2 KRONIKAK 32
32
Asiriarrek Jerusalemi eraso
(2 Erg 18,13-16)
1Gertaera hauen ondoren eta Ezekiasek hain leial jokatu arren, Asiriako errege Senakeribek Judan sartu eta hiri gotor guztiak setiatu zituen, beraiez jabetzeko agindua emanez. 2Senakerib Jerusalemi erasotzeko asmoz zetorrela ikustean, Ezekiasek, 3bere ministro eta ofizialekin bildurik, hiriaz kanpo zeuden ur-putzuak estaltzeko asmoa agertu zuen. Onartu zioten 4eta, jendetza handia bildurik, putzu guztiak eta lurpean zihoan erreka#32,4 erreka: Gihongo iturburuan sortzen den erreka da; Ezekias erregeak, lurpeko ubidez, hiri barruraino eramanarazia zuen (ik. 2 Erg 20,20 eta oh.). ere estali egin zituzten; horrela, Asiriako erregeek, etortzean, ez zuten urik aurkituko. 5Oldar handiz, Ezekiasek berreraiki zuen eroria zegoen harresia, haren gainean dorreak eraiki eta beste harresi bat ere egin zuen kanpoaldetik; Daviden Hiriko lubeta, Milo#32,5 Milo: Ik. 1 Erg 9,15 eta oh. izenekoa, sendotu egin zuen, eta gezi eta babeski ugari eginarazi.
6Eta buruzagiak gudarostearen gidari ezarri ondoren, jendea hiri-sarrerako plazan bilarazi eta sutsu hitz egin zien, esanez: 7«Izan sendo eta adoretsu! Ez izutu, ez beldurtu halako gudaroste handiarekin datorren Asiriako errege horren aurrean, gurekin dagoena indartsuago baita horrekin dagoena baino. 8Giza indarra#32,8 Giza indarra: H.h., Haragizko besoa. baizik ez du horrek; guk, ordea, Jauna, geure Jainkoa, dugu geurekin, laguntzeko eta gurekin borrokatzeko».
Judako errege Ezekiasen hitz hauek bizkortu egin zuten herria.#Giza indarra baizik ez du horrek; guk, ordea… 2 Erg 6,16.
Asiriako erregea Jerusalemgo bizilagunei mintzo
(2 Erg 18,17-37; Is 36,2-22)
9Aldi baten buruan, bere gudarostearekin Lakixen#32,9 Lakix: Jerusalemdik hego-mendebaldera 45 km ingurura zegoen hiria. zegoen Senakeribek, Asiriako erregeak, bere ordezkariak bidali zituen Jerusalemera, Judako errege Ezekiasi eta herri osoari honako hau esatera: 10«Hau dio Asiriako errege Senakeribek: “Zertan duzue halako uste ona, Jerusalemen, hiri setiatuan, jarraitzeko? 11Zuek engainatzen ari da Ezekias, goseak eta egarriak hil zaitezten; horregatik esan dizue, Asiriako erregearen eskuetatik Jaunak, zeuen Jainkoak, libratuko zaituztela. 12Baina ez al ditu, bada, Ezekiasek berak kendu Jainko horren kultu-lekuak eta aldareak, Judako eta Jerusalemgo jendeari aldare bakar baten aurrean ahuspeztu eta intsentsua aldare horretan eskaintzeko aginduz? 13Ez al dakizue zer egin diegun nik eta nire aurrekoek hainbat lurraldetako herriei? Lurralde horietako jendeen jainkoek libratu ahal izan ote zuten beren nazioa nire eskuetatik? 14Nire aurrekoek hondatu zituzten nazio horietako jainkoetarik batek ere libratu ahal izan ote du bere herria nire eskuetatik? Eta zeuen Jainkoak libratuko zaituztela nire eskuetan erortzetik? 15Ez zaitzatela engaina Ezekiasek; ez diezazuela iruzurrik egin. Ez sinetsi! Inongo jainkok bere nazioa nahiz erreinua ezin izan badu ez nire, ez nire aurrekoen eskuetatik libratu, are gutxiago libratuko zaituzte zeuen Jainkoak#32,15 Jainkoak: Hebreerazko testuak jainkoek dio, baina eskuizkribu askotan Jainkoak dator; izan ere, Senakeribek —K.a. 704-681 bitartean Asiriako errege zenak— bazekien israeldarrek Jainko bakarra zutela (ik. 11,14.17. tx.ak).”».
Asiriako errege Senakeribek Jauna iraindu
(2 Erg 19,8-13)
16Beste gauza asko ere esan zuten ordezkari haiek Jainko Jaunaren eta honen zerbitzari Ezekiasen kontra. 17Senakeribek gutuna idatzi zuen Jauna, Israelen Jainkoa, irainduz eta beronen kontra honako hau esanez: «Beste lurraldeetako jendeen jainkoek ezin izan dituzte beren herriak nire eskuetatik libratu. Ezekiasen Jainkoak ere ezin izango du salbatu bere herria nire eskuetatik».
18Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko. 19Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.
Asiriarrak ihesi. Senakeriben heriotza
(2 Erg 19,15.35-37; Is 37,15.36-38)
20Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.
21Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.
Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek#32,21 bere semeek: H.h., beraren erraietatik atera ziren haiek. hil zuten ezpataz. 22Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan. 23Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.
Ezekiasen erregealdiaren bukaera
(2 Erg 20,1-21; Is 38,1-8; 39)
24Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion. 25Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra. 26Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.
27Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski#32,27 babeski: Segur aski, apaingarriak izango ziren (ik. 9,16). eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen. 28Mandioak egin zituen, gari-, ardo- eta olio-uztak gordetzeko, baita ukuiluak ere era guztietako abereentzat, eta eskortak artaldeentzat; 29abere nahiz artalde ugari baitzuen, Jainkoak ondasun asko eman zionez. Hiriak#32,29 Hiriak: Muga babesteko hiri gotorrak ziren. ere eraiki zituen.
30Ezekiasek Gihon errekaren goiko irteera estali eta lur azpitik#32,30 lur azpitik: Ik. 4. tx.a eta oh. eraman zuen Daviden Hiriaren mendebalderantz.
Ezekiasek ongi burutu zituen bere egintza guztiak.
31Alabaina, Juda erreinuan izana zen gertakari harrigarriaren#32,31 gertakari harrigarriak: Ezekiasen sendakuntza dateke (ik. 24. tx. eta 2 Erg 20,8-11) edota Senakeriben ihesa (ik. 21. tx. eta 2 Erg 19,35-37). berri jakitera, Babiloniako agintariek mandatariak bidali zizkiotenean, Jainkoak Ezekias eskutik utzi bazuen, probatzeko izan zen: nolako asmoak zituen ikusteko.
32Ezekiasen gainerako jarduerak eta egintza errukitsuak «Amotzen Seme Isaiasen Liburuan» eta «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.
33Hil zenean, Daviden ondorengoen hilobietarako aldapa ondoan ehortzi zuten Ezekias. Juda osoko eta Jerusalemgo jendeak hileta ederrak egin zizkion.
Ondorengo erregea haren seme Manases izan zen.
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso