YouVersion Logo
Search Icon

IRTEERA 40

40
Egoitzaren sagarapena
1Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2«Lehen hilaren lehen egunean eraikiko duzu egoitza, elkarketa-etxola. 3Ezarri bertan itun-kutxa eta estali errezelaz. 4Eraman mahaia eta atondu; eraman argimutila ere eta piztu kriseiluak. 5Ezarri urrezko intsentsu-aldarea itun-kutxaren aurrean, eta egoitza-sarrerako oihala. 6Jarri, gero, erre-oparien aldarea elkarketa-etxolako egoitzaren sarreran. 7Jarri uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez. 8Inguruan ataria eraikiko duzu eta oihala ezarriko sarreran.
9«Hartu gantzuketa-olioa eta isuri egoitzaren eta bertan dagoen guztiaren gainera. Honela sagaratuko duzu bere tresna guztiekin, eta toki sakratua izango da. 10Isuri olioa erre-oparien aldarearen eta bertako tresna guztien gainera. Honela sagaratuko duzu, eta guztiz sakratua izango da aldarea. 11Isuri olioa uraskaren eta beronen oinaren gainera eta sagaratu.
12«Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolaren sarrerara eta garbi daitezela urez. 13Arropa sakratuz jantziko duzu Aaron eta, gainera olioa isuriz, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko. 14Ondoren, hurbilarazi haren semeak, jantzi tunikak, 15eta isuri gainera olioa, Aaronen gainera bezala, nire apaiz izan daitezen. Gantzudura honen bidez, betiko izango dira apaiz belaunez belaun».
Moisesek egoitzaren oihal-etxola eraiki
16Moisesek zehatz-mehatz egin zuen Jaunak agindu guztia. 17Hala, Egiptotik irten eta bigarren urtean, lehen hilaren lehen egunean, eraiki zuten egoitza.
18Moisesek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-egurrak ezarri zituen eta zutabeak jaso. 19Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura jarri oihal-etxolaren gainaldetik, Jaunak agindu bezala.
20Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini zuen; hagak ipini zizkion kutxari eta estalkia ezarri gainean. 21Ondoren, egoitzara eraman zuen kutxa eta errezela ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu bezala.
22Gero, mahaia jarri zuen elkarketa-etxolaren barnean, egoitzaren iparraldetik, errezelaz kanpo. 23Mahai gainean Jaunari eskainiriko ogia jarri zuen, Jaunak agindu bezala.
24Argimutila ere elkarketa-etxolaren barruan ezarri zuen, mahaiaren aurrez aurre, egoitzaren hegoaldera. 25Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aurrean, beronek Moisesi agindu bezala.
26Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barruan jarri zuen, errezelaren aurrean, 27eta intsentsu usaintsua erre zuen bertan, Jaunak agindu bezala.
28Gero, Moisesek oihala ipini zuen egoitzaren sarreran. 29Elkarketa-etxolaren sarreran erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta labore-opariak egin zituen bertan, Jaunak agindu bezala.
30Elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean ezarri zuen uraska eta urez bete, garbikuntzetarako. 31Bertan garbitzen zituzten esku-oinak Moisesek, Aaronek eta honen semeek. 32Hala egiten zuten elkarketa-etxolan sartzen eta aldarera hurbiltzen ziren bakoitzean, Jaunak Moisesi agindu bezala.
33Azkenik, ataria eraiki zuen Moisesek egoitza eta aldare inguruan, eta atari-sarreran oihala jarri.
Honela burutu zituen Moisesek lan guztiak.
Jauna egoitzaz jabetu
34Orduan, lainoak elkarketa-etxola estali zuen eta Jaunaren aintzak egoitza bete zuen.#lainoa eta Jaunaren presentzia aintzatsua 24,15-16; 1 Erg 8,10-13; Is 6,3-4; Ez 43,4-5; Ap 15,8. 35Moises ez zitekeen elkarketa-etxolan sar, haren gainean kokaturik baitzegoen lainoa eta Jaunaren aintzak betetzen baitzuen egoitza.
36Egoitzaren gainetik lainoa altxatzen zenean abiatzen ziren israeldarrak, bidaialdi bakoitzean;#lainoa altxatzen zenean Zen 9,15-23. 37baina lainoa altxatzen ez bazen, ez ziren abiatzen, altxatu arte. 38Israeldarren ibilaldi guztian, Jaunaren lainoa egoitzaren gainean egon zen egunez, eta sua gauez, Israel herri osoak ikusteko moduan.

Currently Selected:

IRTEERA 40: EAB

Highlight

Copy

Compare

Share

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in