YouVersion Logo
Search Icon

HEBREARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Idazki honetaz zehaztasun historikorik ez daukagu. Pauloren gutunen bilduman sartu izan bada ere, kristautasunaren lehen mendeetatik konturatu ziren ez zela Pauloren beste idazlanak bezalakoa: literatur arrazoiengatik eta teologiagatik. Idazlearen datu segururik ere ez daukagu: bigarren belaunaldiko kristaua da, jatorriz judua seguruenik, baina kultura grekoaz ere jabetua eta Liburu Santuak sakon ezagutzen dituena. Idazkia Paulorena ez den arren, haren inguru edo tradizioari loturik ikusi ohi da. Luterok Apolo (Eg 18,24-28) proposatu zuen gutunaren egiletzat; hipotesia sinesgarria da, inolako froga zehatzik ez dagoen arren.
Hebrearren erlijio-gaiak asko erabiltzen dituelako, jatorriz judu zirenek osatzen zuten kristau-komunitateren bati idatzia izango zela pentsatu zen; horregatik ezarri zitzaion Hebrearrei gutuna izenburutzat; baina hau ere ez dago argi jakiterik. Dirudienez 80-90 urte inguruan idatzia da.
Idazlan edo sermoi hau egoera zaila bizi zuen kristau-elkarte bati idatzia dago. Bigarren belaunaldiko kristauak krisi berezia jasaten ari ziren: zabarkeria (2,3), salbazioaren estimu eskasa, komunitatearen bilerak uzteko joera (10,25). Idazleak larritzat hartzen du egoera, fedean hozteko (3,12) edo fedea ukatzeko (6,4-6) arriskua ikusten baitu.
Idazlanak, gutuntzat hartua izan bada ere, komunitate bati bidalitako homilia baten antz gehiago du.
Idazkiaren hari nagusiak
Bi hari nagusi bereiz genitzake idazlanean elkarrekin nahasturik: bata, doktrina-alderdia lantzen duena (1,1-4; 2,5-18; 4,15—5,10; 7,1—10,18; 12,18-24); bestea, aholku- edo erregu-gisakoa (2,1-4; 3,7—4,13; 5,11—6,12; 10,19-39). Fedean eta itxaropenean gogoberotzeko, Kristoren misterioa bere sakonean argitu nahi die kristauei.
Bost zati handitan dago banatua:
Lehenengoan (1,5—2,18), Kristoren, Jainkoaren Semearen, duintasuna azpimarratzen da, zerbitzari huts diren aingeruena baino handiagoa dela esanez. Bigarrenean (3,1—5,10), Kristoren apaizgoaren bikaintasuna aldarrikatzen du egileak; Moises eta Jesus alderatzen ditu, Jesusen bitartekotza Moisesenaren gainetik jarriz; Jesus da apaiz nagusia, Jainkoari dagozkionetan fidagarria eta gizakiarekiko errukitsua. Hirugarren zatiak (5,11—10,39), zatirik zabalen eta nagusienak, Kristoren apaizgoaren alde bereziak aztertzen ditu: antzinako israeldar apaizgoa eta Kristoren apaizgo berria, kultu zaharra eta Kristok inauguratutako kultu berria alderatzen dira; benetako kultua, Jesusek bere bizia maitasunez opari eskainiz burututakoa da; honek bakarrik lor dezake egiazko berrikuntza. Laugarren zatiak (11,1—12,13) kristau-bizitzaren oinarrizko bi alderdiz dihardu: fedeaz eta iraupenaz; horretara eragiteko, salbamen-historiako hainbat testigu aipatzen ditu. Bosgarren zatiak (12,14—13,19) kristau-jokabideak dituen bi alderdiak gogoratzen dizkigu: bai Jainkoaren aurrean, bai senideen aurrean izan behar dugun jokabidea, beti ere Kristo eredu dugularik.
Kristoren misterioa da idazki guztiaren muina. Hori azaltzeko, apaizgo eta kultuaren hiztegiaz baliatzen da idazlea. Kristok, Jainkoaren Semeak, apaiz bezala betetzen du bere salbamen-egintza. Salbamen-egintza hori Jesusek, apaiz nagusiak, bere burua opari eskaintzen duenean iristen da bere gailurrera; misterio honek batean biltzen ditu Jesusen sufrimendua, heriotza, piztuera, zeruetara igotzea eta haren betiko bitartekotza. Horrela, Kristo Itun Berriko apaiz-bitarteko eta senide gaituen gizaki guztiontzat salbamen-iturri bihurtu da.
Kultu-giroko eskema honen barruan, idazlan honek, I.Z.eko eta I.B.ko salbamen-bideak aurrez aurre jartzen ditu: Jesusen apaizgoaren eta kultu berriaren nagusitasuna eta baliotasuna azpimarratzen ditu. Kristoren odolak bakarrik burutu dezake gizakiaren eta Jainkoaren arteko itun berria, Kristoren odolak bakarrik berri dezake gizakia (9,11-15). I.Z.ean ongi ezagunak diren hitz eta ideiak erabiltzen ditu, hala nola, ituna, kultua, apaizgoa, sakrifizioa… Baina errealitate hauek guztiek, Jesu Kristori aplikatuz gero, esanahi guztiz berriak hartzen dituzte eta eduki berriak adierazten.
Eskema
—Sarrera (1,1-4).
—Kristo aingeruen gainetik (1,5—2,18).
—Kristo apaiz nagusi fidagarri eta errukitsu (3,1—5,10).
—Jesu Kristo, Itun Berriko apaiz nagusia (5,11—10,39).
—Fedea eta iraupena (11,1—12,13).
—Kristoren opariaren fruituak kristau-bizitzan (12,14—13,19).
—Azken gurariak eta agurrak (13,20-25).

Currently Selected:

HEBREARREI SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy