YouVersion Logo
Search Icon

OSEAS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Oseas profetak Israelgo erreinuan (Iparraldeko erreinuan) predikatu zuen, Amos profetak baino hamarren bat urte geroago, hau da, K.a. 750. urte aldera. Hogeita bost urte inguruan izan zen bertan profeta, Samaria hiriburua 721ean asiriarren menpe erori eta Israelgo erreinua bertan behera galdu zen arte.
Garai horretan (ik. 2 Erg 14,23—17,23), Asiriaren, Ekialde Hurbileko potentzia nagusiaren, mehatxua du Israelek bere gain. Independentziari nola eutsiko, elkarren kontrako politika-bideak hartzen dituzte agintariek: batean Asiriaren alde, bestean aurka Egiptoren babesean (dagoeneko ahuldua egon arren, Egipto da oraindik Asiriari aurre egiteko bakarra).
Amosek salatuak zituen gizarte-desberdintasunak areagotuz doaz. Baina, batez ere, Jainkoarenganako fedea da herrian kili-kolo: gero eta biziagoa da kanaandar erlijioaren erakarmena (esate baterako, kanaandarren jainkoei egiten diete otoitz euria eta soroen emankortasuna lortzeko).
Pertsonalki ere, esperientzia latz eta itxura batean zentzugabea bizi izan zuen Oseasek: emagaldu batekin ezkontzeko eskatu zion Jaunak, eta hari leial izateko, nahiz eta hura desleial izan. Hau guztia bere profeta-bokazioaren eskakizun bezala bizi izan zuen Oseasek eta Jainkoaren eta Israelen arteko harremanen irudi gisa.
Oseas dugu, hitz egiteaz gain, bere historiaren eta bere predikuaren parte bat idatzia utzi duen profetarik zaharrenetarikoa. Zenbait ikertzaileren arabera, badaiteke Oseasen ikasle batzuek haren idazki-bilduma osatu izatea, data-aipamenak erantsiz (ik. 1,1).
Ezaugarri nagusiak
Oseasen liburuan kontaketak, salaketak, aholkuak, agintzariak ditugu.
Israeldarren desleialtasuna salatzeko, bere famili egoeraz baliatzen da Oseas, ezkontza-gorabeherez eta seme-alaben izenez, alegia: emaztea berari desleial izan zaion bezala, Jainkoaren herria ere desleial izan zaio bere Jaunari (1—3 kap.ak). Horregatik Jainkoaren epaia eta kondena Israelen gain. Gogor eta latza izango da zigorra: asiriar gudarosteak zapalduko du Israel, buruzagiak erbestera eramango dituzte eta herriak Egiptorako bidea hartu beharko du berriro. Baina Jainkoak herriari dion maitasunak tinko dirau (4—13 kap.ak). Desleialtasuna baino handiagoa den maitasun zentzugabearen logika!
Jainkoak bere herria sendatuko eta berriro bereganatuko duela iragarriz amaitzen da liburua (14. kap.).
Senar maitalearen eta aita maitekorraren irudi berri eta ausartez aurkezten du Oseasek Jainkoa, horrela itunaren irudi politikoa sakonduz eta aberastuz. Ez da harritzekoa, beraz, hark aparteko eragina izana Itun Zaharrean ez ezik (Jeremias, Ezekiel, Isaias Bigarrena), Itun Berrian ere (Oseasen aipamen ugari dira bertan: ik., batez ere, Mt 9,13; 12,7).
Eskema
—Oseas eta bere familia, Jainkoaren eta herriaren irudi (1,2—3,5).
—Jaunak Israel salatu (4,1—14,1).
—Jainkoaren maitasuna nagusi aterako (14,2-10).

Currently Selected:

OSEAS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy