2 KRONIKAK 7
7
Jaunari sakrifizioak eskaini
(1 Erg 8,62-66)
1Salomonek otoitza bukatzean, zerutik jaitsitako suak kiskali egin zituen erre-opariak eta eskaintzak, eta Jaunaren aintzak bete zuen tenplua. 2Apaizak ezin ziren Jaunaren etxean sartu, Jaunaren aintzak betetzen baitzuen tenplua. 3Israeldar guztiek, sua jaitsi eta Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikustean, lurreraino makurturik, Jauna adoratu eta goretsi zuten, esanez: «Ona baita, haren maitasuna betikoa baita».
4Erregeak, herri osoarekin, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari. 5Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomon erregeak. Horrela sagaratu zioten tenplua Jainkoari erregeak eta herri osoak. 6Apaizak beren tokian zutik zeudelarik, lebitarrek, David erregeak Jauna goresteko egin zituen musika-tresnak eskuetan, Davidek berak asmaturiko kantua abesten zuten: «Haren maitasuna betikoa baita». Haien aurrez aurre, beste apaiz batzuek turutak jotzen zituzten. Israeldarrak zutik zeuden.#apaizen eta lebitarren musika-tresnak Esd 3,10.
7Salomonek Jaunaren etxe aurreko atariaren erdigunea sagaratu egin zuen, erre-opariak eta elkartasun-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Salomonek eginiko brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-opari eta gantz hartzeko.
8Orduan, Salomonek, Israel osoarekin batera, Etxola Jaia ospatu zuen zazpi egunez. Jendetza handia batzartu zen, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko erreka#7,8 Hamateko sarreratik… Egiptoko errekara: Esaera hau agindutako lurraldearen mugetako bat adierazteko erabili ohi da (ik. 1 Erg 8,65 oh.). bitarteko lurralde guztietatik etorria. 9Aldarea sagaratzeko jaia zazpi egunez egin ondoren, zortzigarrenean biltzar nagusia egin zuten; jaiak zazpi egun iraun zuen#7,9 jaiak zazpi… zuen: Honela ere itzul daiteke: ondoren, jaiak beste zazpi egun iraun zuen.. 10Ondoren, zazpigarren hilaren hogeita hiruan, Salomonek etxera#7,10 etxera: H.h., oihal-etxoletara. bidali zuen jendea; hau, alai eta bihotza bozkarioz beterik joan zen, Davidi, Salomoni eta bere herri Israeli Jaunak egin zien onarengatik.
Jauna berriro agertu Salomoni
(1,7-12 eta 1 Erg 9,1-9)
11Salomonek Jaunaren etxea eta jauregia eta haietan egin nahi izan zuen guztia bukatu zituenean, 12Jaunak gauez agertu eta esan zion: «Entzun dut zure otoitza, eta toki hau hautatu dut opariak bertan eskain diezazkidaten. 13Nik zerua itxi eta euririk ez egitean, larrapoteei lurralde hau irensteko agintzean edota nire herriari izurritea bidaltzean,#euririk ez egitean 6,14-42. 14niretzat sagaratua den herriak apal-apal otoitz egiten badit, bere bide okerrak utzirik niregana jotzen badu, entzungo diot zerutik, barkatuko dizkiot bekatuak eta indarberrituko lurraldea. 15Aurrerantzean onez ikusiko eta entzungo dut toki honetan eginiko otoitza. 16Izan ere, tenplu hau hautatu eta sagaratu dut, beti nire bizileku izan dadin. Hemen izanen ditut beti neure begi-bihotzak.
17«Eta zu nire aurrean zuen aita David bezala, nik agindu dizudan guztiaren arabera, nire lege eta erabakiak betez, ibiltzen bazara, 18iraunaraziko dut zure erregetza. Honako hau hitzeman bainion zuen aita Davidi: “Beti izanen duzu zeure ondorengoetako bat Israel gobernatzeko”.
19«Baina urruntzen bazarete, nik emandako lege eta aginduak betetzen ez badituzue, beste jainko batzuk zerbitzatzera jo eta haien aurrean ahuspezten bazarete, 20bota egingo zaituztet eman nizuen lurraldetik. Zapuztu egingo dut neuretzat sagaratu dudan etxe hau, eta koplak atera eta barre egingo diote herri guztiek. 21Eta hain bikaina den tenplu honen aurretik igaroko diren guztiek, harriturik, esango dute: “Zergatik egin ote die hau Jaunak lurralde honi eta tenplu honi?” 22Eta erantzungo diete: “Egiptotik atera zituen Jauna, beren gurasoen Jainkoa, utzi eta jainko arrotzengana jo dutelako, haien aurrean ahuspeztuz eta haiei kultua emanez. Horregatik ekarri die Jaunak honelako zoritxarra”».
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso