YouVersion Logo
Search Icon

DANIEL SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Liburuak bere protagonistaren izena hartzen du. Daniel —izenak «Jaunak epaitzen du» esan nahi du— Babilonian erbesteraturiko judu gaztea da, eta liburua Babiloniar Inperioaren bukaeran eta pertsiarraren hasieran girotua dago.
Hebreerazko Bibliak «Idaztien» artean kokatzen du Daniel. Grekozko antzinako itzulpenak, berriz, profeten artean sartzen du, Ezekielen ondoren.
Daniel liburua berezia da I.Z.n, berorrekin literatur mota berri bati ematen baitzaio hasiera, judaismoan eta lehen kristau-mendeetan garapen handia izango duen literatur mota apokaliptikoari, alegia.
Bibliako hiru hizkuntzetan dago idatzia: hebreeraz, arameeraz eta grekoz. Grekozko antzinako itzulpenetan, hebreerazko testuari (1—12) lau eranskin luze egiten zaizkio: bi otoitz-testu, hirugarren kapituluan tartekatuak, eta bi kontakizun, 13—14 kap.ak osatzen dituztenak. Grekozko eranskin hauek liburu berezi bezala azaltzen dira itzulpen honetan, DANIEL grekoa izenez, deuterokanonikoen sailean.
Liburuak azaltzen duenaren arabera kontakizuna erbestealdi-garaian kokatua dagoen arren, kronologiaren zehaztasun-ezak eta histori datu okerrek kronologia hori fiktizioa dela salatzen dute. Ohiko prozedura da hau apokalipsi-liburuetan, hots, orainaldiko gertakizunak iraganean gertatuak bailiran aurkeztea; baita idazlana iraganeko pertsonaia ospetsuren baten izenpean aurkeztea ere. Berez, 10—11 kap.etako ikuskari handiak adierazten duenez, Ekialde Hurbileko eta judaismoaren historiaz ari da. Liburuaren pertsekuzio-giroak seleukotarrek Palestina menpean izan zuten garaira garamatza, eta batez ere Antioko IV.ak judu-herri eta -erlijioaren kontra eragin zuen pertsekuziora. Liburua, beraz, makabearren matxinadaren inguruan sortu zen, 167-164 urteetan.
Ezaugarri nagusiak
Liburua bi zatitan bana daiteke.
Lehenengoak (1—6 kap.ak) Daniel eta beronen hiru lagun ditu protagonista. Hauek, Jainkoarengan sinetsiz eta beronen legeari obedituz, garaile ateratzen dira pertsegitzaileen aurrean.
Bigarren zatiak (7—12 kap.ak) Danielen hiru ikuskari dakartza. Sinbolo misteriotsuz beteak daude eta, hauen azalpena ematean, judu-herria zapaltzen ari diren botereei buruz Jainkoak dituen asmoak agertzen dizkigute: Jainkoak hondatu egingo ditu jentil-inperioak eta salbatu bere herria.
Danielena krisi- eta pertsekuzio-aldirako mezua da. Herriak beraren kultur eta erlijio-berezitasuna eta izatea bera ere astintzen eta arriskuan jartzen dituen egoera bizi du. Beraz, liburuak judaismoaren oinarrizko balore erlijiosoak finkatu nahi ditu: legea, Jainko bakarrarenganako fedea idolatriaren aurrean, nahiz eta oinazeak eta pertsekuzioak jasan behar.
Egoera horretan historia era berezian azaltzen du liburuak. Apokalipsi hitzak, hain zuzen, agerpena/errebelazioa esan nahi du. Jainkoak gidatzen du historia eta azkenean giza inperio zapaltzaileak, gaitzaren indarrak, garaitu egingo ditu, bere betiko erreinua ezartzeko. Baina oraingoa —herriak eta egileak bizi duten garaia— azken aurreko borroka, probaldi eta pertsekuzioen garaia da.
Horregatik, beharrezkoa da iraupena, eta Danielen mezua itxaropen- eta adore-mezua da herri pertsegituarentzat. Hurbil da Jainkoaren garaipena eta Jainkoaren herriak etorkizun argia izango du haren betiereko erreinuan. Testuinguru honetan kokatu behar da I.Z.n hain argi eta garbi lehen aldiz egiten den hildakoen piztueraren baieztapena ere (ik. 12,1-4).
Eskema
—Daniel eta lagunak Babilonian (1,1—6,29).
—Danielen ikuskariak (7,1—11,45).
—Lehen ikuskaria: Lau piztitzarrak (7,1-28).
—Bigarren ikuskaria: Aharia eta akerra (8,1—9,27).
—Hirugarren ikuskaria: Lihoz jantzitako gizona (10,1—11,45).
—Larrialdi- eta piztuera-garaia (12,1-13).

Currently Selected:

DANIEL SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy