YouVersion Logo
Search Icon

LEBITARRENA SARRERA

SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
Liburuaren izena Bibliaren greziar itzultzaileek eman ziotenetik dator. Badu zerikusia liburuaren edukiarekin: Israelen apaizgoa Lebiren leinukoen esku zegoen eta apaizak ziren kultuaren santutasunaren zaindariak. Hebreerazkoak, ohi duenez, liburuaren lehen hitzaz izendatzen du: «Eta dei egin zion».
Lebitarrena erbestealdian eta erbestealdi-ostean idatzia da, nahiz eta bertan osagai asko oso zaharrak jasotzen diren; adib., janariei buruzko debekuak (11. kap.), garbitasun-legeak (13—15), sexu-harremanei buruzko debekuak (18. kap.), etab.
Erbestealdi osteko ingurugiroa islatzen du batik bat Lebitarrenak. Garai hartako judu-komunitatea bere identitatea berreskuratu eta indartu beharrean aurkitzen zen, erbestealdi aurreko erakunde garrantzizkoenak —monarkia eta profetismoa— desagertu eta gero. Apaizak ziren egoera berrian herriaren gidariak, beraiek ziren legea gorde, osatu eta interpretatzeko arduradunak, apaizei zegokien Jerusalemgo tenpluko —K.a. 515ean izan zen berreraikia— sakrifizio-kultua berrantolatu eta garatzea. Izan ere, laurogei urtez tenplu eta kultu gabe egona zen herria.
Ezaugarri nagusiak
Bibliako liburuetan, Lebitarrena da segur aski gaur egun arrotz eta ulergaitzen gertatzen zaiguna, hain baitago gure kultur eta bizi-girotik urruti. Kristauontzat, gainera, bertako lege eta errituak, oro har, Jesusen berri onak gainditurik eta zaharkituta utzi ditu.
Liburuak lau zati nagusi ditu:
—Lehenengoan (1—7 kap.) opari- eta sakrifizio-mota nagusiak azaltzen dira, noiz eta nola egin behar diren arautuz. Ez da horien jatorria eta esanahia argitzen.
—Bigarren zatia (8—10 kap.) apaizen sagarapenari buruzkoa da. Zati hau Ir 29aren jarraipena eta segida da.
—Hirugarren zatiak (11—16 kap.) lege edo errituzko kutsadurei buruzko araudi luze-zabala eskaintzen du, janariak, larruazaleko gaitzak, sexu-kutsadura, etab. Kutsaturik dagoena ez daiteke santutegira hurbil eta, ondorioz, Jainkoaren elkartasunetik kanpo gelditzen da. 16. kap.a liburuaren erdigunea da: urtean behin, Barkamen Handiaren Egunean, hutsegite guztien barkamena lortzeko aukera eskaintzen zaio herriari.
—Laugarren zatia (17—26 kap.) «Santutasun-legea» deitu ohi da. Liburuan zehar behin eta berriro errepikatzen den eskakizun honetan bil daitezke Santutasun-legearen eta liburu osoaren muina eta giltza: «Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta» (19,2). Jainkoa santu denez, berak aukeratu eta beretzat sagaraturiko herriak ere santu izan behar du. Horretarako, beharrezko da Jainkoarekiko elkartasuna galarazten duena baztertu eta Jainkoarekin bat eginda bizitzeko lagungarri dena indartzea.
Lebitarrena liburuan bildutako legeek «santu izateko» konpromisoa bizitzako eremu eta jarduera guztietara zabaltzen dute.
Liburuak, kultu eta errituzko arauak nagusi izan arren, badu bere alderdi etikoa ere, giza harremanetan justizia eskatuz eta, batez ere, ahulen eskubideak babesteko betebeharra azpimarratuz.
Bigarren agindua ez daiteke lehenengo agindutik eten. Lebitarrenetik jasoko du, hain zuzen, Jesusek legeko agindurik nagusienaren bigarren alderdia: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lb 19,18, Mt 22,39 eta paraleloetan aipatua).
Eskema
—Sakrifizioetarako arauak(1,1—5,26).
—Apaizentzat arauak(6,1—7,38).
—Lehenengo apaizen sagarapena(8,1—10,20).
—Garbiari eta kutsatuari buruzko legeak(11,1—15,33).
—Barkamen Eguna (16,1-34).
—Israelen santutasuna(17,1—26,46).
—Eranskinak (27,1-34).

Currently Selected:

LEBITARRENA SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy