YouVersion Logo
Search Icon

APOKALIPSIA SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Apokalipsi hitzak agerpen esan nahi du, estalkia kendu eta zerbaiten atzean dagoen misterioa azaltzea; apokalipsia errebelazioa da, ezkutuko zerbaiten azalpena. K.a. II. mendetik K.o. II.era garatu zen pentsamolde eta literatura apokaliptikoa, lehenik juduen eta gero kristauen artean. Literatura honen ordezkari nagusia I.Z.ean Daniel liburua da, baina tankera honetako idazki asko sortu zen kristau-aroaren hasiera inguruan. Lotura handia du literatura profetikoarekin, baina apokaliptika historiaren azkenari dagokio; orduan Jainkoaren salbamen-asmoa garaile aterako da, kontrako etsai guztiak suntsitu ondoren. Forma aldetik, beronen bereizgarri nagusiak sinbolismoaren ugaritasuna eta garrantzia izan litezke; honelako idazkietan dena sinbolo bidez adierazten da (zenbakiak, koloreak, piztiak… ) eta hauen esanahia argitu beharra dago mezua ulertzeko.
Joanen Apokalipsiak ere etorkizunerako iragartzen du Jesus piztuaren erreinuaren aintzazko agerpena eta erruz erabiltzen du honelako idazkietan ohikoa den sinbolismoa. Baina era berean Apokalipsiak salbamenaren eta Jesus Jaunaren garaipenaren gaurkotasuna azpimarratzen du (ik. 12,11). Izan ere, Jesusen Pazkoak errotik aldatu du historiaren kristau-ikuspegia, azken garaipena etorkizunean baino gehiago iraganean baitago kokatua, eta kristau-elkarteak aldian aldiko egoeratan egiazta dezake «hila izan den Bildotsak eskuratu duela garaipena» (5,5).
Oro har, pertsekuzio-garai eta egoera larrietan herriaren itxaropena sendotzea zen idazki apokaliptikoen helburua. Hona nola aurkezten zaigun Joan, liburuaren egilea: Jesusen lekuko gisa, beraren testigantza egiteagatik erbesteratua eta mezu-hartzaileekin «atsekabean eta itxaropenean kideko» (1,9).
Tradizioan liburu hau Joan apostoluari egozten zaio, eta badu loturarik 4. ebanjelioarekin eta Joanen gutunekin, baina honek ez du esan nahi Joanek berak pertsonalki idatzi zuenik. Izan ere, liburu hau, I. mendearen amaiera aldera, Domiziano enperadorearen garaian, Joan apostoluaren eskola edo komunitateko kideren batek idatzia da. Eta idatzi, egoera estu eta larria jasaten ari zen komunitateren batentzat idatzi ere; egoera larria, bai kanpotiko —Erromako inperioaren, itsasotik datorren «piztia»-ren— eraso eta pertsekuzioengatik, baita komunitate barneko desbideratzaileengatik ere. Beraz, ugari diren sinboloak ulertzeko, garai hartako historiaren argitan jokatu beharra dago.
Liburuaren hari nagusiak
Liburu misteriotsua da, argitu beharreko sinbolo eta enigmaz betea, agian egoera politiko bereziak hitz-erdika idaztea eskatzen zuelako, kristau zintzoek bakarrik uler zezaketen moduan, alegia. Sinbolo hauetariko gehienek I.Z.ean dute jatorria, nahiz eta beste judu-tradizio batzuk eta naturako elementuak ere hartzen diren horretarako.
Egitura sinplea du. Sarreraren ondoren, gorputz nagusia garbi banatua dago bi zatitan, 1,19an esanaren haritik: «Dagoeneko badena» (1,9—3,22) eta «Geroago gertatzekoa» (4,1—22,21).
Lehenik, Jesus Jaunaren agerpena eskaintzen du, «hilik egon baina orain bizirik dagoenaren» etorrera iragarriz (1. kap.). Ondoren (2—3 kap.ak), Joanek, gutun modura, Jaunaren partetik Asia Txikiko zazpi eliz elkarteei zuzenduriko profeta-mezua dator. Eliza hauen barne-egoera, heresiaren aurrean duten jarrera batik bat, aztertzen da, eta Jaunak, bakoitzaren jokabidearen arabera, txalotu eta adore ematen die edota errieta eta konbertsiorako deia egiten.
Bigarren zatia —bereziki apokaliptikoa dena— Jainkoaren tronuaren ikuskariarekin hasten da, eta tronuaren aurrean garatzen den zeruko liturgiarekin (4. kap.). Ikuskariak lurrean pertsegiturik dagoen eliz elkartearen aintzazko irudia aurkezten du nolabait. Zeruko liturgia horretako gorazarre eta garaipen-kantuak ez dira isilduko liburu osoan zehar. Ondoren, Jesus berpiztuak, «heriotzaren bidez garaipena lortu duen Bildotsak», giza historiarekiko Jainkoaren salbamen-asmoa barnean duen liburua hartzen du, eta beronen burutzapenari ekiten dio liburuaren zazpi zigiluak banan-banan irekiz (5,1—8,5). Herensugeari eta honen piztiei jarraituz Bildotsaren aurka ariko direnek zigorra izango dute (8,6—11,16; 12—13; 14,6-20; 15,5—16,21). Erantzule nagusiena Erroma izango da, «emagaldu handia» (17,1), «Babilonia handia» (17,5); ezinbestean hondatuko da hori (18,1-3), zeruraino pilatu baititu bere bekatuak (18,3.7-24).
Bildotsari jarraitzen diotenek, kosta ahala kosta, hitza hots egingo dute (10,8-11), eta horiek goratuko dute Jainkoa, beronen epaiaren lekuko izanez (11,17-18); bekokian idatzia Bildotsaren eta honen Aitaren izena eramango dute (14,1-5), kantika abestuko dute (15,1-4), eta Bildotsaren ezteietara gonbidatuak izango dira (19,1-10).
Azken borroka, erabakiorra, Jesusen eta Satanasen artean izango da, Satanas erabat gaitzetsia eta hondatua gertatuko delarik (19,11—20,10). Azkenean, zeru-lur berriak sortuko dira eta gizadia Jerusalem berri, Jainkoaren bizi eta maitasunaz argitua, bihurtuko da behin betiko (21—22).
Laburbilduz, Apokalipsiak une jakin bateko eta historialdi guztietarako bere izaera eta bizi-konpromisoaren interpretazio teologikoa eskaintzen dio kristau-elkarteari; batez ere, fedean eta leialtasunean sendo irauteko behar duen adorearen oinarria azaltzen dio: Kristok, bere Pazko-misterioaren bidez, lortua du funtsean gaitzaren —eta bere burua jainkotu nahi duen edozein botereren— kontrako behin betiko garaipena.
Apokalipsia, goitik behera, itxaropen- eta garaitzapen-mezua da, liburuaren bukaerako erregu-oihuak adierazten duen bezala: «Zatoz, Jesus Jauna!» (22,21).
Eskema
—Hitzaurrea (1,1-8).
—Dagoeneko badena (1,9—3,22).
—Geroago gertatzekoa (4,1—22,21).

Currently Selected:

APOKALIPSIA SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy