Skip to content

KOHELET 12

12
Zahartzaroaz
1Oroit hadi heure Egileaz
gazte haizen bitartean,
aldi txarrak
etor dakizkian baino lehen;
urte horiek etortzean
honela esango duk:
«Ez ditiat atsegin».
2Orduan eguzkia eta egun-argia,
izarrak eta ilargia
ilundu egingo zaizkik,
eta euria egin ondoren
berriro lainotuko dik.
3Orduan eskuak
dardaraka zaizkit jarriko
eta zangoak ahulduko;
hortz-haginak gutxituko
eta alferrik dituk izango,
begiak ere ilunpetan geldituko.
4Belarriak itxiko zaizkik,
ezin izango duk aditu
errotarri-hotsik,
ezta entzun ere txorien kanturik.
Ahotsa moteldu egingo zaik.
5Toki goietan ibiltzeak
beldurra emango dik,
baita bide zelaian ibiltzeak ere.
Ilea zurituko zaik
ibilera baldartuko
eta atsegin-grina hoztuko.
Gizakia bere betiko
etxerantz zihoak;
jadanik hilketariak
kalez kale zebiltzak#12,3-5 Orduan eskuak… zebiltzak: Irudi bitxiz, zahartzaroan agertu ohi diren ezinak, ahultasunak eta zaharreria ematen ditu aditzera. Tx. hauek honela itzul daitezke h.h.: Orduan etxezainak (eskuak) ikaratu eginen dira eta gizon kementsuak (zangoak) ere ahulduko; ehotzaileak (hortz-haginak) gutxitu eta lana utziko dute; leihoetatik begira daudenak (begiak) ilunpetan geldituko dira. Kaleko ateak (belarriak) itxiko dira eta errota-hotsak isilduko; txoriak kantura jaikitzean, abeslari guztiak (ahotsa, eztarria) motelduko dira. Toki goietan ibiltzeak beldurra emango du, baita bide ordekan ibiltzeak ere. Almendrondoa loratuko da (buruko ileak zurituko), matxinsaltoa (ibilbidea) astunduko, kaparroi-lorea (atsegin-grina) zimelduko..
6Orduan,
zilarrezko haria eten egingo zaik,
urrezko ontzia hautsiko,
pitxerra iturrian puskatuko,
eta putzu gainean txirrika zartatuko.
7Hautsa lurrera itzuliko duk,
handik sortua denez.
Bizi-arnasa Jainkoarengana
bihurtuko duk,
berak emana denez.#Hautsa lurrera itzuliko 3,20+. bizi-arnasa Jainkoak emana Has 2,7+.
8Huskeria hutsa —dio Koheletek—,
dena huskeria da.
Bukaera
9Oso jakintsua zenez, Koheletek
irakaspenak eman zizkion herriari;
esaera asko ikertu,
aztertu eta asmatu zuen.
10Hitzik egokienak bilatu zituen
Koheletek,
irakaspen ederrak
eta egiaz beteak idatzi.
11Jakintsuaren hitzak akuilu dira,
bilduma-egileak
ongi sarturiko hesolak;
artzain bakarrak emanak#12,11 Jakintsuaren hitzak… artzain bakarrak emanak: Testu iluna. dira.
12Ez ibili, ene seme, gehiagoren bila;
liburu asko egiteak
ez du bukaerarik.
Gainera, gehiegi hausnartzeak
gorputza nekatu egiten du.
13Esanak esan, eta bukatzeko,
izan begirune Jainkoari
eta bete beronen aginduak;
horixe baita
egiazko gizon-emakume izatea.
14Jainkoak epaituko ditu
gure egintza guztiak,
onak zein txarrak,
orobat ezkutukoak.