YouVersion Logo
Search Icon

ZAKARIAS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Zakariasen liburua erbestetik aberrira itzulitako israeldarrei zuzentzen zaie. Helburu argia du: aberriratuengan itxaropena bizkortzea, eguneroko bizitzaren arazo zailak zirela eta, kikilduak eta bihotz-eroriak aurkitzen baitziren. Ziroren seme Kambises Pertsiako erregearen heriotza ondoren gertaturiko politika-nahasteak bitarte, pentsaera hau nagusitu zen juduen artean: gain-gainean zirela aldien bukaera eta Jaunaren etorrera. Baina Dario erregeak Pertsiar inperioko egoera bideratzea lortu zuen, eta, horrela, itxaropen hura bertan behera geratu zen.
Liburuaren lehenengo zortzi kapituluek Zakariasek Jerusalemen K.a. 520-518 bitartean buruturiko jarduera aurkezten dute, Ageo profetak predikuari ekin zion epe bereko jarduera, alegia.
Ondoren, gero eta sendoago egiten dira Jainkoaren etorreraren itxaropena —lurbira osoko errege bezala— eta hark aukeratu eta bidalitako gizon baten eginkizunean uste izatea. Gai honetaz dihardu liburuaren bigarren zatiak. Gaiz eta idazkeraz ezberdina denez, zenbait jakitunek geroagokotzat eta beste jatorri batekotzat jotzen du bigarren zati hau.
Ezaugarri nagusiak
Liburua bi ataletan bana daiteke.
Lehen atalak (1—8 kap.ak) zortzi ikuskariren aurkezpena eskaintzen du, ondoren bakearen eta ongizatearen agintzariak eginez. Ez dutela alferrik itxaron iragartzen die profetak bere garaikoei. Beharrezkoa izango da tenplua berreraikitzea Jauna onartzeko, bere erreinua ezartzera eta berak salbatu eta bildutako herria bedeinkatzera baitator.
Bigarren atalak (9—14 kap.ak), epaia jasan ondoren, beste nazioak ere Jainkoaren herriko izanen direla iragartzen du. Nazioek erasoko diotenean, herria garbitua izanen da bere bekatuetatik, eta Jaunak salbatu egingo du azken erasoaldian. Bigarren atal honetan indar handia hartzen du Jainkoaren erreinua ezarriko duenaren irudiak. Errege apal eta garaile bezala aurkezten du, artzain on bezala, gizon zulatu eta heriotzara eramana bezala.
Ebanjelariek Jesusen pertsona eta eginkizuna aurkezteko jaso dituzte bereizgarriok, nekaldi-kontakizunetan bereziki (ik. Mt 21,4-5; 26,31; Mk 14,27; Jn 19,37).
Eskema
—Sarrera (1,1-6).
—Zortzi ikuskariak (1,7—8,23).
—Israel eta atzerriko nazioak (9,1—14,21).

Currently Selected:

ZAKARIAS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy