YouVersion Logo
Search Icon

JOB SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Jakinduriazko liburuen artean nagusi da Job, eta berezia da, gainera, hebreerazko Bibliako beste liburuekiko, hiztegi, sintaxi nahiz forma literarioaren aldetik.
Autorea ezezaguna zaigu, obra honetaz kanpo. Zehatzago esateko, ez dirudi dena autore bakar baten lana denik. Baina liburuaren zati nagusiena harturik —elkarrizketa erako poema dramatiko handia (3—31; 38,1—42,6)—, eta hipotesiak gorabehera, ez dago arrazoi erabakiorrik israeldarra ez zela pentsatzeko. Antzinako ekialdeko jakinduri korronteetan murgildua, egiptoar kulturarekin nolabaiteko harremana izan zuela ikusten da.
Liburuaren datari buruz, ziur ez dakigu, baina K.a. V. mende ingurukoa izan daiteke. Badirudi erbestealdiaren ondorengo aztarnak aurkitzen direla: herriaren etorkizunarekiko kezka baino garrantzizkoagoa da gizabanakoarekikoa; eta juduen pentsaera ortodoxo ofizialarekiko Joben objekzioa K.a. 538an hasitako erbestealdiaz geroztik zabaldu ziren ideia eta arazoetan sartzen da batez ere.
Ezaugarri nagusiak
Liburuaren eraketa eta egungo egituraketari dagokienez, hiru urrats nagusi bereiz ditzakegu: Oinarrian ahozko herri-istorio zahar bat egon zen, liburuaren hasieran (1—2 kap.ak) eta bukaeran (42,7-17) prosaz dagoena, marko orokorra ezarriz. Beronen baitan moldatu zuen autoreak gorputz nagusia (3—42,6), poesi estiloan dagoen elkarrizketa-saila. Baina azkenik, badira aurreko horretan geroago sartutako bi eranskin, testu nagusiaren jarraipena eteten dutenak: Jakinduriaren goraipamena (28. kap.) eta Elihuren hitzaldiak (32—37).
Hebreerazko testuak badu eragozpenik itzulpenerako; batetik, ez dagoelako ondo kontserbatua; beraz, zuzenketa-proposamen asko egin izan zaio historian zehar; bestetik, oso hizkera aberatsa eta berezia du: lexiko bitxia, liburu honetatik kanpo aurkitzen ez dena. Gainera, zenbait kapituluren ordenari buruz, 24—27 kap.etan bereziki, bada arazorik lehen aipaturiko zuzenketa edo ukitutxo horien ondorioz. Itzulpen honetan ere zenbait zati berrantolatu egin dugu, adituen hipotesirik hedatuenei jarraituz.
Edukiaren ildo nagusiei dagokienez, herri-giroko eta prosazko istorio edo kontaketarekin hasten da: Job, gizon zintzoa, ezbehar handiek harrapatzen dute. Ez daki Jainkoaren proba dela, baina edonola ere tinko eusten dio bere fedeari (1—2 kap.ak).
Hiru lagun —Elifaz, Bildad eta Tzofar— Job kontsolatzera etortzen dira. Jakintsuak dira eta tradiziozko pentsaeraren jarraitzaileak; izan ere, ezbehar eta zoritxarrak beti bekatuaren zigor direla pentsatzen dute. Batak bestearen atzetik beren hitzaldiak egiten dituzte, eta hauei Jobek erantzuten die. Hiru aldiz gertatzen da ziklo edo prozesu hau. Jobek errugabe dela aldarrikatzen du, eta uko egiten dio bere atsekabeak bekatuaren zigortzat hartzeari. Aitzitik, Jobek Jainkoarekin topo egin nahi du, ziur baitago Jainkoak justizia egin, birgaitu eta onik aterako duela probatik (3—27 kap.ak). Jakinduria goraipatzen duen pasarte solte baten ondoren (28. kap.), berriro ere bere jarrerari eusten dio Jobek (29—31 kap.ak).
Puntu honetan, pertsonaia berri bat agertzen da, Elihu. Honek, lau berbalditan zehar, atsekabeak gizakiari bere buruaz jabetzen laguntzen diola frogatu nahi du, eta on dela heziketarako (32—37 kap.ak). Garbi dago hari nagusia eteten duen eranskin hau geroztik sartutakoa dela.
Joben galderak —Jainkoa zuzena bada, zergatik sufritzen du errugabeak?— ez du erantzunik oraindik. Arazoaren konponbidea, Job gizakiaren eta Jainkoaren beraren topaketatik bakarrik etor daiteke. Baina Jainkoak, erantzun ordez, Jobi itzultzen dio galdera, eta honek ez daki zer erantzun. Honela ohartzen da bere hutsegiteaz: Jainkoari azalpenak eskatu dizkio, Jainkoa zer den benetan jakin gabe. Horregatik esaten du 42,5ean: «Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain, neure begiz ikusi zaitut!» (38,1—42,6).
Prosazko zatiarekin amaitzen da liburua, hasierako istorioarekin lotuz. Honek nolabaiteko amaiera zoriontsua ematen dio, eta Jainkoaren misterioa giza ideiek ezin dutela azaldu edo esplikatu adieraziz iristen da liburua bere azkenera (42,7-17).
Eskema
—Sarrera: Pertsonaiak eta gertakizunak (1,1—2,13).
—Job eta lagunen arteko elkarrizketak (3,1—27,23).
—Jakinduria (28,1-28).
—Joben azken hitzaldia (29,1—31,40).
—Elihuren hitzaldiak (32,1—37,24).
—Jaunaren hitzaldiak. Jobekin elkarrizketa (38,1—42,6).
—Epilogoa (42,7-17).

Currently Selected:

JOB SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy