YouVersion Logo
Search Icon

GALAZIARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Galaziarrei idatzitako gutun honen egilea Paulo apostolua da; gutunaren bukaera bere eskuz eta «hizki handiz» idazten die Paulok, gainerakoa diktatu ondoren.
Galazia izeneko lurraldeak Asia Txikiko (gaurko Turkiako) iparraldea hartzen zuen. Bizilagunak jatorriz zeltak ziren, Galiako (Frantziako) leinuen ahaideak. 45-48 urte bitartean, lehenengo ibilaldi apostolikoan, Asia Txikiaren hegoaldeko hirietan (Ikonion, Derben, Listran, Pisidiako Antiokian) ebanjelioa hots egin zuen Paulok; bigarren ibilaldian, 50-52 urte bitartean, berriz, Galaziako hirietan (Eg 16,6), ondoren Grezian sartzeko. Galazia lurraldean sortu zituen eliz elkarteei idatzia da gutun hau.
55. urte aldera Efeson zelarik, Galaziako elkarteak nahasiak zebiltzala jakin zuen Paulok. Palestinako elkarte judu-kristauetatik etorritako predikariren batzuek ekarri zuten nahasmendua Galaziara ere. Paulok hots egin eta irakatsi zien ebanjelioa ez zela jatorra eta egiazkoa, eta Paulo bera gezurrezko apostolua zela zioten. Juduzale haien esanetan, Moisesen legea onartu beharrik —erdainkuntza egin beharrik batik bat— ez zela zioen ebanjelioa faltsua zen, ez zetorren Jerusalemgo apostoluengandik. Horregatik, ez zuen baliorik Paulok hots egindakoak.
Arazo hau Galaziako elkarteetan ez ezik, beste elkarte askotan ere agertua zen. Arazo hau eztabaidatzeko eta erabakitzeko bildu zen, hain zuzen, Jerusalemgo biltzarra 50. urte inguruan (Eg 15,1-29). Efesotik edo Mazedoniatik 56/57. urte aldera galaziarrei bidaltzen dien gutun honetan sutsu eta gogor defendatzen ditu Paulok bere apostolu-izatea eta lana, baita berak hots egin duen ebanjelioa ere, bakarra dela eta besterik ez dagoela esanez (1,6-10). Geroxeago, 57-58 arteko neguan, erromatarrei idatziko zien gutunean luze eta zabalago landuko zuen zenbait gai garrantzitsu aipatzen du Paulok galaziarrei eginiko honetan. Zerikusi handia dute, beraz, batak bestearekin Ga eta Erm gutunek.
Gutunaren hari nagusiak
Eztabaidaren suak hari bakarra eta garbia ikusten uzten ez badu ere, hiru sail nabari ditzakegu gutun honetan:
—Lehenik (1—2 kap.ak), bere apostolu-izatea defendatzen du Paulok, gizakiengandik ez, baizik eta Jesu Kristogandik eta Jainko Aitarengandik hartu duela esanez (1,1-10). Hots egin duen ebanjelioa ere defendatzen du, gizakien asmaketa ez dela esanez, Jesusek berak adierazia baizik. Paulok Jerusalemgo apostoluei berak hots egindako ebanjelioaren berri eman zien eta apostoluek ontzat hartu zioten. Nahasmenduak «gezurrezko anaiek» (juduzaleek) sortzen zituzten, Kristorengandik dugun askatasuna oztopatzeko, jentil-jatorriko kristauak Moisesen legearen menpean esklabo bihurtu nahirik. Pedrori berari ere denen aurrean behin gogor egin behar izan ziola aitortzen du Paulok, juduzaleen beldurrez judu ez ziren kristauengandik bereizi zelako. Izan ere, Paulok garbi ikusi du «Kristorengan sinesteagatik onartzen gaituela Jainkoak eta ez Moisesen legea betetzeagatik» edota erdainkuntza egiteagatik (1,11—2,21).
—Ondoren (3—4 kap.ak), bere irakaspen nagusia eskaintzen du: egiazko salbamena Jainkoarengandik datorkigu Kristoren bidez, eta Kristo sinesmenez onartzeak sartzen gaitu gu Jainkoaren salbamen-bidean. Salbamena dakarkigun gertakari nagusia, beraz, Kristo da. Eta Kristo salbatzaile bakartzat onartzean ematen dio Jainkoak gizakiari salbamena. Onartze hau, noski, adimenez ez ezik, bihotzez ere egin behar da eta jokaeretan adierazi, elkar maitatuz batik bat (3,1—4,7). Galaziarren egoerari buruz dituen kezkak ere aipatzen ditu Paulok, antzina bezala legea betetzera itzuli nahi baitute (4,8-20).
—Azkenik (5—6 kap.ak), Kristok askaturiko gizakiak nolako jarrera behar duen adierazten du, Espirituaren arabera askatasunean bizitzeko eta ez giza grina txarren menpe: kristaua Kristoren irudira sorturiko izaki berria da eta ez dago legearen menpe; kristau-erlijioa, antzinako Sara bezala, askatasun-erlijioa da; judu-erlijioa, aldiz, Agar bezala, esklabotza-erlijioa (4,21—5,1). Legearen mendera itzultzea kristau-askatasuna galtzea izango litzateke. Baina askatasuna ez da, grina txarrei jarraituz, lasaikerian ibiltzea, senide arteko maitasunean bizitzea baizik, Espirituaren eraginari erantzunez eta berari dagozkion fruituak emanez (5,2—6,10).
Gutunean eman duen zenbait ideia nagusi laburbilduz —bere eskuz eta hizki handiz idatziz (6,11)— bukatzen du Paulok: harrotzeko bide bakarra Kristoren gurutzea du, gurutzea baita salbamen-iturri bakarra; erdaindua izan ala ez berdin dio; sorkari berri izateak du balio (6,15); Paulo Kristoren apostolu da; argi agertzen dute hori apostolu-lanen ondorioz gorputzean dituen aztarrenek (6,11-18).
Eskema
—Agurra eta sarrera (1,1-10).
—Paulo bere apostolutzaren alde (1,11—2,14).
—Salbamena Kristorengan sinestetik (2,15—4,20).
—Kristau-askatasuna (4,21—6,10).
—Amaiera (6,11-18).

Currently Selected:

GALAZIARREI SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy