YouVersion Logo
Search Icon

IRTEERA 35

35
KULTU ERAKUNDEEN ANTOLAKUNTZA (35,1—40,38)
Larunbata atseden-egun
(20,8-11; 31,12-17)
1Moisesek israeldarren elkarte osoa bildu eta esan zien#35,1 esan zien: Ik. 25,2 oh. 35—39 kap.etan ia h.h. errepikatzen dira 25—31 kap.ak; beraz, segidakoetarako ik. aurrekoetan emandako oh.ak.: «Hona hemen Jaunak agindua, bete dezazuen: 2Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarrena larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du. 3Ez duzue surik ere egingo larunbatez zeuen bizilekuetan».
Israeldarrek eskaintzak eraman
(25,1-7)
4Moisesek esan zion israeldarren elkarte osoari: «Hona hemen Jaunak agintzen duena: 5Bildu zeuen artean Jaunarentzat oparia. Jaunari oparia emateko borondatea dutenek ekar bitzate urrea, zilarra eta brontzea, 6purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, 7gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura, 8argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzat usainkiak, 9apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize harria eta beste harribitxiak.
10«Zuetariko artisau trebe oro betor Jaunak agindutako guztia egitera: 11egoitza eta bere oihal-etxola eta honen estaldura, katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oin; 12kutxa bere haga, estalki eta errezelarekin; 13mahaia bere haga eta tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia; 14argimutila bere hornigai eta kriseiluekin eta argitarako olioa; 15intsentsu-aldarea bere hagekin, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, egoitza-sarrerako oihala; 16erre-oparien aldarea bere sare, haga eta tresna guztiekin, uraska bere oinarekin; 17atariko oihalak zutabe eta oinekin, atari-sarrerako oihala; 18egoitza eta atariko hesolak beren sokekin; 19santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak».
20Israeldarren elkarte osoa aldendu egin zen Moisesengandik. 21Emateko borondatea zuten bihotz-zabaleko israeldar guztiek Jaunarentzat oparia ekarri zuten, elkarketa-etxola eraikitzeko, hango zerbitzu eta jantzi sakratuetarako. 22Etorri ziren bihotz-zabaleko gizon-emakumeak eta urrezko bitxiak ekarri zituzten, katetxoak, belarritakoak, eraztunak eta lepokoak: urrezko bitxiok Jaunari aurkeztu zizkioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 23Purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, gorriz tindaturiko ahari-larruak edo larru finak zeuzkatenek ekarri egin zituzten. 24Zilarra edo brontzea zutenek Jaunari eskaini zioten; hala egin zuten akazia-zura zutenek ere beharrezko zen lanetarako. 25Iruten trebeak ziren emakumeek beren eskuz ehunduriko purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina ekarri zituzten. 26Trebeak eta laguntzeko gogotsu ziren emakumeek ahuntz-ilea ehundu zuten. 27Buruzagiek onize harriak eta beste harribitxiak ekarri zituzten apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko, 28usainkiak eta olioa argi, gantzuketa-olio eta intsentsu usaintsuarentzat. 29Jaunak Moisesi agindu zizkion lanetarako behar zirenak emateko bihotz-zabal ziren israeldar gizon-emakumeek beren borondatezko eskaintza ekarri zuten Jaunarentzat.
Moisesek Betzaleli eta Oholiabi lanerako dei egin
(31,1-11)
30Moisesek esan zien israeldarrei: «Hara, Judaren leinuko Uriren seme eta Hurren biloba den Betzalel hautatu du Jaunak, 31eta Jainkoaren espirituz bete, jakituria, trebezia eta lan guztietarako gaitasuna emanez: 32artelanak asmatzeko, urre, zilar eta brontzezko lanak egiteko, 33harribitxiak eta zura lantzeko, eta beste edozein langintzatarako. 34Berari eta Danen leinuko Ahisamaken seme Oholiabi irakasteko dohaina ere eman die. 35Trebetasunez jantzi ditu edozein artelan asmatu eta lantzeko, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina iruteko eta bordatzeko, eta edozein artelan asmatu eta burutzeko.

Currently Selected:

IRTEERA 35: EAB

Highlight

Copy

Compare

Share

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in