YouVersion Logo
Search Icon

MALAKIAS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
K.a. V. mendearen lehen aldian, 480-460 urteen inguruan, idatzi zen Malakias izeneko liburu hau. Herria ordurako erbestetik itzulia zen (K.a. 538an) eta tenplua berreraikia zuten (520tik 515a bitartean), Ageo eta Zakarias profeten predikuak akuilaturik.
Baina bi profeta hauek susperturiko ametsak eta herriak Zorobabelengan jarriak zituen itxaropenak ez dira oraindik bete eta israeldarren fedea adoregabeziak eta axolarik ezak joa dago. Jainkoarentzako kultua aspaldi antolatua dago tenpluan, baina apaizek nagikeriaz betetzen dute. Horrela, Jaunaren legea betetzetik aldendu egiten dituzte israeldarrak. Ondorioz, solidaritatea eta elkartasuna epelduz doaz herritarren artean. Sutsu altxatzen da profeta egoera honen aurka, eta bakoitza bere erantzukizunaren buruz buru jartzen du ausardiaz, erbestealdi ondorengo judaismoa eratuz eta finkatuz doan garai honetan.
Ezaugarri nagusiak
Apaizen faltsukeria eta arduragabezia salatzen ditu (2,1-9), baita Jaunari kultu egokirik ematen ez dion (1,6-14) eta Jaunaren legearen arabera bizi ez den (2,10-16) jendearen jokabidea ere. Jasotzen dituzten uzta urriak Jainkoaren epaiaren seinale dira, profetaren esanetan. Prest dago Jainkoa idolatrian eta injustizian bizi direnen kontra ekiteko (2,17—3,5; 3,13-24). Baina berarengana bihurtzen eta aginduak betetzen dituena bedeinkatu egingo du (1,1-5).
Kultuko eskaintzak, jentilekiko ezkontzak, dibortzioa eta hamarrenak azpimarratzen ditu bereziki Malakiasen irakaspenak.
Bere «mandataria» bidaltzera doa Jainkoa, bere etorrerako bidea presta diezaion eta bere herriarekiko ituna hots egin dezan.
Jainkoarekin topo egiteko prestatzera deitzen du Malakiasek, eta garai guztietako gizon-emakumeentzat balio du haren deiak. Jaunaren bidea prestatzen duen mandatariaren iragarpena da Itun Berrian gehientsuen aipatzen den testua (Mk 1,2; Lk 1,17.76; 7,19.27; Jn 3,28). Joan Bataiatzaileari aplikatu diote ebanjelariek (Mt 17,11-13; Mk 9,11-12; Lk 1,17).

Currently Selected:

MALAKIAS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy