YouVersion Logo
Search Icon

KOLOSARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Asia Txikiko hiria da Kolosa, Efesotik 180 km ingurura. Pauloren lankide zen Epafrasek sortu zuen Kolosako kristau-elkartea (1,6-7), gutunean aipatzen diren Laodizea eta Hierapolis hirietakoak bezalaxe (4,13). Kolosako kristauak jentil-jatorrikoak ziren gehienbat, gutunean aipaturiko zenbait arazok judu-kristauak ere bazirela aditzera ematen duen arren.
Irakaspen-arazoei buruzko kezka sakona azaltzen zaigu gutun honetan. Ez da erraza, hala ere, Kolosako kristauak astintzen zituen irakaspen okerrak zeintzuk ziren jakitea (2,4). Judu-tradizioko eta greziar filosofiako zenbait erlijio-gai eta espekulazio nahasian emanak zirela dirudi (2,8). Edonola ere, aingeruei buruzko eta Jainkoaren eta munduaren bitartekotzat jotzen zituzten beste izaki edo indarrei buruzko irakaspenek zalantzan jartzen zituzten Kristo bera eta beronen egitekoaren garrantzia eta maila.
Kolosarrei gutuna berezia da Pauloren beste gutunen ondoan, bai hizkera eta idazkerari, bai edukiari dagokienez. Horregatik, uste izan da egilea ezin zela Paulo izan, honen lankide edo ikasleren bat baizik. Hala ere, Filemoni gutunarekin azaltzen duen egoera-kidetasunagatik, ikertzaile askok Paulok idatzia dela uste du, 58-60 urteetan Zesarean kartzelan zegoela seguruenik. Bestalde, uste da Efesoarrei gutuna Kolosarrei egindako hau kontuan harturik eta beronetan oinarriturik idatzia dela.
Gutunaren hari nagusiak
Hasierako agurraren ondoren, eskerrak ematen dizkio Paulok Jainko Aitari kolosarren sinesmen, itxaropen eta maitasunagatik (1,3-6) eta otoitz egiten, Jainkoa geroz eta ezagunagoa izan dezaten; esker oneko izan behar dute, Jainkoak ilunpetatik argiaren eta askatasunaren erreinura aldatu dituelako (1,9-14).
Ondoren datorren Kristori buruzko gorazarreagatik da bereziki ezaguna eta aipatua Kolosarrei gutuna (1,15-20). Kreazioaren eta Elizaren buru ezarri du Jainkoak Kristo, beronen bidez sortu baititu gauza guztiak eta beronen bidez adiskidetu du berekin mundua. Kolosarrek badute esku eta parte Kristoren salbamenean; horretarako, ordea, hartu duten salbamen-mezuari zintzo eutsi behar diote (1,21-23).
Idazleak bere burua Kristoren zerbitzari bezala aurkezten du; horretan eman ditu bere ahalegin, borroka eta nekeak (1,24—2,5).
Kristo Jauntzat onartu dutenek aukera honi dagokion jokabidea behar dute hartu. Kristo dute beren bizitzaren oinarri eta erro bakarra, eta hutsal eta okertzat eman behar dituzte Kristori berari eta salbamen-egintzari balioa nahiz garrantzia kentzen dieten irakaspen eta jokabideak (2,6—3,4). Indar guztiaz oihukatzen du Paulok Jesu Kristo dela Jaun bakarra eta gorena, munduko eta munduaz gaindiko errealitate guztien gainetik Jaun.
Kolosarrek beren giza izaera zaharra erantzi eta berria jantzi behar dute, beroni dagokion arabera biziz eta, denen gainetik, maitasunaren eskakizunak betez (3,5-17). Azken aholku eta agurrak egin aurretik, bizitza berri horren arabera bizitzeko eskatzen die senar-emazteei, guraso eta seme-alabei, esklabo eta nagusiei (3,18—4,1).
Eskema
—Agurra eta sarrera (1,1-14).
—Kristoren misterioa (1,15—2,5).
—Kristorekin piztu direnen jokabide berria (2,6—4,1).
—Azkena (4,2-18).

Currently Selected:

KOLOSARREI SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy