YouVersion Logo
Search Icon

2 TESALONIKARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Tesalonikarrei Bigarren Gutunak 1 Ts gutunaren izenburu bera du igorle eta hartzaileei dagokienez; baina gutunak erakusten duen egoera aski ezberdina da. Horregatik, Tesalonikarrei Lehen Gutuna zalantzarik gabe Paulok idatzitakotzat hartu ohi bada, ez da gauza bera gertatzen 2 Ts gutunarekin. Alde batetik, 2 Ts gutunak erruz erabiltzen du 1 Ts, esaldi eta txatal osoak ia hitzez hitz errepikatuz; baina, bestetik, gai nagusiari buruzko irakaspena —Jaunaren etorrerari buruzkoa, alegia— oso desberdina da. Lehenengoan, Jaunaren etorrera ustekabean gertatuko zela eta erne egon behar zela azpimarratzen zuen Paulok. Oraingo honetan, berriz, Jaunaren etorrera luzatu egingo dela eta aurrez zenbait seinalek gertatu behar duela esaten zaigu (2,1-12).
Tesalonikako kristauak, Jaunaren etorrera zela eta, nahasturik zebiltzan eta ondorio okerrak ateratzen zituzten uste horretatik: lan-ardura alde batera utzia zuten eta zabarkerian bizi ziren. Gainera, baieztapen horiek egiten zituztenak Paulori egozten zizkioten adierazpen eta idazkietan oinarritzen ziren (2,1-3; 3,6). Egoera horren aurrean, egileak, Pauloren ikasleren batek segur aski, honen aginpideaz baliatuz eta bere idazkia Tesalonikako elkarte berari zuzenduz, lehen gutunean esana argitu eta gaizki ulertuak konpondu nahi ditu.
Gutunaren hari nagusiak
Jainkoaren epaia eta Kristo Jaunaren etorrera dira gutunaren gai nagusiak.
Tesalonikako fededunek, Jaunaren etorrera dela eta, ez dute zertan larritu, berehalako batean gertatuko delakoan. Izan ere, Jauna etorri aurretik, zenbait seinalek gertatu behar du, etorrera horren adierazle: gizarteak baztertu egingo du sinesmena eta, Satanasen eraginez, «gaiztakeri gizona» agertuko da, mirariak eginez jendea liluratzeko (2,1-12). Tesalonikarrek ez dute zertan kezkatu, Jesu Kristoren aintza eskuratzeko aukeratu baititu Jainkoak. Horregatik behar dute sinesmenean sendo iraun, egun handiaren zain (2,13-17).
Bitartean, beharrezkoa da bakean lan egitea, zabarkerian eta alferkerian erori gabe, aspertu gabe on eginez (3,6-15).
Eskema
—Agurra eta esker ona (1,1-4).
—Jainkoaren epaia Kristoren etorrerakoan (1,5-12).
—Jaunaren etorrera (2,1-17).
—Otoitz eta lan egiteko deia (3,1-15).
—Agurra (3,16-18).

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy