YouVersion Logo
Search Icon

1 KRONIKAK 14

14
Daviden jauregia eta semeak
(3,5-9 eta 2 Sm 5,11-16)
1Tiroko errege Hiramek, mandatariekin batera, zedro-zura, harginak eta zurginak bidali zizkion Davidi, jauregia eraikitzeko. 2Horrela ohartu zen David, Jaunak Israelgo errege ezartzen zuela eta ospetsu egiten ziola erregetza, Israel bere herriarengatik.
3Davidek Jerusalemen beste emazte batzuk hartu zituen, eta zenbait seme-alaba jaio zitzaion. 4Hona hemen, Jerusalemen sortu zitzaizkion semeen izenak: Xamua, Xobab, Natan, Salomon, 5Ibhar, Elixua, Elpalet, 6Nogah, Nefeg, Jafias, 7Elixama, Beeliada eta Elifelet#14,6-7 2 Sm 5,14-16 testu paraleloan ez dira aipatzen 5-6 tx.etako Elpalet eta Nogah izenak, eta hemen aipatzen den Beeliada (Baalek ezagutu) ordez, Eliada (Jainkoak ezagutu) ageri da, Baal sasijainkoaren izena ez erabiltzearren..
David filistearrei nagusitu
(2 Sm 5,17-25)
8David Israelgo errege gantzutu zutela jakin bezain agudo, filistearrak Daviden bila igo ziren. David, hori jakitean, haiei aurre egitera atera zen. 9Filistearrak, hara heltzean, Refaim haranean#14,9 Refaim harana: Ik. 2 Sm 5,17-25 eta oh.; 16. tx.ean Geba ordez Gabaon aipatzen da. zabaldu ziren. 10Davidek kontsulta egin zion Jainkoari:
—Erasoko al diet filistearrei? Emango al dizkidazu eskura?
Jaunak erantzun:
—Bai, eraso! Emango dizkizut.
11Filistearrak Baal-Peratzimera etorriak ziren. Ebaki-ebaki egin zituen han Davidek. Honela zioen: «Ebaki egin ditu Jainkoak nire etsaiak nire bitartez, uholdeak ebakidura egin ohi duen bezala». Horregatik deritza toki hari Baal-Peratzim, hau da, «Ebakiduren Jauna». 12Filistearrek han utzi zituzten beren sasijainkoen irudiak, eta Davidek sutan erretzeko agindu zuen.
13Filistearrak berriro zabaldu ziren haran hartan. 14Eta Davidek berriro egin zion kontsulta Jainkoari, eta Jainkoak erantzun: «Ez eraso aurrez aurre. Egin itzulingurua haien atzetik eta eraso masustondoen aurretik. 15Eta masustondoen gainetik datorren oin-hotsa nabaritzean, ekin orduan borrokari, orduantxe joango baitzaizu aurretik Jainkoa filistearren gudarostea hondatzera».
16Jainkoak agindu bezala egin zuen Davidek, eta Gabaondik Gezer-eraino xehatu zituen filistearrak. 17Orduan, lurralde guztietan zabaldu zen Daviden izena, eta Jaunak beldurgarri egin zuen nazio guztientzat.

Currently Selected:

1 KRONIKAK 14: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy