IRTEERA 38
38
Erre-oparien aldarea eta brontzezko uraska
(27,1-8; 30,17-31)
1Akazia-zurez egin zuen erre-oparien aldarea, karratua: bi metro eta erdi luze-zabal eta metro eta erdi gora. 2Lau adar egin zizkion lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea. 3Egin zituen aldarerako tresnak ere: txingar-ontziak, palak, isipu-ontziak, sardexkak eta errautsontziak, brontzezkoak guztiak. 4Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-ertzaren azpian ipini, aldare erdiraino jaisten zelarik. 5Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetarako, haietatik hagak pasarazteko. 6Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen, 7eta aldare-alboetako eraztunetatik sartu zituen, aldarea eramateko. Oholez egin zuen aldarea, barrua hutsik.
8Uraska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeen#sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeak 1 Sm 2,22. ispiluetako brontzez baliatuz.
Egoitzako ataria
(27,9-19)
9Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurrituzko oihalak, berrogeita hamar metro luzekoak; 10hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak; 11iparraldetik, berrogeita hamar metro luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 12mendebaldetik, hogeita bost metro luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 13ekialdetik, hogeita hamabost metro luzeko oihalak: 14sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin, 15eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin. 16Atari inguruko oihal guztiak liho-hari bihurrituzkoak ziren; 17zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.
18Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala. 19Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak. 20Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.
Egoitzan erabilitako metalak
21Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen. 23Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
25Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera; 26erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera. 27Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo. 28Gainerako hemeretzi kiloak, kakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainak estaltzeko erabili ziren.
29Jaunari oparitzat aurkezturiko brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen; 30brontze honetaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sarrerako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guztiekin, 31etxola inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.
Currently Selected:
IRTEERA 38: EAB
Highlight
Copy
Compare
Share
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso