IRTEERA 37
37
Itun-kutxa
(25,10-22)
1Betzalelek akazia-zurezko kutxa egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora. 2Urre garbiz urreztatu zituen barne eta kanpoaldeak, eta urrezko hegala ezarri zion inguru guztian. 3Urrezko lau eraztun urtu zituen kutxaren lau oinentzat, bi eraztun albo baterako eta bi besterako. 4Akazia-zurezko hagak egin zituen eta urreztatu, 5eta kutxaren bi alboetako eraztunetatik sarrarazi, kutxa eraman ahal izateko.
6Urre garbizko estalkia egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal; 7estalkiaren bi ertzetan bi izaki hegaldun egin zituen, urrez landuak, 8bata ertz batean eta bestea bestean, estalkiarekin gorputz bat bera egiten zutelarik. 9Hegoak zabalik zeuzkaten estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru zeuden, estalkiari begira.
Ogien mahaia
(25,23-30)
10Akazia-zurezko mahaia egin zuen: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora. 11Urre garbiz urreztatu zuen eta urrezko hegala ezarri inguru guztian. 12Zortzi zentimetro zabaleko uztai batez hornitu zuen, eta urrezko ertza egin uztaiari. 13Urrezko lau eraztun egin zizkion eta lau oinen ertzei erantsi, 14uztaiari atxikiz; haietatik hagak sarrarazi zituen mahaia eramateko eran. 15Mahaia eramateko hagak akazia-zurez egin zituen eta urreztatu. 16Mahaiko tresnak ere egin zituen: isur-oparietarako azpil, erretilu, katilu eta pitxerrak; urre garbiz egin zituen.
Argimutila
(25,31-40)
17Urre garbizko argimutila egin zuen, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egiten zuten; 18bi alboetatik sei beso ateratzen zitzaizkion, hiruna beso albo bakoitzetik. 19Argimutilaren gerritik ateratzen ziren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti; 20gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti. 21Argimutilaren gerritik ateratzen ziren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa zuen behealdean. 22Beso eta kopek gorputz bat bera egiten zuten argimutilarekin. Guztia urre garbiz landua zen. 23Zazpi kriseilu egin zituen urre garbiz; su-hatzak eta errautsontziak ere urre garbizkoak ziren. 24Hogeita hamabost kilo urre garbi erabili zituen argimutila eta hornigaiak egiteko.
Intsentsu-aldarea
(30,1-10.22-38)
25Akazia-zurezko intsentsu-aldarea egin zuen, karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egiten zuten aldarearekin. 26Urre garbiz estali zituen gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta urrezko hegala ezarri inguruan. 27Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarri zizkion, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko. 28Hagak akazia-zurez egin zituen eta urrez estali. 29Sagarapenetarako gantzuketa-olioa eta intsentsu usaintsu garbia ere prestatu zituen, lurringileek egin ohi duten eran.
Currently Selected:
IRTEERA 37: EAB
Highlight
Copy
Compare
Share
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso