YouVersion Logo
Search Icon

2 KORINTOARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Korintoko elkarteari eginiko bigarren gutun hau ere Paulorena da. 56. urteko Pazko inguruan idatzi zien gutunak (1 Korintoarrei gutunak) ez zituen gauzak baretu, ezta Timoteoren ikustaldiak ere, Paulok bidalirik joan bazen ere. Korintoko elkarteko askok, Pauloren aurka jarririk, ukatu egiten zuen beraren aginpidea, Jerusalemdik apostoluen gomendiozko gutun batekin etorri ziren judu-kristau batzuen eraginez. 56ko udan Korintotik Efesora itzuli eta hango egoeraren berri eman zion Timoteok Paulori. Orduan, Paulo bera joan zen Korintora (1,23—2,1); baina ez zuen egoera zuzentzea erdietsi. Korintoar batek denen aurrean atsekabetu zuen Paulo edota Pauloren laguntzaileetako bat (2,5-11; 7,12; 11,1-15). Ikustaldia laburra izan zen eta, berriro itzultzeko asmoz (1,15-16), Efesora itzuli behar izan zuen bizkor. Handik gutun bat idatzi zien «negarrez» (2,3-4) 57. urtearen hasiera aldera. 10—13 kap.etako pasartea gutun honen zatia dateke.
Efesotik ere atera beharra izan zuen, norbaitzuekin izan zuen eztabaidagatik (1 Ko 15,32). Mazedoniara jo zuen. Han elkartu zen Korintotik zetorren Titorekin. Honek jakinarazi zion, goraxeago aipatu gutunaren ondorioz Korintoko elkartea baretu zela, zatiketak desagertuz zihoazela, apostoluaren aginpidea onartzen zutela eta Pauloren kontra asaldatu zena zigortzeko prest zeudela. Berri hauek jakinik, berriro idatzi zien Paulok, 57. urtearen azken aldera, bere poza adieraziz eta korintoarrei egin nahi zien hirugarren ikustaldia prestatzeko (13,1).
Gutunaren hari nagusiak
Esan dezagun aurrez, zenbait ikertzaileren ustetan, 2 Ko gutun hau Paulok korintoarrei idatzitako lauzpabost gutun-zatiren bilduma izan daitekeela, zati horietan nabari diren estilo eta gai desberdinak kontuan izanik:
—2,14—7,4 atala Paulok 56ko udan idatzitako gutun baten zatia dateke. Paulok bere apostolu-izatea eta eginkizuna defendatzen ditu eta sasiapostoluak salatzen;
—10—13 atala 57aren hasieran «negarrez» idatzitako gutunaren zatia dateke;
—1,1—2,13 eta 7,5-16 pasarteak 57aren azken aldera, Titoren bitartez berri pozgarriak jakin ondoren idatzitako gutunaren zatiak dira, agian;
—8—9 atalean, berriz, Jerusalemgo elkarte behartsuari laguntzeko diru-eskea eginez idatzitako beste bi gutunen zatiak egon daitezke bilduak.
2 Ko gutun honetan, zenbait gutun-zatiren bilduma izan daitekeen arren, gai bat dago azpimarratua: Paulok bere apostolu-izateaz eta eginkizunaz egiten duen defentsa. Berak Korintoko elkartearen baitan egina eta izan duen jokaera aipatzen dituen zatia da luzeena (1,12—7,16). Bere apostolu-lanaren gorabeherak, atsekabeak eta atseginak, arriskuak eta pozaldiak adierazten dizkie.
Hurrengo atalean, Jerusalemgo elkartearentzat egin beharrekoa den diru-bilketaz mintzo da (8,1—9,15). Jesu Kristoren eskuzabaltasuna jartzen die ikasbidetzat, eta Mazedoniako elkartearena ere aipatzen die. Jainkoari eskerrak emateko aukera eskainiko die hartzaileei diru-bilketak, eta kristau-elkartasuna azaltzeko eta sinesmenean denak bateragotzeko balio izango du.
Gutunaren azken zatia (10,1—13,10) bere apostolu-izatea defendatzen ematen du Paulok. Beraren etsaiek zabaldu dituzten gezurrezko salakuntzei, kalumniei, erantzuten die: horiek sasiapostolu dira, gezurrezko langile, apostolu-itxura baizik ez dutenak; Satanasen zerbitzari dira. Hori esateko, ebanjelioa hots egite-lanean jasan behar izan dituen neke eta atsekabeak hartzen ditu oinarri, baita izan dituen goi-agerpenak ere. Oso kezkatua dago Paulo korintoarren artean eztabaidak, haserreak, nahasmenduak aurkituko dituelakoan. Hala ere, maitekiro mintzo zaie, elkartea eraikitzeko baita Jaunarengandik hartu duen aginpidea. Baina zentzarazteko ere bai: Korintora hirugarren aldiz joatean, bai-bainaka ez dela ibiliko esaten die, gauzak behar bezala erabakiko dituela baizik.
Elkarteari adore emanez eta agur eginez bukatzen du gutuna (13,11-13).
Eskema
—Agurra eta sarrera (1,1-11).
—Pauloren jokaera korintoarren artean (1,12—7,16).
—Diru-bilketa Jerusalemgo kristauen alde (8,1—9,15).
—Paulo bere apostolutzaren alde (10,1—12,21).
—Amaiera (13,1-13).

Currently Selected:

2 KORINTOARREI SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy