YouVersion Logo
Search Icon

MIKEAS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Isaias profetaren garaikidea dugu Mikeas, eta Amos baino zertxobait geroagokoa. Judearen hegoaldeko herrixka bateko nekazaria zen izatez, eta Jerusalemen bete zuen bere profetagintza K.a. 725etik 701era gutxi gorabehera.
Iparraldeko erreinua eta bertako hiriburu Samaria asiriarren esku erori dira (K.a. 722/721ean) eta Judako erreinua asiriarren morroi bihurtu. 705ean, Asiriaren kontrako altxamenduan parte hartzen du Judako erreinuak, Ezekias erregeak hala erabakita; hori dela eta, Senakeribek Juda inbaditu eta Jerusalem setiatzen du; dena den, bestelako arrazoiak zirela bide, setioari utzi eta alde egiten du, baina Ezekias zerga ordaintzera behartuz. Asiriarren mehatxupe horretantxe predikatu zien Mikeasek Judako biztanleei.
Amosek Israelen bezalaxe, Mikeasek ere gogor salatu zituen Judako buruzagien herriarekiko arduragabezia, gizarte-injustiziak, kultu arrotzak eta idolatria.
Ezaugarri nagusiak
Mikeasen liburuak mezu bikoitza dakarkigu txandaka: epai-zigorren iragarpena batetik (1—3 eta 6,1—7,7), salbamen-agintzaria bestetik (4—5 eta 7,8-20). Amos, Oseas eta bere garaikide Isaiasen mezu bera du Mikeasek, haiena bere eginik.
Ausardiaz ematen die aurpegi garaiko handikiei: lur-jabe aberats, agintari, epaile eta apaizei. Baita hitz lasaigarriz jendea liluratzen duten sasiprofetei ere. Jainkoaren herri direla eta, jendeak Jainkoaren babesean duen sasi-ustea salatzen du; izan ere, idolatriak eta injustiziek urratua dute Jainkoaren eta herriaren arteko ituna, eta iparraldekoek jasan duten zigor bera datorkie gainera.
Baina Mikeasen predikazioa ez zen salaketa hutsa izan, Jainkoaren eskakizunen azalpena ere baizik. Justizia egin, samurki maitatu, Jainkoaren aurrean apalki bizi: horra Jainkoaren borondatea eta egin beharreko aukera (6,8). Gerorako, ziurtasun pozgarria eskaintzen du: bizirik geldituekin herri berria osatuko du Jainkoak, berak aukeraturiko erregearen gidaritzapean (5,1-4a). Hark ekarriko du bakea. Eta Jerusalemen bilduko dira nazioak Jaunari entzutera (4,1-5).
Eskema
—Jainkoak Juda eta Israelgo erreinuak salatu (1,1—3,12).
—Jainkoak salbamena eta errege berria agindu (4,1—5,14).
—Jainkoa bere herriaren aurka auzitan (6,1—7,7).
—Herriaren itxaropena eta otoitza (7,8-20).

Currently Selected:

MIKEAS SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy