YouVersion Logo
Search Icon

EFESOARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Efesoarrei gutuna (Flp, Kol eta Flm gutunekin batera) tradizioz «Presoaldiko Gutunak» deiturikoen sortan sartzen da, Paulok Jesusengatik preso dagoela aipatzen baitu (3,1; 4,1; 6,20).
Asia zeritzan erromatar probintziako (gaur egungo Turkian) hiriburua zen Efeso K.a. 133az gero; Ekialde eta Mendebalde arteko komunikagune garrantzitsua zen. Filosofi eta kultur mugimenduak, artea eta zenbait erlijioren kultuak bertan biltzen zirelako zen oso ezaguna Efeso.
Bere bigarren apostolu-ibilaldian (50-52 urte bitartean) egonaldi laburra egin zuen Paulok Efeson (Eg 18,19-21). Hirugarren ibilaldian, berriz (53-58 urte bitartean), ia hiru urtez gelditu zen bertan, ebanjelioa hots eginez (Eg 19,1—20,1.31). Egonaldi hau oso emankorra izan zen, haren predikuak juduen eta jentilen artean zenbait istilu sorrarazi bazuen ere.
Zenbait ikertzaileren ustetan, ezin da ziur esan gutun hau Paulok berak idatzia den ala ez, ezta Efesoko elkartearentzat bakarrik idatzia den ere. Izan ere, idazkiak berak ez du adierazten igorleak eta hartzaileak elkar ezagutzen zutenik, ezta, Paulorengan ohiko den arren, elkarteari buruz inolako berri zehatzik aipatzen ere. Bestalde, Efeso izena ez da eskuizkriburik zaharrenetan ageri. Gutunaren gaia orokorra da. Uste izan da gutun hau ez dela eliz elkarte jakin bati zuzendua, Asia probintziako eliz elkarte guztiei baizik. Nabariak dira, bestalde, Kolosarrei Gutunarekin dituen erlazioak, bai gaiari, bai hizkerari dagokienean. Askok uste du, Kolosarrei Gutunean oinarriturik, Pauloren ikasleren bat, hura hil eta gero, haren izenaz baliatu zela bere mezuari indarra eta aginpidea emateko. Beste zenbaiten iritziz, ordea, ez dago arrazoi erabakiorrik iritzi tradizionala ukatzeko, Paulok gutun hau 62/63an Erroman preso zegoelarik idatzi zuela ukatzeko, alegia.
Elkarte hartzaileak, beren gizartean zuten lasaikeriak edota zabaltzen ziren filosofiek liluraturik zeuden, nonbait. Gutun honen egileak, Kristoren misterioa argi ikusten eta leial bizitzen lagundu nahi izan zien, egiazko fedean iraun zezaten.
Gutunaren hari nagusiak
Kristoren gorputza den Elizaren batasunaz idazleak egiten duen gogoeta da gutunaren irakaspenik nagusienetakoa. Aipatua zuen lehendik ere Paulok ideia hau (1 Ko 12,12-30); Ef gutunaren idazleak, ordea, ideia hori jaso eta indartu egiten du, Jainkoak betidanik duen asmoa gizadi osoa Kristo baitan eta Kristoren bitartez batasunean biltzea dela azpimarratuz. Eliza da kosmos osora hedatzen den xede hori burutzeko bitartekoa.
Agur labur baten ondoren (1,1-2), Jainkoaren betidaniko salbamen-asmoari eskainitako gorazarrea dator (1,3-14). Salbamen-asmo hori Kristorengan bete da; horregatik da Kristo zeru-lurretako indarren nagusi eta Elizaren buru. Eta Kristoren bitartez, denoi eskaintzen digu Jainkoak salbamena, oinordekotza.
Dirudienez, bazen aldi haietako kristauen artean Kristok salbamen-egintzan izan zuen protagonismoa zalantzan jartzen zuenik. Gutunaren egileak Kristoren nagusigoa eta protagonismo bakarra azpimarratzen ditu: Kristok adiskidetu ditu Jainkoarekin eta elkarrekin bi herriak —erdainduak eta erdaingabeak—, biak bat eginez eta baketuz (1,15—2,22).
Jainkoak Paulori eman zion eginkizuna aipatzen du, ondoren, gutunak: judu ez direnak ere, jentilak alegia, betiko salbamenean oinordekide eta partedun direla hots egitea (3,1-13). Idazleak otoitz egiten dio Jainkoari Kristoren maitasunak sinestedunen barrua argi dezan eta Espirituaren indarrez biziberri dezan (3,14-21).
Sinestedunek beren izate berriari dagokionez bizi behar dute. Batasuna erdiesten eta sendotzen saiatu behar dute, Jauna bakarra, Aita ere bakarra, sinesmena ere bakarra dituztenez. Horretarako nork bere dohainak ditu (4,1-16). Sinesgabe zireneko jokaera zaharrak utzi eta giza izate berriaren arabera jokatzera dei egiten die idazleak elkartekideei. Biziera berri horrek eskakizun zehatzak ditu, denak bat eginik bizi eta munduan argiaren lekuko izateko (4,17—5,20). Kristorengan dugun bizi berri honek kristau-elkarteko harreman guztiak behar ditu eratu: senar-emazteen eta guraso eta seme-alaben artekoak, esklaboen eta nagusien artekoak (5,21—6,9).
Jainkoaren hitza, sinesmena, zintzotasuna, egia eta salbamena armatzat harturik, gaizkiaren indarren aurka borrokatzeko dei egin ondoren, agur egiten die idazleak elkartekideei, beraren berri ematera Tikiko anaia bidaltzen diela ere esanez (6,10-20).
Eskema
—Agurra (1,1-2).
—Kristoren eta Elizaren misterioa (1,3—3,21).
—Kristauen jokabide berria (4,1—6,20).
—Azken agurra (6,21-24).

Currently Selected:

EFESOARREI SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy