Skip to content

2 KRONIKAK 9

9
Sabako erregina Salomon ikustera
(1 Erg 10,1-13)
1Salomonek nolako izena zuen aditurik, Sabako#9,1 Saba: Arabiar penintsularen hegoaldeko lurraldea. erregina etorri zitzaion, asmakariak ipiniz probatzera. Lagun-talde handia berekin zuela, usaingarriz, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak zekartzala heldu zen Jerusalemera. Salomonengana joanik, buruan zituen arazo guztiez mintzatu zitzaion. 2Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik. 3Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia, 4nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zein lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, baita nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean ere, eta harri eta zur gelditu zen. 5Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena. 6Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede! Erdia ere ez zidaten esan zure jakinduriaren handiaz! Aditua nuena baino askoz handiagoa da zure ospea. 7Dohatsua zure jendea, dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzariak! 8Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, bere errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu bera zerbitza dezazun! Beti iraunaraziko du zure Jainkoak Israel, maite duelako, eta zu egin zaitu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazun».
9Gero, Sabako erreginak lau mila kilo urre baino gehiago eta, gainera, egundoko usaingarri- eta harribitxi-multzo handia eman zion erregeari. Ez zen behin ere izan Sabako erreginak Salomon erregeari eman ziona bezalako usaingarririk.
10Bestalde, Huram erregearen itsasgizonek, Salomonekin batera, Ofirko urreaz gainera, zur bikaina#9,10 zur bikaina: Honela ere itzul daiteke: sandalo-zura. eta harribitxiak ere ekarri zituzten. 11Erregeak sandalo-zurez Jaunaren etxea eta bere jauregia jantzi eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Ordu arte ez zen ikusi halakorik Juda lurraldean.
12Salomon erregeak ere Sabako erreginak nahi izan eta eskatu zion guztia eman zion, Sabakoak Salomoni erregalatua ziona baino gehiago. Ondoren, erregina bere herrialdera itzuli zen bere zerbitzariekin.
Salomonen aberastasunak
(1 Erg 10,14-25.26-28 eta 2 Kro 1,14-17)
13Urte oroz Salomoni hogeita bi mila kilo inguru urre etorri ohi zitzaion, 14eta hori, bidaiariek eta merkatariek, Arabiako errege#9,14 Arabiako erregeak: 1 Erg 10,15eko testu paraleloan mendebaldeko erregeak dator. guztiek eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten urre-zilarrak zenbatu gabe.
15Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik. 16Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko hiru kilo eta erdi urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian#9,16 Libanoko Oihana zeritzan jauregia: Ik. 1 Erg 7,2 eta oh. ipini zituen. 17Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen erregeak, eta urre hutsez jantzi. 18Sei maila zituen errege-aulkiak eta, berari atxikiak, oin-aulkia#9,18 oin-aulki: 1 Erg 10,19an esaten denez bizkarralde biribila zuen errege-aulkiak. eta jarlekuaren alde banatan, besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik, 19eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula halakorik egin. 20Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren, eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregiko ontzi guztiak ere urre hutsezkoak. Zilarra ez zuten aintzakotzat hartzen Salomonen garaian. 21Izan ere, bazituen erregeak, Huram erregearen itsasontziekin batera, Tarsisera joan ohi ziren merkataritza-ontziak; hiru urtez behin, ur handietako merkataritza-ontzi#9,21 ur handietako merkataritza-ontzi: Ik. 1 Erg 10,22 eta oh. haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beteak itzuli ohi ziren.
22Salomon erregea lurreko beste errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen. 23Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko. 24Etortzen zirenek nork bere esku-erakutsia ekarri ohi zion: zilarrezko nahiz urrezko gauzak, janzkiak, armak, usainkiak, zaldiak, mandoak. Eta horrelaxe urte oroz.
25Salomonek lau mila zalditegi zituen, guda-gurdiak eta zaldiak gordetzeko, baita hamabi mila zaldun#9,25 zaldun: Honela ere itzul daiteke: zaldi. ere; hirietako gudari-tokietan eta bere ondoan, Jerusalemen, bildu zituen. 26Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino errege guztiak menpeko zituen. 27Salomon erregeak zilarra harriak bezain ugari bildu zuen Jerusalemerako, eta zedroak ere Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezainbat. 28Mutzritik#9,28 Mutzritik: Ik. 1 Erg 10,28 oh. eta herrialde guztietatik ekartzen zituen Salomonek zaldiak.
29Salomonen gainerako jarduerak, lehenengotik azkenera, liburuotan daude idatziak: «Natan Profetaren Kronika», «Xiloko Ahiasen Profezia» eta Nebaten seme Jeroboami buruz «Ido Ikusleak Izaniko Ikuskariak» izeneko liburuetan#9,29 Tx. honetan aipatzen diren liburuok ez zaizkigu kontserbatu.. 30Berrogei urtez izan zen Salomon Israel osoko#9,30 Israel osoko: Herri osoaren errege izan zela esan nahi da, bai hegoaldeko leinuen, bai iparraldeko leinuen errege. Salomon hiltzean, hegoaldekoek Judako erreinua eratuko zuten eta iparraldekoek Israelgoa. errege Jerusalemen. 31Hil zenean, beraren aita Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Roboam izan zen.