YouVersion Logo
Search Icon

ISAIAS SARRERA

SARRERA
Profeten artean eta I.Z. osoan ez ezik, literatura unibertsalean ere goren mailako emaitza dugu Isaiasena. Honen mezuak eta idazkerak ez dute parekorik profeta idazleen artean. Honen orakulu mesianikoak, kontsolazio-poemak eta irteera berriari buruzko poemak, zerbitzariaren kantikak, Sionen gorazarreak etab., berriz, I.Z.ko idazkirik mamitsuenetakoak eta I.B.n aipatuenak ditugu, salmoekin batera. Hizkuntzaren maisutasunak eta irudimen poetikoak, azkenik, garai guztietako literaturan klasiko bihurtzen dute Isaias.
Isaias izenak «Jauna salbatzaile» esan nahi du hebreeraz, eta izen horrexek bil dezake liburuaren edukia oso-osorik. Baina nor dugu Isaias izen bakarraren azpian ematen zaigun 66 kapituluko liburu honen idazlea eta zein jatorria?
Hiru Isaias
Bibli ikertzaile gehienen arabera, arrazoi historiko, literario eta teologikoengatik, Isaiasen liburuan 3 zati bereizten dira, Jainkoaren herriaren historiako hiru garai ezberdinetakoak. Gure itzulpenean hiru zati horiei Lehen Isaias, Bigarren Isaias eta Hirugarren Isaias deitzen diegu. Hona hemen banaketa horretarako arrazoiak laburki:
Arrazoi historikoak: Is 1—39an K.a. VIII. mendeko egoera historikoa (garaiko Judako erregeak eta Asiria) aipatzen zaigu; Is 40tik aurrera, berriz, 150 urte geroagoko egoera aipatzen da —Ziro erregea (41,2; 44,28; 45,1), Babiloniako erbestealditiko itzulera-iragarpena (40,1 hurr.; 48,20; 55,12)—; Is 56tik aurrera, azkenik, badirudi herria berriro Jerusalemen aurkitzen dela, baina hasierako pozaldia joanda gero.
Arrazoi literarioak: Is 1—39an estilo bizi eta laburra, hitz-joko ugariz; Is 40—55ean, idazkera borobil eta hanpatuagoa; Is 56—66an, olerki-maila apalagoa.
Arrazoi teologikoak: Atal bakoitzean gai berezi eta desberdinak nabari dira nagusi, hala nola: Is 1—39an gizarte-salaketa, epai-iragarpena, orakulu mesianikoak; Is 40—55ean Jainkoa kreatzaile, irteera berria, kontsolazio-orakuluak, Zerbitzariaren kantikak, «Israelen hondarra»; Is 56—66an, berriz, kultua, larunbata, atzerritarrekin harremanak, eskatologia…
Hori guztia kontuan harturik, hiru zati handitan banatu ohi da liburua, zati bakoitza Jainkoaren herriaren historiako garai desberdinean kokatzen delarik.
I. LEHEN ISAIAS (1—39 kap.ak)
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Liburuaren lehen atal honek K.a. 740tik 700 inguru bitarteko urteetan izan ziren pertsonaia eta gertakizunak aipatzen ditu. Nazioartean tirabira arriskutsuak dira garai horretan: Egipto, hegoaldeko potentzia handia, beheraka; iparraldean, berriz, gero eta nabariago asiriar potentziaren mehatxua. Hona segidan, Judako erreinuak garai honetan dituen korapiloak ulertzeko gogoan eduki behar diren gertakaririk garrantzizkoenak:
—K.a. 734 aldera: Jerusalemen Akaz errege dela, Aram, hau da, Siria, eta Efraimgo, hau da, Israel edo Ipar Erresumako, erreinuek Judako erreinuaren aurka elkar hartzen dute, Judako erreinua asiriar mehatxuaren kontra beraiekin bat egitera behartzeko asmoz: siro-efraimdar gerra dugu.
—K.a. 722-721ean: Israelen, hau da, Ipar Erresumaren, amaiera; Samaria hiriburua asiriarrek konkistatzen dute eta biztanleak erbesteratzen.
—701ean: Ezekias Judako errege dela, asiriarrek Jerusalem setiatzen dute eta erreinuaren parterik handiena menpean hartzen.
Garai zail eta nahastu horixe dugu profeta-garairik emankorrenetakoa: Amos eta Oseas iparraldean (Israelen), Isaias eta Mikeas hegoaldean (Judan). Amos baino geroxeagokoa dugu Isaias, eta Oseas eta Mikeasen garaikidea, K.a. 760 aldera Jerusalemen jaioa eta etxe oneko semea. Ozias erregearen garaian, hots, K.a. 740/739 aldera, jaso zuen Jainkoaren profeta-bokazioa (6,1).
Ezaugarri nagusiak
Oziasen erregealdiko bake- eta ondasun-garai hartan, gogor salatzen ditu handikien jauntxokeria eta injustiziak, zuzenbidearen eta justizia sozialaren etengabeko urraketak, behartsuen zapalkuntza estaltzen duten erlijio-jardukizunak, handi-goseak eta edonolako zitalkeriak. Hortik doaz batik bat Is 1—5 kap.ak.
Akaz erregea Siria eta Israelen aurka asiriarren laguntza bila dabilenean, kontra altxatzen zaio Isaias, fedea Jainkoarengan bakarrik jartzera dei eginez: «Sendo sinesten ez baduzue, ez duzue sendo iraungo» (7,9). Mehatxua eta promesa, biak darabiltza haren mezuak.
Jerusalemgo agintariak Asiriari aurre egiteko asmoz Egiptorekin elkartu nahirik dabiltzanean, berriz, Isaiasek ez ditu azpijoko politiko horiek onartzen (ik. Is 28—31), eta historiak arrazoi emango dio. Baina, asiriarren erasoa gainera datorkien orduko, asiriarren aurka altxatzen du ahotsa profetak (5,26-29; 10,5-19; 14,24-27; 30,27-33; 36—39). Senakeribek Jerusalemgo setioari utzi eta alde egin orduko, ordea, herriak lasaikeriari ematen dio eta, orduan, profetak konbertsiora egiten dio berriro dei (1,4-9; 22,1-14).
Dagoen egoeraren kontra doa, beraz, beti Isaiasen mezua. Bi hari nagusi ditu honek: Jainkoaren santutasunaren esperientzia eta herriaren egoera, biak elkarrekin ongi uztarturik. Herriak bekatuari uko egin behar dio Jainko santuarekin elkartasunean biziko bada. Bekatua, pertsona-mailan eta kultu-mailan ez ezik, gizarte-mailan eta politika-mailan ere ageri da: handi-gosea, aberastasuna, zapalketa, injustizia, azpijoko politikoa…
Etengabeko konbertsio-dei honekin batera, Isaiasen mezuaren alderdirik aipagarrienetakoa haren itxaropen-dei eta agintzari mesianikoa ditugu, David eta Jerusalem direlarik ardatz nagusi. Ik. bereziki «Emmanuelen liburua» delakoa (7—8 kap.ak).
Eskema
Lehen atal hau zenbait mezu-bildumaz osatua dago, bilduma horiek kronologiaren arabera baino gehiago gaiaren arabera eginak direlarik:
—Judako eta Israel/Efraimgo erreinuei buruzko mezuak (1—12; 28—33).
—Atzerriko nazioei buruzko mezuak: Babilonia, Filistea, Moab etab.i buruzkoak (13—23).
—Munduaren azken iraulketa eta berrikuntzaren iragarpena (24—27; 34—35, inoiz «Isaiasen apokalipsia» deituak).
—Eranskin historikoa, 2. Erg liburutik jasoa (36—39).
II. BIGARREN ISAIAS (40—55 kap.ak)
«ISRAELEN KONTSOLAZIO LIBURUA»
Ingurugiro historikoa
Bigarren atalak egoera historiko desberdina aipatzen digu: babiloniarrak dira asiriarren ondorengo potentzia, lurralde osoa beren menpe dutelarik; K.a. 587an Jerusalem konkistatu dute eta biztanleak bertatik eraman. Erbesteratuak beren buruari galdezka ari dira: babiloniar jainkoak Israelen Jainkoari nagusitu zaizkiolako gertatu ote da hiri santuaren hondamendia? Jaunak emana zien lurraldetik urruti, Jainkoarekin elkartzen zireneko tenplurik gabe, etsipenik latzenean aurkitzen dira, Jainkoak —apropos edo ezinez— zapuztu egin dituelakoan.
Ezaugarri nagusiak
Jende adoregabetu horrexeri mintzo zaio profeta. Gizon gartsu agertzen zaigu, olerkari eta teologo bikaina, herriaren egoera eta minarekin barru-barrutik lotua eta Jainkoa historiaren Jaun dela sakonki sinetsia, profeten tradizioaz ongi jantzia eta garaiko «aldien ezaugarri» berrietara zabal irekia. Babilonian bete zuen bere profetagintza, erbesteratuen artean.
Badirudi, bi garaitako mezuak jasotzen direla kap. hauetan:
1. Lehen atalak (40—48 kap.ak) Babiloniako erbesteratuei askapena iragartzen die; ez da egiteko erraza: batzuk adoregabeturik daude (40,27); beste batzuek ezin dute onartu Jainkoak Ziro pertsiarra, errege arrotz eta jentila, aukeratu izana bere herria askatzeko (45,9-13); beste zenbait babiloniar jainkoen lilurapean dago (41,24; 42,17; 44,20)…
2. Bigarren atalak (49—55 kap.ak) lehen erbesteratuen taldea Jerusalemera itzuli eta gerokoa dirudi; itzuli direnek profetak haiengandik espero zuenari erantzun ez diotelarik, «herriaren hondar» zintzoari zuzentzen zaio orain profeta, bere mezua hiru puntuotan biltzen duelarik: Sionen berriztapena eta Jainkoarekiko elkartasun berria (49,14-26; 51,9—52,12), nazio arrotzen Jainkoarenganako konbertsioa (45,14.23-25; 49,6-7; 52,10) eta Zerbitzariaren kantikak.
Jaunaren zerbitzariak eta Zerbitzaria
Liburuaren bigarren atal honetan aurkitzen dira, tarteka banaturik, «Jaunaren Zerbitzari» delakoaren lau poemak (42,1-4, agian 5-9 ere bai; 49,1-6, agian 7-13 ere bai; 50,4-9; 52,13—53,12).
Is 40—55 kap.etan, 19 aldiz dator «zerbitzari» hitza singularrean: 14 aldiz Jakob edo Israeli buruz esana eta beste 5 aldiz (horietarik 4 Zerbitzariaren kantiketan) nor aipatzen den ageri ez dela. Nor da, bada, «Jaunaren Zerbitzari» hori? Era askotako erantzunak eman izan dira: batzuen iritzian, pertsonaia kolektiboa izango litzateke (Israel osoa nahiz «herriaren hondar» santua); beste batzuek pertsonaia indibiduala aipatzen dela uste dute (Jeremias profeta edo Ziro erregea edo profeta bera); hemen kokatuko litzateke zenbait judu- eta kristau-tradizio, Zerbitzariak Mesias aipatzen duela dioena.
I.B.k Jesusen aurre-irudia ikusi du poema horietan (ik. Mt 8,17; 12,18-21; Lk 22,37; Eg 8,30-35).
Bigarren Isaiasen gai nagusiak
Profeta guztien idazkietako mezurik sakon eta aberatsenetakoa dugu Bigarren Isaiasena. Hona hemen gai nagusiak:
—Jainkoaren hitza da liburu osoan protagonista (40,5.8; 55,10-11), gizakiarentzat agindu, agintzari eta askatzaile.
—Irteera berria, lehenengoaren aldean pozgarri eta salbagarria (43,14-21; 55,12-13).
—Jainkoa kreatzailea da (41,20; 43,1.7.15; 44,24; 48,7) eta askatzailea (41,14; 43,14; 44,6.24); gainerako jainkoak, aldiz, ezerez eta huts (41,21-29; 44,6-8; 46,1-7).
—Bere justiziari esker salbatzen du Jainkoak; 28 aldiz dator «justizia» hitza eta Jainkoaren erruki leiala esan nahi du, azken batean «salbamen» hitzaren pareko delarik; salbamen honek poza, kontsolamendua, dakarkio herriari eta gizakiari. «Justizia» hitza era desberdinetan itzuli dugu: justizia, garaipen, salbamen-asmo, salbamen-ekintza.
—Jainkoaren salbamena lehenbizi Israelentzat bada ere, ez da harentzat bakarrik, nazio guztientzat baizik (45,22-24; 55,3-5), guztien egilea baita Jainkoa (45,12) eta guztiekin egina baitu ituna Noerengan (54,9).
—Jerusalem hiri berria Jainkoak emaztetzat hartuko du, eta nazio atzerritarrentzat biltzeko leku eta etxe bihurtuko.
Eskema
—Hitzaurrea: Jainkoaren hitzak irteera berria iragarri (40,1-11).
—Lehen atala: Babiloniatik askatu eta Jerusalemera itzuli (40,12—48,22).
—Bigarren atala: Jerusalemen berriztapena eta Jaunaren Zerbitzariaren egitekoa (49,1—54,17).
—Amaiera: Jainkoaren hitzaren eraginkortasuna eta irteera berria (55,1-13).
III. HIRUGARREN ISAIAS (56—66 kap.ak)
Ingurugiro historikoa
Hirugarren atala erbestetik itzuli ondorengo garaiari lotua dugu, bigarrenaren azken aldea bezala. Hala ere, ikuspegia ilunagoa da eta ez du aurreko atalak bezalako batasunik, zenbait gai errepikatzen bada ere (irteera berria, geroko salbamena, Jerusalem berria… ).
K.a. 538an, erbesteratuei beren lurraldera itzultzeko eta tenplua berreraikitzeko eskubide ematen dien dekretua sinatzen du Zirok, pertsiar erregeak. Itzulbidea aukeratu duten erbesteratuek, ordea, egoera triste eta latzarekin egiten dute topo: hiria hondaturik, fededun herria ia galdurik, egoera materiala penagarria, gizartean injustizia nagusi, idolatria berriro indartua.
Herria guztiz banaturik aurkitzen da: erbestetik etorriak, erbesteratu gabe geldituak, lehendik bertan bizi diren edo etorri berriak diren atzerritarrak eta, azkenik, erbestetik itzultzerik nahi izan ez dutenak (atzerriko judu-elkarteei hasiera emanez).
Ezaugarri nagusiak
Egoera korapilotsu eta zail honi erantzun nahi dio profetak:
—Jainkoak ahazturik dauzkalako eta salbamenik iristen ez delako kexu direnei (59,1-8), luzamendu horren arrazoia bekatua dela erantzuten die; Jainkoa leiala da eta badu gauza berriak egiteko ahalmenik (57,14-21; 60,19-22; 65,17-25);
—gogor salatzen du idolatria eta sasijainkoen gurtza (57,3-13; 65,1-7);
—gizarte-banaketa, injustiziak eta behartsuen zapalketa dira arazorik larrienak: itunaren kontra-kontra doaz (58,1-12; 59,1-8; 66,1-4);
—atzerritarrak baztertzen eta mespretxatzen dituztenen aurrean, Jainkoak nazio gaizkileak zigortu egingo dituela dio alde batetik (63,3-6; 66,15-16.24); baina, bestetik, atzerritarrak eta nazioak Jerusalemen inguruan bilduko direla (60,3-16; 61,3-9), eskubide osoko hiritar gisa (56,3-8), apaizgoa eta guzti (66,21).
Jaunaren Espirituak «behartsuei berri ona hots egitera, bihotz-hautsiak sendatzera» (61,1) bidali duela dio profetak bere buruaz. Profetaren egiteko hauxe hartuko du gero Jesusek ere beretzat egitarau (Lk 4,16-21).
Eskema
—Salaketa-orakuluak, kultu-arazoak batik bat aipatzen direla (56—59).
—Jerusalem berriari buruzko bi sail, profetaren egitekoa tartean dela (60—62).
—Nazioen epaiketa eta historiari buruzko gogoeta, penitentzi liturgiaz burutua (63—64).
—Auzi eskatologikoa, kreazio berria eta herri guztien elkartzea (65—66).

Currently Selected:

ISAIAS SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy