
gordetzen baititut zure xedapenak.
23Nahiz eta jauntxoak nire aurka hitzartu,
zerbitzari honek zure arauak hausnartzen ditu.
24Bai, zure xedapenak ditut gozamen, horiek kontseilari!
4
25Lur jorik nago:
biziberri nazazu, zeure promesaren arabera!#Lur jorik nago 44,26. biziberri nazazu 85,7; 119,50.88.93.149.156.159.
26Neure joan-etorrien berri eman dizut, eta erantzun egin didazu:
irakats niri zeure arauak!
27Ulertarazi niri zeure legeen bidea,
eta zure dohain harrigarriak hausnartuko ditut.
28Erortzen ari naiz nahigabez ahuldurik:
jaso nazazu, zeure promesaren arabera!
29Aldendu niregandik jokabide maltzurra
eta emadazu zeure legea dohain.
30Leialtasunaren bidea aukeratu dut,
paregabetzat jotzen ditut zure erabakiak.
31Zure xedapenei loturik nago: Jauna, ez ni lotsagarri utzi!
32Zure aginduen bidetik lehiatuko naiz,
barrua lasaitzen didazunez gero.
5
33Erakutsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,
horri jarraitzea izango dut sari#119,33 horri… sari: Honela ere itzul daiteke: azkeneraino (edo zehatz-mehatz) jarraituko dut..
34Ulertarazi zeure legea, eta gordeko dut,
bihotz-bihotzez beteko.
35Gida nazazu zeure aginduen bidetik, hori baitut atsegin.
36Makurtu nire gogoa zeure xedapenetara
eta ez beste irabazirik desiratzera.
37Urrundu nire begiak huskerietatik,
emadazu bizia zeure indarrez.
38Bete zerbitzari honi zeure promesa,
begirune dizutenei egina.
39Baztertu niregandik iraina, beldur baitiot;
zure erabakiak bakarrik dira on!
40Begira zure legeak nola irrikatzen ditudan:
zuzena zara, biziberri nazazu!
6
41Atzeman nazala, Jauna, zure onginahiak,
zure salbazioak, hitzeman duzunez.
42Izango dut orduan iraintzaileari zer erantzun,
zure hitzaz fidatzen bainaiz.
43Nire mintzoa izan dadila beti egiazkoa,
zure erabakietan baitut itxarobidea.#itxarobidea 119,49.74; 130,5.
44Etengabe jarraituko diot zure legeari, beti eta beti.
45Bide zabaletik ibiliko naiz, zure legeak aztertzen saiatuz.
46Zure legeak erregeen aurrean azalduko ditut lotsarik gabe.
47Zure aginduetan gozatuko naiz, hain maite ditudan aginduetan.
48Agindu maitagarri horiek ditut besarkatzen,
zure arauak darabilzkit gogoan.
7
49Gogora ezazu zeure zerbitzari honi emaniko hitza:
horixe egin duzu nire itxarobide.
50Horixe dut kontsolamendu atsekabean,
zure promesak bainau biziberritzen.#kontsolamendu 1 M 12,9; Erm 15,4.
51Harroputzek gogor egin didate iseka,
baina ni ez naiz zure legetik saihestu.
52Antzinako zure erabakiak gogoratzean,
erabat kontsolatzen naiz, Jauna.
53Haserre-sutan jartzen naiz gaiztoengatik,
zure legea bazter uzten dutenengatik.
54Nik, ordea, babes ditut zure arauak erbestealdi honetan.
55Gauez ere, zure izena dut gogoan,
Jauna, beila-orduetan, zure irakaspena.#Gauez ere 63,7; 119,148; 134,1.
56Hona niri dagokidana: zure legeak betetzea.
8
57Jauna, ene ondasun bakar,
erabakia dut zure hitzak gordetzea#119,57 Jauna… gordetzea: Honela ere itzul daiteke: Nire zoria, Jauna —esaten dut—, zure hitzak betetzea da..#ene ondasun bakar 16,5+.
58Bihotz-bihotzez bilatzen dut zure mesedea:
erruki nitaz, hitzemana duzunez!
59Aztertu dut neure jokabidea,
eta neure pausoak zure xedapenetara nahi ditut bideratu.
60Gogotik lehiatzen naiz, zabarkeriarik gabe,
zure aginduak gordetzen.
61Gaiztoek lakioz inguratu nauten arren,
ez dut zure irakaspena ahaztu.
62Gauerdian jaikitzen naiz zu gorestera,
zure erabakiak zuzenak direlako.#Gauerdian 42,9; Eg 16,25.
63Begirune dizuten guztien lagun naiz,
zure legeak betetzen dituztenen lagun.
64Jauna, zure maitasunaz beterik dago mundua!
Irakatsi niri zeure arauak!#zure maitasunaz beterik mundua 33,5.
9
65On egiozu zeure zerbitzari honi,
Jauna, zeure promesaren arabera!
66Irakatsi niri ongi bereizten eta ezagutzen,
zure aginduez fidatzen bainaiz.
67Atsekabetua izan aurretik, desbideraturik nenbilen;
orain, ordea, zure esana dut betetzen.
68Ona zara zu eta ongilea: irakatsi niri zeure arauak!
69Gezurrez josten naute harroputzek;
nik bihotz-bihotzez betetzen ditut zure legeak.
70Harria bezain gogorra dute bihotza;
nik zure irakaspena dut gozamen.#bihotza gogorra Is 6,10.
71Beharrezkoa nuen atsekabetua izatea, zure arauak ikasteko.
72Zein ona niretzat zure irakaspena,
urre-zilarrezko milaka txanpon baino baliotsuagoa!#urrea baino baliotsuagoa 19,11; 119,127.
10
73Zure eskuek egin ninduten eta eratu:
emadazu adimena, zure aginduak ikas ditzadan.#Zure eskuek egin Dt 32,6; Is 64,7; Jb 10,8.
74Poztu egingo dira, ni ikusiz, zure esaneko direnak,
zure hitzean jarria dudalako itxaropena.#Poztu ni ikusiz 107,42.
75Badakit, Jauna, zuzena zarela zeure erabakietan,
leiala zarelako atsekabetu nauzula.
76Arren, kontsola nazazu zeure maitasunez,
zeure zerbitzari honi hitzeman diozunez.
77Zatozkit zeure gupidaz, biziberri nadin,
zure irakaspena baitut gozamen!
78Geldi bitez lotsaturik engainuz okertu gura nauten harroputzak;
nik zure legeak ditut hausnartzen.
79Betozkit, ordea, zure esaneko direnak,
ezagutu ahal ditzaten zure xedapenak.
80Bego nire gogoa zure arauei erabat emana;
ez dut horrela lotsarik izango.
11
81Urtzen daukat barrena zure salbazioaren irrikaz,
zure hitzaren zain nago;
82begiak erreak ditut zuk hitzemanaren zain:
noiz kontsolatuko nauzu?
83Larru zahar zimurra bezala#119,83 Larru zahar zimurra bezala: H.h., Zahagia ketan bezala. nago;
ez ditut, ordea, zure arauak ahaztu.
84Zenbat egunez bizi naiteke oraindik?
Noiz zigortuko dituzu nire pertsegitzaileak?
85Harroputzek zuloak egin dizkidate bidean,
zure legea aintzat hartu gabe.#zuloak egin 57,7.
86Fidagarriak dira zure agindu guztiak;
maltzurkeriaz pertsegitzen naute: zatozkit laguntzera!#agindu guztiak fidagarriak 111,7+; 119,138.142.151.
87Ia garbitu ninduten lurretik;
baina nik ez nituen zure legeak bazter utzi.
88Babestu nire bizia zeure maitasunez!
Beteko ditut zuk emaniko xedapenak.
12
89Zure hitza, Jauna, betierekoa da,
zerua baino iraunkorragoa#119,89 zerua baino iraunkorragoa: Honela ere itzul daiteke: tinko dago zeruan.!#Zure hitza betierekoa 19,10; 119,152; Is 40,8.
90Zure leialtasunak belaunez belaun dirau,
zeuk finkatu duzun lurrak baino areago!#leialtasuna belaunez belaun 103,17+. lurra finkatu 104,5.
91Gaurdaino diraute zure erabakiz,
gauza guztiak menpeko baitituzu.
92Zure irakaspena izan ez banu gozamen,
honezkero galdua nintzatekeen atsekabez.
93Ez ditut, ez, zure legeak sekula ahaztuko,
horien bidez bainauzu biziarazten.
94Zeurea nauzu: salba nazazu,
zure legeen bila saiatzen naiz eta!#Zeurea nauzu 100,3.
95Gaiztoak zelatan zegozkidan ni galtzeko,
baina ni erne nengoen zure xedapenetara.
96Gauzarik bikainenak ere badu bere muga,
zure agindua bakarrik mugagabea.
13
97Bai dudala maite zure irakaspena!
Bera dut hausnargai egun osoan.#maite dut 40,9; 119,47.113.127.140.159.163.167.
98Zure aginduak etsaiak baino zuhurrago egiten nau,
neurekin baitut aldioro.#zuhurrago egiten Dt 4,6.
99Nire irakasle guztiak baino argiago naiz,
zure xedapenak hausnartzen ditudalako.
100Zaharrak baino trebeago naiz ulertzen,
zure legeak gordetzen ditudalako.#Zaharrak baino trebeago Jkd 4,8-9; 8,10.
101Ez naiz inolako bide txarretatik abiatzen,
zure hitza gordetzearren.
102Ez naiz zure erabakietatik aldentzen,
zeuk baitidazu irakasten.
103A zein gozoa zuk hitzemana, eztia ahorako baino gozoagoa!#eztia baino gozoago 19,11; Si 24,20.
104Zure legeek egiten naute ulertzeko gai;
horregatik, gorroto dut jokabide maltzur oro.
14
105Nire pausoentzat kriseilu da zure hitza,
nire biderako argi.#biderako argi 18,29; 19,9; Es 6,23.
106Zin egin dut eta tinko nago
zure erabaki zuzenak gordetzeko asmoan.
107Biziki atsekabeturik nago, Jauna:
babestu nire bizia, zeure promesaren arabera!
108Har itzazu onez, Jauna, nire otoitzak
eta ezagutarazi niri zeure erabakiak.
109Nire bizia beti arriskuan dagoen arren,
ez dut zure irakaspena ahazten.
110Gaiztoek tranpa jarri didate;
ni, ordea, ez naiz zure legeetatik okertu.
111Zure xedapenak dira nire ondare betiko,
beraiek baitidate barrua pozten.
112Zure arauak betetzera makurtzen dut gogoa:
nire sari dira betiko.#nire sari 119,33.
15
113Fede gaiztokoak ditut gorroto,
eta zure irakaspena maite.
114Zu zaitut ene gordeleku eta babes,
zure hitza ene itxaropen.#Zu ene babes 7,2+.
115Alde niregandik, gaizkileok,
neure Jainkoaren aginduak gorde ahal ditzadan.#Alde niregandik 6,9+.
116Eutsi niri, zeuk hitzeman bezala, eta biziko naiz;
ez dakidala neure esperantza huts gerta.
117Emadazu eskua eta salbatuko naiz,
begi aurrean izango ditut beti zure arauak.
118Mespretxatu egiten dituzu zure arauetatik saihesten direnak,
gezur huts baitira horien egitasmoak.
119Zabortzat dauzkazu munduko gaizto guztiak;
horregatik maite ditut zure xedapenak.#Zabortzat dauzkazu Ez 22,18-22.
120Dardara dagit zure beldur-ikaraz, eta begirune diet zure erabakiei.
16
121Zuzenbidez eta justiziaz jokatu dut:
ez utzi ni zapaltzaileen esku.
122Segurtatu onbidean zeure zerbitzari hau,
ez nazaten harroputzek zapal.
123Erreak ditut begiak zure salbazioaren zain,
zuk hitzemaniko justiziaren zain.
124Jokatu zeure zerbitzari honekin, zure maitasunari dagokionez:
irakatsi niri zeure arauak!
125Zeure zerbitzari nauzu: emadazu adimena,
zure xedapenak ezagut ditzadan.#Zeure zerbitzari 116,16+.
126Ekin, Jauna, ordua da: zure legea hautsi egin dute!#ordua da 69,14; 102,14.
127Nik, ordea, maite ditut zure aginduak,
urrerik finena baino maiteago.
128Zuzen-zuzenak iruditzen zaizkit zure xedapen guztiak,
eta gorroto diot jokabide maltzur orori.
17
129Harrigarriak dira zure xedapenak!
Horregatik ditut gogoan gordetzen.
130Azaldu zeure hitz argigarriak, eman ulermena heldugabeei.#hitz argigarriak 119,105+.
131Aho zabalik nago desiraz, zure aginduen irrika biziz.
132Itzul niregana eta erruki zakizkit,
zure izena maite dutenekin ohi duzun bezala.#Itzuli eta erruki 25,16+.
133Sendo beza zuk hitzemanak nire ibilbidea,
ez nazala inolako txarkeriak mendera.
134Aska nazazu zapaltzaileen eskutik
eta beteko ditut zure legeak.
135Erakutsi aurpegi argia zeure zerbitzari honi,
irakatsi niri zeure arauak!#aurpegi argia 31,17+.
136Ene begiek malko-errekak isurtzen dituzte,
zure irakaspenari jarraitzen ez diotenengatik.
18
137Zintzoa zara zu, Jauna, zuzena zeure erabakietan.#zuzena zeure erabakietan Dt 32,4; Ap 16,7; 19,2.
138Xedapen zuzenak ezarri dituzu, zeharo fidagarriak.
139Maitasun-garrak erretzen nau,
nire etsaiak zure hitzaz ahazten direlako.#Maitasun-garrak erre 69,10.
140Ongi egiaztatua da zuk hitzemana;
maite du, bai, zure zerbitzari honek.
141Txikia naizen arren eta mespretxatua,
ez ditut zure legeak ahazten.
142Zure justizia behin betiko justizia da,
zure irakaspena fidagarria.
143Larriak eta zoritxarrak jota nagoelarik ere,
gozamen ditut zure aginduak.
144Zure xedapenak behin betiko zuzenak:
ulertarazi haiek niri eta biziko naiz.
19
145Bihotz-bihotzez egiten dizut dei:
erantzun, Jauna, eta gordeko ditut zure arauak.
146Dei degizut: salba nazazu,
eta beteko ditut zure xedapenak.
147Eguna argitu baino lehen, deiadar degizut laguntza eske:
zure promesetan dut itxaropen!
148Gau-beilan zuregana zuzentzen ditut begiak,
zuk hitzemana hausnartuz.#Gau-beilan 119,55+.
149Entzun nire ahotsa zeure maitasunez!
Jauna, biziberri nazazu, erabaki duzun bezala!
150Asmo txarrez pertsegitzen nautenak hurbiltzen ari zaizkit,
urrun dira zure legetik.
151Baina hurbil, zu zaitut nik, Jauna;
zure agindu guztiak fidagarriak dira.#Jauna hurbil 34,19; Dt 4,7.
152Aspalditik ezagutzen ditut zure xedapenak,
betidanik baitituzu ezarriak.
20
153Begira nire atsekabeari eta libra nazazu,
ez baitut zure irakaspena ahaztu.
154Defendatu nire auzia eta aska nazazu,
babestu nire bizia, zeuk hitzemanaren arabera!#Defendatu nire auzia 43,1+.
155Urruti dago gaiztoengandik zure salbazioa,
ez baitute jotzen zure arauetara.
156Neurrigabe zara bihozbera, Jauna:
biziberri nazazu, zeure erabakien arabera!#Neurrigabe bihozbera 69,17; 145,9.
157Asko dira pertsegitzen nauten etsaiak;
ez naiz, hala ere, zure xedapenetatik okertzen.
158Desleialak ikusi eta nazka ematen didate:
ez dute zuk hitzemana gogoan hartzen.
159Ikus zein maite ditudan zure legeak!
Biziberri nazazu zeure maitasunez!
160Zure hitzaren funtsa leialtasuna da,
zure betiko erabakien muina justizia.
21
161Jauntxoek arrazoi gabe pertsegitzen naute,
baina zure hitzek bakarrik ikaratzen ni.
162Pozik nago zuk hitzemanagatik,
altxor galanta aurkitu duena baino pozikago.
163Gorroto eta higuin diot maltzurkeriari,
zure irakaspena dut maite.
164Egunean zazpi aldiz goraipatzen zaitut,
zeure erabaki zuzenengatik.
165Bake-bakean bizi dira zure legea maite dutenak:
ez da ezer eroraraz ditzakeenik.
166Zure salbazioa espero dut, Jauna, eta zure aginduak betetzen.
167Gogoan hartzen ditut zure xedapenak eta biziki maite.
168Betetzen ditut zure lege eta xedapenak:
begi aurrean dituzu nire ibilbide guztiak.
22
169Hel bedi zureganaino, Jauna, nire deiadarra:
egin nazazu ulertzeko gai, zeure promesaren arabera!#Hel bedi 102,2+.
170Irits dadila zure aitzinera nire erregua:
libra nazazu, zeuk hitzeman bezala!
171Isur bezate nire ezpainek zure gorespena,
zeure arauak irakatsi baitizkidazu.
172Iragar beza nire mihiak behin eta berriz zure promesa,
zuzenak baitira zure agindu guztiak.
173Luza eskua niri laguntzeko,
zure legeak aukeratu ditudanez gero.
174Zure salbazioaren irrikaz nago, Jauna,
eta zure irakaspena dut gozamen.
175Bizi nadila luzaro zu goresteko,
lagun diezadatela zure erabakiek!
176Ardi galduaren gisa desbideratuko banintz,
bilatu zuk zeure zerbitzari hau,
ez baititut zure aginduak ahazten.#Ardi galduaren gisa Is 53,6; Jr 50,6; Ez 34,6. bilatu zuk Lk 15,4-7; 1 P 2,25.

Currently Selected:

SALMOAK 119: EAB

Highlight

Copy

Compare

Share

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in