YouVersion Logo
Search Icon

DANIEL GR.(Susana 13/10/03) 13

13
Susanaren historia
1Behinola, Joakim izeneko gizon bat bizi zen Babilonian. 2Helkiasen alaba Susanarekin ezkondua zegoen. Oso emakume ederra zen Susana eta Jainkoari begirune ziona; 3haren gurasoak israeldar zintzoak ziren eta Moisesen legean hazia zuten alaba. 4Joakim oso aberatsa zen eta parke bat zuen etxe ondoan. Eta denetan agurgarriena zenez, haren etxean bildu ohi ziren juduak.
5Urte hartan, herriko bi zahar izendatu zituzten epaile; ondo baino hobeto zetorkien haiei Jaunak esandako hura#13,5 Jaunak esandako hura: Aipamena ez da bere horretan aurkitzen Biblian eta ez dugu beraren jatorria ezagutzen.: «Herri-gidari behar luketen epaile zaharrengandik sortu da gaiztakeria Babilonian». 6Epaile haiek sarritan izaten ziren Joakimen etxean, eta auziren bat zutenek han aurkitzen zituzten.
7Eguerdi aldera, jendeak alde egiten zuenean, Susana bere senarraren parkera joaten zen paseatzera. 8Bi epaile zaharrek egunero ikusten zuten parkean paseatzen, eta harenganako irrika gaiztoa piztu zitzaien. 9Burua galdu eta Jainkoaz eta beren epaile-erantzukizunaz ahaztu egin ziren. 10Biak Susanaren irrikaz erretzen bazeuden ere, ez zioten beren bihozmina elkarri adierazten: 11lotsa ematen zien harekin elkartzeko irrikan zeudela aitortzeak. 12Egunero hura ikusteko eginahalak egiten zituzten.
13Egun batez, etxera bazkaltzera joateko ordua zela eta, irten eta nor bere aldetik joan zen. 14Baina biak atzera itzuli eta elkarrekin topo egin zuten toki berean. Orduan, horren arrazoia jakin nahirik, beren grina aitortu zioten elkarri. Eta, elkar harturik, Susana bakarrik aurkitzeko egokieraren bila hasi ziren.
15Hartan, une aproposaren zain zeudela, Susana atera zen, ohi bezala, bi neskame bakarrik lagun zituela, eta parkean bainatzeko gogoa etorri zitzaion, bero egiten baitzuen. 16Ez zegoen han inor, gordeta zelatan zeuden bi zaharrak besterik. 17Susanak neskameei esan zien: «Ekarri gantzugailu eta usaingarriak eta itxi parkeko ateak, baina nadin». 18Esana egin zuten neskameek: parkeko ateak itxi eta aldameneko atetik irten ziren eskatu ziena ekartzera; ez zituzten zaharrak ikusi, gordeta baitzeuden. 19Neskameak irten bezain laster, atera ziren gordelekutik bi zaharrak, Susanagana lasterka joan 20eta esan zioten:
—Adizu, parkeko ateak itxiak daude eta ez gaitu inork ikusten. Zure irrikaz gaude; emazu amore eta etzan zaitez gurekin. 21Bestela, salatu egingo zaitugu, zurekin mutil bat zegoela esanez eta horregatik bidali dituzula neskameak.
22Susana aieneka hasi zen:
—Ez dut irtenbiderik! Zuek esana egiten badut, heriotza-zigorra dut adulteriogile izateagatik#13,22 adulteriogile izateagatik: Antzinako Israelen adulterioak heriotza-zigorra zeraman berekin (ik. Lb 20,10; Dt 22,22).; egiten ez badut, berriz, ezin ihes egin zuen eskuetatik. 23Nahiago dut, hala ere, ezezkoa eman eta zuen eskuetan erori, Jaunaren aurka bekatu egin baino.
24Eta oihuka hasi zen Susana. Oihu egin zuten zaharrek ere, 25eta bietako bat parkeko atea irekitzera joan zen lasterka. 26Etxeko morroiak, parkeko oihuak entzutean, aldameneko atetik arrapaladan sartu ziren, zer gertatzen ote zen ikustera. 27Zaharrek beren istorioa kontatu zutenean, erabat lotsaturik gelditu ziren morroiak, ez baitzuten Susanaz halakorik inoiz entzun.
28Biharamunean, herria Susanaren senar Joakimen etxean bildu zenean, etorri ziren bi zaharrak ere: Susanaren kontra asmo gaiztoz beterik zetozen, hura hilarazteko prest. 29Herriaren aurrean esan zuten: «Ekarri Susana, Helkiasen alaba, Joakimen emaztea!» Joan ziren haren bila, 30eta Susana bere guraso, seme-alaba eta ahaide guztiekin etorri zen. 31Susana xarma handiko emakumea zen, ikusgarria benetan. 32Aurpegia estalia zuen, baina bi zital haiek estalkia ken ziezaiotela agindu zuten, artean ere haren edertasunaz gozatzeko. 33Etxekoak eta ikusten zeuden guztiak negarrez ari ziren.
34Bi zaharrek, herriaren aurrean zutiturik, eskuak Susanaren buruan ezarri zituzten#13,34 eskuak Susanaren buruan ezarri: Keinu honi buruz, ik. Lb 24,14.. 35Hark, negarrez, zerura jaso zituen begiak, haren bihotzak Jaunarengan baitzuen konfiantza. 36Zaharrek esan zuten: «Parkean biok bakarrik paseatzen genbiltzala, hau sartu zen bi neskamerekin, baina parkeko ateak itxi eta neskameak bidali egin zituen. 37Orduan, gorderik zegoen mutil bat etorri eta honekin etzan zen. 38Gu parkeko txoko batean geunden eta, gaiztakeria hura ikustean, lasterka joan ginen beraiengana. 39Besarkaturik ikusi genituen, baina mutila ezin izan genuen harrapatu, gu baino indartsuagoa baitzen eta, atea irekirik, ihes egin baitzuen. 40Hau, bai, atzeman genuen eta mutila nor zen galdegin genion; 41baina ez zigun esan nahi izan. Geu gara horren lekuko».
Zahar haiei, herriko arduradun eta epaile zirenez, batzarrak sinetsi egin zien, eta Susana heriotzara kondenatu zuten.
42Orduan, Susanak oihu handiz esan zuen: «Jainko betikoa, ezkutukoak ikusten eta gauza guztiak gertatu aurretik ezagutzen dituzuna! 43Zuk ongi dakizu gezurrezko testigantza egin dutela nire aurka; baina, horien gaiztakeriak nire aurka asmatu duen horretan errugabe izan arren, hil egin behar dut».
44Entzun zuen Jaunak Susanaren otoitza 45eta, hiltzera zeramatela, Daniel izeneko gaztetxo bati barrua argitu zion Jainkoak. 46Danielek, oihu handia eginez, esan zuen:
—Ez dut nik erantzukizunik honen heriotzan.
47Herri guztiak, harengana itzulirik, esan zion:
—Zer ari zara esaten?
48Hark, jendearen artean zutik, esan zuen:
—Israeldarrok, hain zentzugabeak al zarete? Auzia aztertzeke eta frogarik gabe kondenatu duzue israeldar emakume hau. 49Itzuli auzitegira, horiek Susanaren kontra gezurrezko testigantza egin dute eta.
50Jende guztia berehala itzuli zen eta herri-arduradunek esan zioten Danieli:
—Eser zaitez gure artean eta mintza, Jainkoak zaharrei dagokien zentzua eman baitizu.
51Orduan, Danielek:
—Bereizi bata bestearengandik, eta neuk galdegingo diet.
52Bereiz jarri zituztenean, bati dei egin eta esan zion:
—Gaiztakerian zahartu zaren hori! Orain datoz argitara gaurdaino egin dituzun bekatuak. 53Epai zuzengabeak eman dituzu, errugabeak kondenatuz eta errudunak askatuz, Jaunak esanaren#13,53 Jaunak esana: Ir 23,7aren aipamena. kontra: «Ez eman heriotzara errugabea eta zintzoa». 54Ea bada, emakume hau mutilarekin egiaz ikusi duzunez gero, esan zein zuhaitzen azpian ikusi dituzun elkarrekin.
Hark erantzun zion:
—Arkazia baten azpian.
55Danielek, orduan:
—Ederki! Gezur horrekin zeure burua galdu duzu. Jainkoaren aingeruak hartu du zigor-agindua eta erdi-erditik ebakiko zaitu#13,55 ebakiko zaitu: 54-55 eta 58-59 tx.etan hitz-jokoa dago zuhaitza eta zigorra adierazten duten hitzen artean..
56Hura bidali ondoren, bestea ekarrarazi eta esan zion:
—Kanaandar arrazakoa zara zu, ez israeldarra! Edertasunak liluratu zaitu eta irrikak bihotza okertu. 57Horrela jokatzen zenuten emakume israeldarrekin eta haiek, beldurrez, zuekin etzaten ziren; baina oraingoan Judako emakume batek ez du jasan zuen gaiztakeria. 58Ea, bada, esadazu zein zuhaitzen azpian aurkitu dituzun elkarturik.
Hark erantzun zion:
—Haritz baten azpian.
59Danielek, orduan:
—Ederki! Gezur horrekin zeure burua galdu duzu zuk ere. Jainkoaren aingerua zain dago ezpatarekin, zu erdi-erditik ebakitzeko. Biok garbituko zaituzte horrela!
60Orduan, batzar osoa oihuka hasi zen eta Jainkoa bedeinkatu zuen, berarengan itxaropen dutenak salbatzen dituelako. 61Gero, bi zaharren kontra altxatu ziren, beraien aitorpenez frogatu baitzuen Danielek gezurrezko testigantza egin zutela, eta lagun hurkoari egitea pentsaturik zutena egin zieten beraiei: 62Moisesen legea betez, hil egin zituzten#13,62 hil egin zituzten: Gezurrezko testigantzak heriotza-zigorra zeraman berekin (ik. Dt 19,16-21).. Egun hartan pertsona errugabea salbatu zen. 63Susanaren aitak —Helkiasek— eta amak, Joakim senarra eta ahaide guztiekin batera, eskerrak eman zizkioten Jaunari, beraien alabaren errugabetasuna garbi gelditu zelako.
64Ordutik aurrera, Daniel oso estimatua izan zuen herriak.

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy