YouVersion Logo
Search Icon

FILIPOARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Filipo Grezia iparraldeko, Mazedoniako, hiria zen. Kostatik 12 km-ra zegoen, bertatik erromatar galtzada ospetsuenetako bat igarotzen zelarik. Biztanleen gehiengoa erromatar jatorrikoa zen; gutxi ziren juduak, ez baitzuten han sinagogarik (Eg 16,13).
Filipoko kristau-elkartea Paulok Europan sortu zuen lehena da (Eg 16,16-24). Bere bigarren misio-ibilaldian iritsi zen Filipora (K.o. 50/51 urteetan), Silas, Timoteo eta, agian, Lukas lagun zituela. Ez dirudi luzea izan zenik egonaldia. Geroago bi aldiz igaro zen Filipotik (Eg 20,1.3). Hala ere, harreman bihotz handiko eta iraunkorrak sortu ziren Pauloren eta Filipoko kristauen artean, hauek bihurtu zirelarik Pauloren kristau kutunenak (1,7-8). Filipoarrengandik bakarrik onartu zuen Paulok laguntza, beharrean zegoenean (4,10-16; ik. 2 Ko 11,8-9), bere buruari ezarritako arauaren kontra. Filipoarrek Epafroditoren bidez bidali zioten diru-laguntzak, hain zuzen, eman zion Paulori gutun hau idazteko bide, bere esker ona azalduz.
Paulo kartzelan aurkitzen da (1,7.13.14.17) gutuna idaztean, Efeson segur aski, 56. urte inguruan.
Zenbait ikertzailek uste du gaur dugun testua ez dela gutun bakarra, bi edo hiru gutun elkarri erantsiak baizik. Izan ere, nabari dira testuan zenbait haustura eta bat-bateko tonu-aldaketa. Dena den, inork ez du zalantzan jartzen gutuna bere osotasunean Paulorena denik, eta hark idatzitakoen artean bere-bereenetakoa gainera.
Gutunaren hari nagusiak
Gutun honetan, alde batetik, Paulok filipoarrei zien maitasuna agertzen digu (1,7-9; 2,1-2; 4,1). Beste aldetik, «Kristoren gurutzearen aurka dabiltzanek» (3,18) elkarteak ebanjelioarekiko duen zintzotasuna arriskuan jarriko duten beldurra adierazten du. Kristau juduzaleez ari da, legeko arau zaharkituak —erdainkuntzarena, esate baterako— betearazten saiatzen baitziren (1,15-17; 3,2-6). Kristorenganako sinesmenean tinko irautera eta larrialdian bozkarioz bizitzera dei egiten die Paulok (1,27-30; 2,16-18; 3,1; 4,4-7).
Hasierako agurra egin ondoren, apostoluak bere esker ona, poza eta maitasuna agertzen ditu, gutun honen bidez elkarte harekin harremanetan jartzen delako (1,3-11). Preso dago; baina atsekabe honek bizkortu egiten dizkio bihotza, itxaropena eta Kristoren berri onaren alde saiatzeko gogoa (1,12-26).
Kristau-sinesmenaren aldeko borrokan sendo eta elkartuak iraun dezaten dei egiten die filipoarrei (1,27-30). Kristoren apaltasuna eta bihotz-zabaltasuna eredutzat hartu behar dituzte beren jokaeran, munduaren erdian argi-zuzi bizi izan daitezen (2,1-18).
3. kap.a erdainkuntza ezarri nahi dieten juduzaleen aurkako oharrarekin hasten da. Hemen tonu-aldaketa nabari-nabaria gertatzen da eta Pauloren hizkera gogortu egiten da. Erdainkuntzak eta gainerako judu-betebeharrek —«giza mailako gauzak»— ez dute ezer balio Kristo ezagutzearen eta harekin bat eginik bizitzearen aldean (3,1-11). Beren bihotza lurreko gauzetan jarri dutenen aurrean, kristauak zeruko hiritar dira eta horren arabera jokatu behar dute (3,12—4,1).
Poz daitezen otoika bukatzen du gutuna. Aldi berean, egiazko, zuzen eta on diren gauza guztiak onar ditzatela eskatzen die (4,2-9). Azken agurra baino lehen, eskerrak ematen dizkie Paulok filipoarrei, hauek bidali dioten laguntzagatik (4,10-23).
Eskema
—Agurra (1,1-2).
—Paulo eta Filipoko eliz elkartea (1,3-26).
—Kristau-elkartearen jokabidea (1,27—3,1a).
—Legearen aldeko predikatzaileen kontra (3,1b—4,1).
—Azken aholkuak, esker ona eta agurra (4,2-23).

Currently Selected:

FILIPOARREI SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy