YouVersion Logo
Search Icon

DANIEL GR.(Susana 13/10/03) 14

14
Daniel eta Bel jainkoaren apaizak
1Astiages#14,1 Astiages: Mediako azken erregea, K.a. 550. urte aldera hila. erregea hil zenean, Ziro pertsiarra izan zen errege haren ordez. 2Erregearekin bizi zen Daniel eta haren gorte-gizonetako estimatuena zen.
3Babiloniarrek idolo bat zuten, Bel izenekoa. Egunero hamabi zaku irin, berrogei ardi eta berrehun eta berrogeita hamar litro ardo ematen zizkioten.#Bel Is 46,1; Jr 50,2; 51,44. 4Erregeak ere ohoratzen zuen, eta egunero joaten zen hura gurtzera. Danielek, ordea, bere Jainkoa gurtzen zuen. 5Erregeak galdetu zion:
— Zergatik ez duzu gurtzen Bel?
Danielek erantzun:
— Nik ez dut gurtzen giza eskuz eginiko idolorik, Jainko bizia baizik, zeru-lurren egilea eta bizidun guztien Jaun dena.#zeru-lurren egilea Has 1,1; 14,19.22.
6Orduan, erregeak esan zion:
—Ez duzu sinesten Bel jainko bizia dela? Ez al duzu ikusten zenbat jaten eta edaten duen egunoro?
7Danielek barrez esan zion:
—Ez zaitez engaina, errege! Idolo hori barrutik buztinezkoa da eta kanpotik brontzezkoa, eta ez du sekula ez jan, ez edan.
8Orduan, erregeak, haserre bizian, Bel jainkoaren apaizei dei egin eta esan zien:
—Bel-entzat ekarritako janariak nork jaten dituen esaten ez badidazue, zuenak egin du. Baina jaten dituena Bel dela erakusten badidazue, Daniel hilko da, Bel-en kontra birao egin duelako.
9Danielek esan zion erregeari:
—Bete dadila esan duzuna.
Bel-en apaizak baziren hirurogeita hamar gutxienez, emazte eta seme-alabak kontatu gabe.
10Erregea Bel-en jauretxera joan zen Danielekin. 11Bel-en apaizek esan zioten erregeari:
—Gu orain jauretxetik irten egingo gara. Zuk, errege, janaria ekarri, prestatu ardoa eta ezarri bertan; gero, ateak itxi eta zigilatu errege-zigiluz. Etorri bihar goizean, eta ikusten baduzu Bel-ek ez duela ekarritakoa jan, geu hilko gara; bestela, Daniel hilko da, belztu egin baitu gure izena.
12Apaizak seguru eta harro agertzen ziren, mahai azpian sarrera ezkutu bat egina baitzuten, eta handik sartzen ziren janariak eramateko.
13Haiek irten zirenean, erregeak janariak eskaini zizkion Bel-i. 14Danielek, erregea bakarrik lekuko zela, errautsa ekartzeko eta jauretxeko zoruan zabaltzeko agindu zien bere zerbitzariei. Gero, irten, atea itxi eta, errege-zigiluz zigilaturik, joan egin ziren.
15Ohi zutenez, gau hartan ere etorri ziren apaizak beren emazte eta seme-alabekin eta dena jan eta edan zuten.
16Goizean goiz jaikita, erregea eta Daniel jauretxera joan ziren.
17Erregeak galdetu zion Danieli:
—Bere hartan al daude zigiluak?
Danielek erantzun:
—Bai, errege!
18Atea ireki bezain laster, mahaira begiratu zuen erregeak eta deiadarka esan zuen: «Handia zara, Bel! Ez dago zuregan engainurik!»
19Baina Daniel barrez hasi zen eta, barrurago sar ez zedin helduz, esan zion erregeari:
—Begira lurrera, ea norenak diren aztarna horiek.
20Erregeak erantzun zion:
—Gizon, emakume eta haurren aztarnak ikusten ditut.
21Orduan, erregea haserre bizian jarri zen, eta apaizak, emazteak eta haurrak atxilotzeko agindu zuen. Haiek ate ezkutua erakutsi zioten, mahai gainean zegoen guztia jatera sartzeko erabiltzen zutena. 22Erregeak hilarazi egin zituen eta Bel idoloa Danielen esku utzi. Honek suntsitu egin zuen tenplu eta guzti.
Daniel eta herensugea
23Bazen herensuge handi bat#14,23 herensuge handi bat: Babiloniako kultuetan jainko bihurturiko herensugerik ez da ezagutzen. ere, babiloniarrek gurtzen zutena. 24Behinola, erregeak esan zion Danieli:
—Ez didazu, bada, esango hau jainko bizia ez dela! Beraz, gurtu ezazu!
25Danielek erantzun zion:
—Nik Jauna, neure Jainkoa, gurtzen dut, hura bakarrik baita Jainko bizia. Emadazu baimena, errege, eta ezpata eta makilarik gabe hilko dut herensugea.#Jauna Dt 6,4.13; Mt 4,10.
26Erregeak erantzun zion:
—Baduzu baimena.
27Danielek, orduan, bikea, koipea eta ileak hartu eta denak batera egosi zituen; guztiaz opiltxoak eginik, herensugeari ahora bota zizkion, eta, irentsi zitueneko, lehertu egin zen herensugea. Orduan, Danielek esan zuen: «Begira zer gurtzen duzuen!»
28Horren berri jakitean, haserre bizian jarri ziren babiloniarrak, eta erregearen aurka manifestazioa egin zuten. Honela zioten: «Erregea judu egin zaigu! Bel hondatu, herensugea akabatu eta apaizak hil ditu!» 29Erregeagana heldurik, esan zioten: «Emaguzu Daniel; bestela, zeu eta zure etxekoak hilko zaituztegu!»
30Erregeak, gogor oldartzen zitzaizkiola ikusirik, haien esku utzi behar izan zuen Daniel. 31Haiek lehoi-zuloan sartu zuten eta hantxe utzi sei egunez. 32Zuloan zazpi lehoi zeuden, eta urkatutako bi gizonen gorpuak eta bi ardi ematen zizkieten jaten egunero; orduan, ostera, ez zitzaien ezer eman, Daniel irents zezaten.
33Aldi hartan bertan, Habakuk profeta Judean zegoen. Orduantxe, eltzekoa egosi eta ontzi batean ogi-apurrak prestatu berriak zituen, eta sorora zihoan igitariei eramatera.
34Jaunaren aingeruak esan zion Habakuki:
—Jateko hori eramaiozu Babiloniara lehoi-zuloan dagoen Danieli.
35Habakukek erantzun zion:
—Jauna, ez naiz inoiz izan Babilonian, eta ez dakit lehoi-zuloa non dagoen.
36Orduan, Jaunaren aingeruak buruko ileetatik hartu eta haizearen bultzadaz#14,36 haizearen bultzadaz: Honela ere itzul daiteke: espirituaren indarrez. Babiloniara eraman zuen, lehoi-zuloaren ahora.
37Habakukek deiadar egin zuen:
—Daniel! Daniel! Hartu Jaunak bidaltzen dizun jatekoa.
38Danielek esan zuen:
—Oi Jainkoa, gogoratu zara nitaz! Zuk ez dituzu inoiz baztertzen maite zaituztenak.#Zuk ez dituzu inoiz baztertzen maite zaituztenak Sal 9,11; 27,2-10; 145,8-9.
39Gero, jaiki eta jaten hasi zen Daniel. Habakuk, berriz, Jaunaren aingeruak berehala eraman zuen bere etxera.
40Zazpigarren egunean, Danielengatik negar egitera etorri zen erregea. Baina, lehoi-zulora hurbildu eta barrura begiratzean, eserita ikusi zuen Daniel. 41Orduan, erregeak oihuka esan zuen: «Jauna, Danielen Jainkoa, handia zara benetan! Ez da zu beste jainkorik!» 42Gero, Daniel lehoi-zulotik ateratzeko agindu eta Daniel hil nahi izan zutenak botarazi zituen zulora, eta lehoiek bat-batean irentsi zituzten erregearen aurrean.

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy