YouVersion Logo
Search Icon

ISAIAS 37

37
Ezekiasek Isaias profetari galde
(2 Erg 19,1-7)
1Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen. 2Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik, 3esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara.#Haurra izateko zorian 26,17+.18. 4Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde».#Jauna iraindu 36,18-20; 37,23-24.
5Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana. 6Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek.#Ez beldurtu 7,4; 10,24; 41,10-14. 7Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».#hil egingo dute 37,38.
Senakeribek berriro mehatxatu
(2 Erg 19,8-13)
8Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera; eta han aurkitu zuen. 9Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi, 10Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten badizu ere. 11Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude? 12Nire aurreko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek?#jainkoek libratu ote? 10,10-11. 13Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»
Ezekiasen otoitza
(2 Erg 19,14-19)
14Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik, 15honela egin zion otoitz: 16«Jaun ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak. 17Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.#Itzul belarria Dn 9,18. 18Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak, 19eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren jainko, zurezko nahiz harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.#gure eskuek eginak 2,8+; Dt 4,28+. 20Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainko».#erreinu guztiek jakingo 1 Erg 8,60; Ez 12,16+.
Isaiasek Ezekiasi Jaunaren erantzuna adierazi
(2 Erg 19,20-34)
21Amotzen seme Isaiasek honako mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza.#otoitza aditu 38,5. 22Hona hemen zer diodan haren aurka:
«Mespretxu eta barre degizu,
Senakerib,
Sion neska gazte ederrak;
buruaz keinuka ari zaizu atzetik
Jerusalem hiri ederra.
23Nori egin diozu irain eta iseka?
Noren aurka jaso duzu ahotsa
eta altxatu begiak harro?
Nire aurka,
Israelgo Jainko santuaren aurka!#Israelgo Jainko santua 1,4+.
24Ni, Jaun hau, iraindu nauzu
zeure mezularien bidez.
Zera esan duzu:
“Neure guda-gurdi ugariei esker
mendi-gailurretara igo naiz,
Libanoko tontor hurbilgaitzetara.
Hango zedrorik tantaienak
eta zipresik bikainenak bota ditut.
Tontorrik garaienetara
eta basarterik itxienetara heldu naiz.#Zera esan duzu 10,13-14. zedro tantaiak 2,13.
25Atzerrietan#37,25 Atzerrietan: Qumrango eskuizkribu nagusiaren eta 2 Erg 19,24aren arabera erantsia. putzuak zulatu ditut
eta bertako ura edan;
hankapean zapalduz
lehortu egin ditut
Egiptoko ubide guztiak”.
26Baina ez al dakizu, Senakerib,
aspalditik neuk prestatua nuela,
antzinatik neuk erabakia
orain burutzen ari naizen hau?
Horregatik bihurtu dituzu
hiri gotorrak zabor-pila.
27Haietako bizilagunak
indarrik gabe,
ikaraturik eta burumakur
utzi dituzu,
larre-belarra bailiran,
hazi baino lehen ihartua.
28Badakit zure egintzen
eta nondik norako guztien berri;
badakit noiz zauden
amorru bizitan nire kontra.#Badakit zure egintzen berri Sal 139,2.
29Nire kontra amorruz zaudelako
eta zure harrokeria
nireganaino iritsi delako,
sudurrekoa eta ahokoa
ezarriko dizkizut,
etorri zaren bidetik itzularazteko».#sudurrekoa eta ahokoa 30,28; Sal 32,9. Ik. Ez 38,4.
30Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi#37,30 Ondoren… Ezekiasi: Hitz hauek ez daude jatorrizkoan; argitasunagatik ezarri dira.:
«Hauxe izanen duzu ezaugarri:
aurten, alorrean utzitako hazitik
sortua jango duzu;
datorren urtean,
bere kasa erneko dena;
baina hurrengo urtean
erein ahal izango duzue
eta uzta bildu,
mahatsondoak landatu
eta mahatsa jan.#ezaugarri 7,11+.
31Judako erreinuan bizirik geldituak,
lurrean sustraiak botatzen
eta adarretan fruituak
ematen dituzten
zuhaitz izango dira berriro.#sustraiak 11,1.
32Izan ere, bakar batzuk
bizirik geldituko dira Jerusalemen,
onik aterako Sion mendian.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak egingo du hori!#bakar batzuk bizirik 4,3+. Jaunaren maiteminak egingo 9,6.
33«Hau dio Jaunak
Asiriako erregeari buruz:
“Ez da hiri honetan sartuko,
ez dio gezirik jaurtiko,
ez ezkutuen babespean erasoko,
ez hiria hartzeko betelanik egingo.
34Etorri den bidetik itzuliko da;
ez da sartuko hiri honetan.
Hala diot nik, Jaunak.
35Neuk gerizatuko dut
eta salbatuko hiri hau,
naizena naizenagatik
eta neure zerbitzari Davidengatik”».#Neuk gerizatuko 30,19; 31,5. salbatuko 37,36; 38,6. Davidengatik 29,1.
Asiriarrak ihesi
(2 Erg 19,35-37)
36Gau hartan bertan#37,36 Gau hartan bertan: Hitz hauek 2 Erg 19,35etik hartzen ditugu, ez baitaude gure testuan, baina kontakizunaren jarraipenak eskatzen ditu (ik. segidan: biharamun goizean)., Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean.#asiriarrak hilda 10,25; 29,7-8; Si 48,21. 37Asiriako errege Senakerib, orduan, guda-etxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu. 38Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahuspeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen hurrengo errege.

Currently Selected:

ISAIAS 37: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy