YouVersion Logo
Search Icon

ERROMATARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Paulo apostolua da gutun honen egilea, Tertzio izeneko bati diktatu eta honek idatzia (16,22) Erromako eliz elkarteari bidaltzeko. Izan ere, ekialdeko herrialdeetan, Asia Txikian eta Grezian, urte luzez ibili ondoren, Paulok mendebalderantz joatea erabaki zuen, Espainiaraino, Erroman barna eta, bidenabar, Erromako elkartea ikusi eta ezagutu (15,23-24).
Inperioko hiriburu ospetsua zen Erromako kristau-elkartea ez zen Paulok sortua. Seguruenik, Palestinatik etorritako judu-kristauek Erroman bizi ziren juduen artean sortua zen, datu zehatzik ez dugun arren. Baina juduak ez ezik, judu ez zirenak ere —jentilak, alegia— sartuak ziren Erromako eliz elkartean. Elkartekideak, eskuarki, behe-mailetako jendea ziren: esklabo, langile, artisau eta merkatari xume. Uste denez, jentil izaniko kristauak ditu bereziki gogoan Paulok, gutun hau, segur aski Korintotik 57. eta 58. urte arteko neguan, idaztean.
Erromako elkartea, beraz, ez zuen Paulok ongi ezagutzen, beraien zenbait berri bazuen arren. Horregatik, Paulok ez du aipatzen Erromako elkartearen arazo berezirik, baina bai elkarte hura ikustera eta sinesmenean sendotzera (1,12) joateko duen gogoa (15,22-23). Izan ere, aurrez aurre ikusi nahi du Erromako kristauen sinesmen ospetsu eta goraipatua (1,8-13). Paulok gutun honen bidez bere ikustaldia prestatu nahi izan zuen.
Gutunaren hari nagusiak
Hauxe dugu Pauloren gutunik luzeena; hala ere, ez da Pauloren pentsamendu eta irakaspenaren sintesi edo bilduma osoa. Urte bat inguru lehenago Galaziako kristau-elkarteei eginiko gutunean aipatzen duen zenbait gai nagusi luze eta zabalago lantzen du erromatarrei eginikoan. Oinarrizko gaia 1,16-17an aurkituko dugu: Jesu Kristoren berri ona Jainkoaren indarra da sinestedun guztiak salbatzeko, bai juduak, bai judu ez direnak. Berri onak agertzen digunez, Moisesen legea betetzeagatik ez, baizik eta Kristorengan sinesteagatik onartzen gaitu Jainkoak eta berekin adiskidetzen.
Garai hartako gizon-emakumeen egoera erlijiosoa aipatuz hasten du Paulok gaiaren adierazpena. Denak, judu nahiz jentil, bekatari dira; horregatik, denak daude salbamenaren beharrean, bekatuak heriotzara baitaramatza denak, hots, Jainkoarengandik bereiztera. Gizakiak ezin du bere indarrez salbamena erdietsi. Moisesen legea betetzeak ere ez zuen salbamen osoa ekarri; honela, legearen ezina agertu zen. Jainkoak berak baizik ez dezake inork salbabiderik eman (1,18—3,20).
Azken aldietan, hala ere, salbamenerako bidea, hau da, Jesu Kristogan sinestea, eman die Jainkoak bekatariei. Sinesmenagatik onartu zuen Jainkoak Abraham, eta agintzaria ere dohain hutsa da (3,21—4,25).
Gizon-emakumeekiko maitasunak eraginik, Jainkoak berak ematen dio hasiera salbamen-egintzari, hots, bekatuaren indar hondatzailea desegin eta gizakia onartu eta salbatzeari. Xede horrekin bidali zuen mundura bere Semea, Jesus, gizon-emakumeen egoera berean. Kristo Jesusek bere bizia eman zuen, artean bekatari ginelarik. Horrela, lehenengo gizonaren, Adamen, jokaeragatik bekatua eta heriotza nagusitu baziren ere, bigarren gizonaren, Jesusen, jokaeragatik Jainkoaren onespena eta salbamena nagusitu dira.
Salbamen horretan esku hartzeko, Kristo hil eta piztuarekin bat egin beharra dute gizon-emakumeek berarengan sinetsiz. Bat-egite hau bataioan gertatzen da lehenengoz; izan ere, behinola Kristorengan eta Kristoren bitartez gertarazi zuen salbamen-egintza, bataiatzen den gizaki bakoitzarengan gertarazten du orain Jainko Aitak. Horretarako isurtzen dio bataiatuari Kristoren Espiritua, eta Espirituak Jainkoaren seme-alaba, Kristoren gorpuzkide eta agintzari edo promesen oinordekide, egiten du bataiatua, bekatuaren indarpetik eta Moisesen legepetik ere askatuz.
Kristoren heriotzan eta piztueran esku hartu izateak izaki berri egiten du pertsona. Horregatik, biziera berria, jokaera moral berria, hasi behar du. Espirituaren eraginez, giza grinak menderatu behar ditu, Espirituaren arabera bizi ahal izateko, salbamen betearen itxaropenean (5,1—8,39).
Jainkoak gizon-emakume orori eskaini nahi dio salbamen-bide hau, baita israeldarrei ere, Israel herriak Mesias eta beronen berri ona onartu ez dituen arren. Jainkoa, ordea, leiala da eta eramango ditu salbamen-bidera Israel herriaren hondarrak (9,1—11,36).
Irakaspen horien ondoren, kristau-jokaera eramateko aholku eta arauak ematen ditu Paulok. Bere burua opari bizi, santu eta atsegingarri eskaini behar dio kristauak Jainkoari; eliz elkartearen baitan eta besteen zerbitzuan norberari dagozkion eginkizunak bete, eta, maitasunaren eraginez, denei on egin, gaiztakeria menderatu, agintarien esaneko izan, sinesmen ahulekoei lagundu, Kristo bera eredu harturik (12,1—15,13).
Greziako kristau-elkarteetan Jerusalemgoarentzat bildu duten dirua bertara eraman ondoren, Espainiara eta, bidenabar, Erromara joateko dituen gogoa eta asmoa aipatzen ditu bukaeran (15,14-33).
Azken kapitulua geroztik erantsia izan daitekeela dio zenbaitek, batik bat 16,25-27ko doxologia, gorespen-kantua. Azken agurrak eta goraintziak bidaltzen ditu Paulok, alderdikeriak sortzen dituztenekin erne ibiltzeko ere eskatzeaz batera.
Eskema
—Agurra eta gai nagusiari sarrera (1,1-17).
—Gizadi osoa salbamenaren beharrean (1,18—3,20).
—Salbamenerako bidea (3,21—4,25).
—Kristau-biziera berria (5,1—8,39).
—Israeldarren salbamena (9,1—11,36).
—Kristau-jokaera (12,1—15,13).
—Azken agurrak (15,14—16,27).

Currently Selected:

ERROMATARREI SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy