YouVersion Logo
Search Icon

JEREMIAS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Jeremias Jerusalemdik gertu zegoen Anatot herrixkan jaio zen apaiz-familia batean, VII. mendearen erdi aldera. K.a. 626an hasi zuen profetagintza eta K.a. 587. urtea baino geroxeago bukatu. Egipton hil zen seguruenik (ik. 43—44 kap.). Liburuan Jeremiasen 609tik 587a arteko egintzaren berri asko ematen zaigu.
Hogei urte hauek oso garrantzitsuak izan ziren Israel herriarentzat. Judako erreinu txikia nazio handien —Egipto, Asiria eta Babiloniaren— jokoan nahasturik gertatu zen. Azkenean, Babiloniako errege Nabukodonosor erregearen menpe erori zen. Honek K.a. 597an konkistatu zuen lehen aldiz Jerusalem. Hiria ez zuen hondatu, baina Jekonias erregea eta handiki-talde bat erbesteratu egin zituen.
Hamar urte geroago, Nabukodonosor berriro etorri zen Jerusalemera Sedekias erregearen altxamendu bat zigortzeko. Oraingo honetan, hiria eta Jaunaren tenplua erabat suntsitu eta bizirik gelditu ziren asko Babiloniara erbesteratu zituen Sedekiasekin batera. Jenderik pobreena gelditu zen Judan, hondamenditik alde egin zuten soldaduek zapaldua eta ustiatua.
Hauxe da Jeremiasek bere profetagintzan bizi izan zuen ingurugiro historikoa. Oso gazterik hartu zuen profetagintzarako deia: bere garaikideei gainera zetorkien tragediaren esanahia adierazi behar zuen. Jainkoak ez ezkontzeko eskatu zion, azkena hurbil zela adierazteko (16. kap.).
Zama astuna gertatu zitzaion iragarri beharreko mezua (20,8), bere garaikide askoren, apaiz, profeta, buruzagi eta erregeen, kontra jardun behar izan baitzuen eta, ondorioz, berorien isekak, etsaigoa eta pertsekuzioa jasan. Hortik bere barruko kezka eta nahigabeak. Ez zen ari giza politikari edo bere probetxuari begira, Jainkoagandik hartu zuen eginkizuna betetzeagatik baizik. Zailtasun horien aurrean bokazio-krisi luzea izan zuen, bere «aitorpen» ezagunetan adierazi bezala (11,18—12,6; 15,10-21; 17,14-18; 18,18-23; 20,7-18). Izan ere, Jeremias bere izate eta bizitza osoaz agertzen zaigu mezuarekin konprometitua. Baina, Jainkoarekin kexu agertu bazen ere, profeta-bokazioari tinko eutsi zion azkena arte.
Lehen begiratuan Jeremiasen liburuan aurkitzen diren errepikapenek, idazkera-aldaketek, gai-erabilpenean eta kronologian ikusten diren hausturek eta desorekek harritu egin lezakete gaurko irakurlea. Izan ere, idazketa-prozesu luze baten ondorio da liburua. 36. kap.ak adierazten digu nola idatzi zen zatirik nagusiena. Josiasen garaian profetagintzan hasi zenetik iragarritako mezuak hogeiren bat urte geroago idazki batean bildu zituen. Lehenengo bilduma hau Joiakim erregeak erre egin zuen, baina Jeremiasek berriro idatzarazi zuen beste gai batzuk erantsiz.
Bilduma horiek ez zituen Jeremiasek berak idatzi; Barukek, gorteko funtzionarioak, egin zion idazkari-lana. Segur aski, Barukek, profeta hil ondoren, beronen oroitzapenak bildu eta liburua osatu egin zuen. Geroago, profetaren beste zenbait ikaslek, Jeremiasek iragarria bete zela ikusirik, beste oroitzapen batzuk erantsi zizkion bildumari.
Ezaugarri nagusiak
Liburua, gaurko egoeran, gai asko bilduz egina dago. Hona aipagarrienak:
1. Jeremias beraren mezuak: 1—6; 30—31 kap.ak.
2. Profetari buruzko kontaera biografikoak, segur aski Barukek idatziak: 26—45 kap.ak.
3. Jeremiasen hitzaldiak, idazkeraz eskola deuteronomikotik gertu daudenak: 7,1—8,3; 11,1— 4,23; 16,1-13; 17,19-27; 18,1-12; 21,1-10; 22,1-5; 34,8-22; 35,1-19.
4. Nazioen aurkako mezuak: 25,15-38; 46—51 kap.ak.
Nabaria da Jeremiasengan Deuteronomioarekin eta berau sortu zuen eskolarekin duen kidetasuna, oso antzeko baitira bi liburuak bai hizkeraz, bai oinarrizko teologi ikuspegiaz.
Aurreko profeten tradizioari nortasun handiz jarraitzen dion olerkaria da Jeremias. Liburuan profeta bizi-bizi azaltzen da bere beldur, zalantza eta ahuleziekin; barruan daraman borroka hori bortizki adierazten du. Ez du Isaiasek bezain irudimen aberatsa, baina sentimenduz eta sarkortasunez paregabea da.
Profetak bere bokazioaz egiten digun kontakizunetik atera dezakegu iragartzen duen mezuaren muina. Bi helburu aurkitzen ditugu bertan: «erauzi eta irauli… , eraiki eta landatu» (1,10). Beraz, bi joerako mezua da: alde batetik, salatu eta zigorra adierazi; bestetik, salbamena eta itxaropena iragarri.
—«Erauzi eta irauli». Profetak berak nahigabez aitortzen duenez, beraren mezuaren zati handi bat herriaren bekatuak salatzera eta zigorra iragartzera dator. Profeten hitza baztertzea, azaleko kultugintza, erlijio-segurtasun faltsua, idolatria eta giza uste ustela: horra zertan datzan herriaren bekatua. Nahiz eta herri guztia salatu, erregeek, sasiprofetek eta apaizek dute erantzukizunik handiena. Hainbat bekatuk dakarkeen zigorra hauxe da: «iparraldeko etsaiak» eragingo duen hondamendia eta erbestera joan beharra.
—«Eraiki eta landatu». Jeremias ez da gelditzen salaketa eta zigor-iragarpen hutsean. Profetaren azken helburua bihozberritzera eragitea da, herria Jaunarengana itzularaztea. Hondamendia gainean zela ikusi zuenean, profetak babiloniarren menpe jartzea eskatu zion herriari. Mendetasun horretan ikusten zituen Jainkoaren nahia eta herriaren salbazioa.
Nazioaren hondamenak eta bere predikazioaren kontrako jarrerak hauxe ulertarazi zioten, azkenik, Jeremiasi: Jainkoaren eraginez bakarrik alda daitezkeela giza pentsaera eta jokabidea. Itxaropen honekin iragarri zien Babilonian erbesteratuei eta Judan geldituei herriaren berrikuntza, eta bere predikazioaren gailurrean Jainkoak herriarekin egingo zuen itun berria aldarrikatu zuen (31,31-34).
Eskema
—Profetaren aurkezpena (1, 1-19)
—Jerusalem eta Judako bizilagunentzat mezuak (2,1—20,18).
—Errege eta profeten aurkako mezuak (21,1—24,10).
—Jeremiasen eginkizunari buruz sintesia (25,1-14).
—Nazioei zuzenduriko mezuen sarrera (25,15-38).
—Profetaren bizitzako gorabeherak (26,1—29,32).
—Salbamen-mezuak: Herriaren berriztapena (30,1—33,26).
—Profetaren bizitzako gorabeherak (34,1—45,5).
—Nazioei zuzenduriko mezuak (46,1—51,64).
—Eranskina (52,1-34).

Currently Selected:

JEREMIAS SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy