YouVersion Logo
Search Icon

SALMOAK SARRERA

SARRERA
Otoitzean ageri ditu batik bat gizakiak Jainkoarekin dituen harremanak. Negar, damu, esker on, erregu, harridura, aitorpen…: Jainkoaren aurrean giza bihotzari darizkion hainbat sentipen. Sentipenok jaulkitzeko hitzaren dohaina duenak otoitza poesi bihurtzen du. Eta poemari doinua ezarriz, otoitza kantu. Otoitz, poema eta kantu: horra zer ditugun Salmoak. «Salmo» hitzak horixe esan nahi du: soinuz eta kantuz egiteko otoitza.
Ingurugiro historikoa
Israelen historia osoan zehar sorturiko ehun eta berrogeita hamar otoitz-kanturen bilduma dugu Salmoak liburua. Egile askorenak, beraz, eta garai askotakoak, bakoitza noizkoa den zehatz esaterik ez dagoelarik.
Salmoen bilduma dagoen horretan osatua zegoen K.a. III. menderako. Zenbait salmo, ordea, askoz ere zaharragoak dira, Israel bera baino ere zaharragoak batzuk, Israelek beretzat hartuak, bere sinesmenera egokiturik. Herriaren historia bera islatzen du, bada, osorik salmoen konposizio-historiak.
Salmoen kokagune berezi bezala, tenplua eta kultua aipa daitezke. Izan ere, salmo asko kulturako —jai eta ospakizunetarako— sortu ziren zuzenean; beste asko, berriz, bestelako jatorria izan arren, kultu-premietara egokitu. Esan daiteke, beraz, Salmoak liburua tenplu eta sinagogako kantu-liburua izan dela, kristau-elizaren otoitz-liburu bilakatu baino lehen.
Ezaugarri nagusiak
Salmo askok, 116k denera, titulua daramate, guretzat maiz ulergaitza: batzuetan, salmoa norbaiten izenpean jartzen da, bilduma gisakoak osatuz: «Daviden salmoak» (3—41; 51—71; 108—110; 138—145), «Koreren semeenak» (42—49; 84—85; 87—88) eta «Asafen semeenak» (50; 73—83), nahiz eta izen hauek zuzenean egilea adierazi ez; beste batzuetan, liturgi erabilerarako oharrak ematen dira: salmoa zein doinuz eta musika-tresnaz laguntzekoa den, zein liturgi ospakizunetan erabiltzekoa, etab.; beste batzuetan —Daviden izeneko salmoetan batik bat— datu historikoak ematen zaizkigu, salmoa errege horren bizitzako pasadizoren bati lotzen zaiolarik.
Hebreerazko testuan, 150 salmoak bost liburu edo sailetan banaturik datoz (1—41; 42—72; 73—89; 90—106; 107—150), zergatik eta zertarako ez dakigula. Sail bakoitza bedeinkazio batez bukatzen da.
Salmoei beraiei begiratuz, bestelako sailkapenak ere proposa daitezke. Esate baterako, Jainkoari ematen zaion izenaren arabera: «Jahweh» (3—41; 90—150) edo «Elohim» (42—83).
Tradizioan, baita I.B.ko aipamenetan ere, David agertzen zaigu Salmoak liburu osoaren egiletzat. Hala ez izanik ere, iritzi horrek badu oinarririk, errege hori izan baitzen Israelen kultua antolatu zuena eta Israelgo poesia erlijiosoaren eragilerik nagusienetakoa. Hain zuzen, 2 Sm 23,1ean «Israelgo kantari eztia» deitzen zaio.
Salmo bakoitzaren «literatur mota» eta sailkapena kontuan hartzeak asko lagun dezake barne-zentzuaz hobeto jabetzen. Hamaika sailkapen desberdin egin daitezke. Hona gurea:
1. Gorazarreak: Jainko kreatzailearen handitasuna eta historian zehar bere herriaren alde egin dituenak ospatzen dituzte (Sal 8; 19; 29; 33; 100; 103—105; 111; 113; 114; 117; 135; 136; 145—150). Jainkoa errege gisa goratzen du zenbait gorazarrek (Sal 93; 96—99). Hemen sar daitezke «errege-salmoak» eta «Sionen kantak» ere (ik. geroxeago).
2. Eskariak: Salmorik gehienak atsekabe edo arriskuan Jainkoari zuzenduriko eskari edo erregu dira, eta honako egitura hau izan ohi dute oro har: egoeraren deskripzioa, Jainkoari laguntza-eskea, Jainkoarekiko konfiantza-aitorpena. Hiru sail bereiz daitezke: erregua edo deitore/kexa adierazten dutenak, lagun bakarrarenak (Sal 5—7; 13; 22; 25; 26; 28; 31; 35; 36; 38; 39; 42; 43; 51; 54—57; 59; 61; 63; 64; 69—71; 86; 88; 102; 109; 120; 130; 140—143) nahiz elkarte osoarenak (Sal 12; 44; 58; 60; 74; 79; 80; 83; 90; 94; 108; 123; 137); konfiantza-otoitzak: hauek ere lagun bakar batenak (Sal 3—4; 11; 16; 23; 27; 62; 121) nahiz elkartearenak (Sal 115; 125; 129); eta esker oneko otoitzak, Jainkoak eskaria entzun ondoren eginak (9—10; 30; 32; 34; 40,2-12; 41; 92; 107; 116; 138); erreguak ere maiz esker ona adieraziz bukatzen dira.
3. Errege-salmoak: Erregearen otoitzak edo erregearen aldeko otoitzak, baita «salmo mesianikoak» ere (Sal 2; 18; 20; 21; 45; 72; 89; 101; 110; 132; 144). Hauetako batzuk Itun Berriak Kristori, Mesiasi, aplikatu dizkio.
4. Erromes-salmoak: Israelen jai nagusietan Jerusalemera erromes zihoazenek kantatu ohi zituztenak (Sal 120—134). Sail berean sar daitezke Sionen kantak ere, Jerusalem Jainkoaren hiri bezala ospatzen dutenak (Sal 46; 48; 76; 84; 87; 132).
5. Irakaspen-salmoak edo didaktikoak: Fededun bakoitzari edo taldeari nola bizi, nola jokatu edo beste zerbait irakatsi nahi diotenak. Lau sail xeheago bereiz daitezke: historikoak, Jainkoak historian zehar eginaren berri ematen dutenak (Sal 78; 105; 106); liturgikoak, tenpluan sartzeko behar diren baldintzak gogorarazten dituztenak (Sal 15; 24; 91; 95; 134); profetikoak, orakulu, agintzari, salaketa eta bestez itunaren eskakizunak agertzen dituztenak (Sal 14; 50; 52; 53; 75; 81); jakinduriazkoak, hau da, legearen hausnarketa, zintzo eta gaiztoei buruzko gogoeta eta, batik bat, Jainkoaren ordainaren arazoa gai dutenak (Sal 1; 37; 49; 73; 112; 119; 127; 128; 133; 139).
Hala ere, sailkapen hauek ez dira zorrotz hartzekoak. Titulu gehienetan, salmo bakoitzaren literatur mota adierazi nahi izan dugu.
Israelen otoitz ditugu salmoak. Jesusek ere kantatu zituen (adib., Mk 14,26), eta aipatu ere bai maiz, nahiz irakaspenean (Mk 12,10; 12,36), nahiz otoitzean (Mk 15,34; Lk 23,46). Lehen kristauek ere salmoekin egiten zuten otoitz (ik. Eg 4,24-26). Minez aieneka nahiz pozez oihuka, konfiantza gozoz nahiz kexu garratzez, Jainkoarengana jo nahi duen edonork iturri agortezina ditu salmoak.

Currently Selected:

SALMOAK SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy