IRTEERA 39
39
Apaiz-jantziak
(28,1-5)
1Purpura more, gorri eta gorriminez egin zituzten santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak. Aaronen jantzi sakratuak ere egin zituzten, Jaunak Moisesi agindu bezala.
Efoda
(28,6-14)
2Efoda, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egin zuten. 3Urre-xaflak egin eta xaflak hari bihurtuz, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina urre-hariz bordatu zituzten. 4Bi sorbalda-babeski egin zizkioten efodari, bi ertzetatik lotzeko. 5Ertzak lotzeko xingola efodari atxikia zegoen, eta, efoda bera bezala, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egina, Jaunak Moisesi agindu bezala. 6Onize harriak urre-begietan sartu zituzten, eta haietan Israelgo leinuen izenak zizelkatu, zigilu batean bezala. 7Gero, efodaren sorbalda-babeskietan ipini zituzten, israeldarren oroigarri gisa, Jaunak Moisesi agindu bezala.
Bularrekoa
(28,15-30)
8Epaiketarako bularrekoa artelanez egin zuten, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua. 9Bitan tolestatua zegoen eta karratua zen: hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal. 10Lau errenkada-harribitxiz estali zuten: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda; 11bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa; 12hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista, 13eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartu zituzten. 14Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakoitzean izen bat zegoen zizelkatua, zigilu batean bezala. 15Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin zizkioten soka bihurrituen antzera. 16Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi ertzei erantsi zizkieten; 17urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan katigatu zituzten, 18eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarriei itsatsi, efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik lotuz. 19Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturrei erantsi zizkieten, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik. 20Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, ipini, efodaren xingola baino goraxeago. 21Bularrekoaren eraztunak efodarenei purpura morezko lokarriz lotu zizkieten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia, Jaunak Moisesi agindu bezala.
Beste jantzi sakratuak
(28,31-43)
22Mantua purpura morez ehundua zen; 23erdian buruarentzat zuloa zuen, eta zuloaren inguru-ertza bular-oskola bezain urraezina. 24Mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zuten. 25Urre garbizko txilinak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-ertz guztian granadekin tartekatu: 26txilinak eta granadak, txandaka; liturgi zerbitzurako erabiltzen zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.
27Aaronentzat eta beronen semeentzat tunikak egin zituzten liho finez ehunduak; 28baita liho finezko buruzapi eta kapela apainduak ere, eta liho-hari bihurrituzko galtzak; 29gerrikoa purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatua zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.
30Urre garbizko xafla, diadema sakratua, egin zuten, eta, zigilu batean bezala, hitz hauek idatzi bertan: «Jaunari sagaratua». 31Gero, buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik ezarri zuten, Jaunak Moisesi agindu bezala.
32Honela burutu zen egoitzaren, elkarketa-etxolaren, eraikuntza. Israeldarrek zehatz-mehatz egin zuten guztia, Jaunak Moisesi agindu bezala.
Egindako lan guztia Moisesi ekarri
33Orduan, egindako guztia israeldarrek Moisesi aurkeztu zioten: egoitza, elkarketa-etxola eta hango tresneria: katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oinak;#lanen zerrenda Ik. 1 Erg 7,40-50. 34gorriz tindaturiko ahari-larruzko estaldura, larru finezko estaldura, kutxa estaltzeko errezela; 35itun-kutxa eta beronen hagak eta estalkia; 36mahaia bere tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia; 37urre garbizko argimutila, kriseiluak, lerrotan jarriak, hornigai guztiak eta argitarako olioa; 38urrezko aldarea, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, etxolaren sarrerako oihala; 39brontzezko aldarea bere brontzezko sarearekin, haren haga eta tresna guztiak, uraska eta oina; 40atariko oihalak, zutabeak eta oinak, atari-sarrerako oihala, atariko sokak eta hesolak; elkarketa-etxolaren egoitzako zerbitzurako tresna guztiak; 41santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak.
42Jaunak Moisesi agindu bezala egin zituzten israeldarrek lan hauek guztiak, 43eta, Jaunak agindu bezala zehatz-mehatz egin zituztela ikusirik, Moisesek israeldarrak bedeinkatu egin zituen.
Currently Selected:
IRTEERA 39: EAB
Highlight
Copy
Compare
Share
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso