YouVersion Logo
Search Icon

KOHELET SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Ez dakigu deus ere idazleari buruz. Kohelet izena hebreerazko kahal (biltzarra) hitzetik dator eta biltzarrean eginkizunen bat duena adierazi nahi du: biltzailea edo hizlaria. Grekozko eta latinezko itzulpenek Eklesiastes titulua ezarri zioten (grekozko ekklesia hitzak ere biltzarra esan nahi baitu). Liburuaren bukaeran ikasleren batek sartu zuen eranskinean (12,9-14) esaten denez, Kohelet oso jakintsua zen, herriaren irakasle, ikertzaile zorrotza, idazle iaioa. 1,1.12.16an idazleak berak dioenez, «Daviden seme eta Jerusalemgo errege» zen Kohelet, izenik aipatu gabe, bere burua Salomon errege jakintsuarekin identifikatuz. Baina liburu honen egilea ez zen, noski, Salomon izan (jakina denez, errege hau K.a. X. mendean bizi izan zen). Salomonen izena eta ospea beretzat hartu zituen idazleak, bere irakaspenak bermatzeko-edo, Bibliako liburuetan beste zenbait idazle ezezagunek egin izan duen bezala.
Liburuaren zenbait zantzu (azken aldiko hebreera, arameismoak, greziar kulturaren eragina…) kontuan izanik, liburu hau K.a. III. mendean egina dela diote ikertzaileek. Ordurako hartuak zituzten greziarrek Egipto, Palestina eta Ekialde Hurbil osoa, eta Egiptoko Ptolomeo erregearen ondorengoak ziren agintari. Jerusalemgo erdi- eta goi-mailako jendeari zuzendua dateke liburu hau. Kezkatua zegoen jende hura antzinako giro eta ohitura erlijiosoak aldatzen eta greziar kultura sartzen ari zelako eta kultura hura neurri batean onartzea ongi zetorkielako. Qumranen ezaguna zen liburu hau, baina zenbait judu-taldetan ez zuten aintzakotzat hartu.
Ezaugarri nagusiak
Egitura jakinik eman gabe idatzia da liburua. Tituluaren (1,1) eta eranskinaren (12,9-14) artean, errepika bera agertzen zaigu, liburu osoa kutsatuz: «Huskeria hutsa, dena huskeria da» (1,2; 12,8). Baditu, nolabait esateko, bai hitzaurre edo prologoa (1,4-11), bizitzako gorabeherak aipatuz, bai hitz-atze edo epilogoa (12,1-7), bizitzaren bukaera aipatuz; liburuaren muina, berriz, 1,12—11,10a arteko testua da. Itxuraz, ez du hari bakar nabarmenik; gaia planteaturik, bere bizitza eta esperientziatik ateratako gogoetak adierazten ditu Koheletek, bere galderei erantzunez, batzuetan, eta bere esanak zuzenduz eta aldatuz, beste batzuetan. Bere garaiko jakintsuek zorion-iturritzat zituzten baloreak (jakinduria, aberastasuna, maitasuna, bizia bera) huskeria edo alferrikakotzat ematen ditu maiz, azkenean heriotzak denak berdinduko baikaitu, aberatsak eta behartsuak, gizakiak eta abereak. Bizitza kontraesanez josia dagoela dio, giza ahaleginak deusetarako ez direla, bizitzaren esanahia eta zentzua aurkitzea zail dela, eta horretarako ez direla aski ohiko irakaspen eta aholkuak. Zerbait iristeko eginahalak egitea alferrikakoa da, haizeak bezala ihes egiten baitu. Ezina gertatzen zaio gizakiari zertarako bizi den ikustea eta Jainkoak zer nahi duen jakitea. Hala ere, Jainkoari begirune izatea, beronen aginduak betetzea da ongi ibiltzeko bidea. Izan ere, Jainkoak egina da dena eta beronen emaitza du gizakiak jan, edan eta bere lanaren etekinaz gozatu ahal izatea.
Lehen ere esana dugunez, inguruko kulturaren eta jakinduri liburuen eragina antzematen zaio Kohelet liburu honi; besteak beste, «Etsiak bere arimarekin izaniko Elkarrizketa» eta «Harpa-jotzailearen Kantua» egiptoar liburuena, Mesopotamiako «Babiloniar Teodizea» liburuarena eta, orobat, greziar filosofiarena ere.
Idazleak maiz erabili ohi ditu prosa erritmikoa, paralelismoak, galderantzunak eta esaerak, baita poesia ere, zahartzaroa eta heriotza deskribatzeko (adib., 12,1-7).
Eskema
Ez da erraza liburu hau inolako eskematan sartzea. Behin eta berriro errepikatu ohi du giza ahaleginak alferrikakoak direla, gaztetasuna, ospea, lana, jakituria eta bizia bera alferrikakoak direla. Hala ere, hiru burutapen nagusi azpimarra ditzakegu:
1. Bizitza kontraesanez josia dago.
2. Gauza guztien Egile eta historiaren Jabe den Jainkoak bakarrik daki gauza guztien ezkutuko zentzua zein den.
3. Gizakiak ezin du jakin Jainkoak zer nahi duen etorkizunari begira.

Currently Selected:

KOHELET SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy