YouVersion Logo
Search Icon

DEUTERONOMIOA SARRERA

SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
«Deuteronomio» izenak «bigarren lege» esan nahi du eta grekozko antzinako itzulpenak liburuari emaniko izenburua da; hebreerazkoak liburuaren lehen hitz garrantzitsuaz izendatzen du: «Hitzak (hitzaldiak)».
Liburuak historia berezia du, Pentateukoko beste laurek ez bezalakoa. Tradizioak Moisesi egotzi zion arren, ez du egile jakinik. Seguruenik, K.a. VIII. eta VII. mendeetan garatzen den eratze-prozesu baten emaitza da. Uste denez, idatziz ezarria izan aurretik, Israel edo Ipar Erresumako santutegietako kultu-arduradunek, lebitarrek, ahoz irakatsi eta predikatu zuten. Hori da, hain zuzen, liburuaren estiloa: erretorikoa, sermoi-tankerakoa, errepikapenez eta esamolde eginez josia.
Liburuaren lehen argitalpena, hala ere, Jerusalemen egin zen, Ipar Erresuma eta Samaria hiriburua asiriarren esku erori ondoren (K.a. 722/721) bertako apaiz eta lebitarrak Jerusalemen bildu zirenean.
Dokumentu hau Josias erregearen garaian, 622. urtean, tenpluan aurkitu eta haren erreformaren eragile izan zen «lege-liburuarekin» identifikatzen da (ik. 2 Erg 22,8). Josiasen erreforma eta Deuteronomioaren eskakizuna bat datoz, izan ere: lurraldean sakabanaturiko kultu-lekuak desegin eta Jerusalemgo tenplua kultu-leku bakartzat ezartzea.
Adituen ustez, hasieran Deuteronomioa Pentateukoaren azken liburua ez, baizik eta «Historia deuteronomista» deituaren —hau da, Josue liburutik 2 Erregeak liburuaren bukaera arteko historiaren— sarrera zen. Historia hori idatzi zuenak eman zion azken eskua liburuari. Nabarmena da histori obra horrek Deuteronomioarekin duen kidetasuna.
Azkenik, erbestealdi ostean Pentateukoa osatu zenean, Deuteronomioa Pentateukoko gainerako liburuei erantsi zitzaien, Moisesi buruzko guztia Bibliako lehen sail handi horretan biltzeko.
Ezaugarri nagusiak
Liburuaren erdigunea lege-bilduma handi bat da, «Deuteronomio-kodea» deitua (12—26 kap.). Berau da liburuaren zatirik zaharrena. Lege-bilduma Moisesen hitzaldi baten barruan ezarria dago (4,44—11,32 eta 27—28). Multzo horren aurretik (1,1—4,43) eta atzetik (29—30) Moisesen beste bi hitzaldi ematen zaizkigu. Bukatzeko, Moisesen azken hitzak eta heriotza ditugu (31—34).
Liburu osoa Moisesen testamentutzat har daiteke. Hilzorian dagoen gidari handiak, Moisesek, aginduriko lurraldean bizitza berriari ekiteko zorian dagoen herriari azken agindu eta oharpenak egiten dizkio, lurraldean luzaro iraun eta zoriontsu izateko «Jaunaren lege, erabaki eta xedapenak» (4,45) adierazten.
Hitzaldiak historiari buruzko gogoeta dira alde batetik, eta bestetik etorkizunera begira daude. Historia ikasbide eta eskarmentu da, oharpen eta iragarpen: bizia ala heriotza, zoriona ala zoritxarra, lurraldearen jabetza iraunkorra ala erbeste latza. Guztia Deuteronomioan leialtasunerako dei bihurtzen da: leialtasuna, herriaren alde hain handikiro jokatu duen Jaunari atxikiz, haren maitasuna eta doako hautapena gogoan edukiz, haren nahia bihotz zintzoz betez. Hori da herriaren bizi-iturria. Labur esanda, itunarekiko leialtasuna hil edo biziko kontua da herriarentzat.
Deuteronomioak iragana adina etorkizuna du begi aurrean: herriak, leial iraungo ez duenez eta Jaunaren bidetik saihestuko denez, erbesteko proba gogorra jasan beharko du; baina itzuliko da azkenik Jaunarengana, eta honek gupidaz hartuko du berriro.
Ikus daitekeenez, herriaren historia osoa besarkatzen du Deuteronomioak, iraganaren oroigarri —hautapenaren eta itunaren oroigarri— eta etorkizunerako profezia gisa. Etorkizunean Jaunak berak ezarriko du ituna herri errebeldearen bihotzean; honela, Jeremias, Ezekiel eta I.B. ere aurreirudikatuak aurkitzen ditugu Deuteronomioan. Honek sakon markatu du Biblia osoa bere gai eta hizkeraz. Eta Biblia ez ezik, aldioroko Israelen fedea eta otoitz-bizitza ere bai: «Xema», israeldar zintzoen otoitzaren muina, Dt 6,4-9ko hitzak dira. Hitz horietan dago bildua Jesusentzat ere agindurik nagusiena, Legea —Moisesen irakaspena— eta profetak batean biltzen dituena (ik. Mt 22,34-40 par.).
Eskema
—Sarrera (1,1-5)
—Moisesen lehenengo hitzaldia: berrogei urtez basamortuan (1,6—4,43).
—Moisesen bigarren hitzaldia (4,44—26,19).
-Leialtasunerako deia (5,1—11,32).
-Jaunaren legeak (12,1—26,19).
—Ituna: ospakizuna eta ondorioak (27,1—28,68).
—Moisesen azken hitzaldia (28,69—30,20).
—Moisesen azken jarduera eta heriotza (31,1—34,12).

Currently Selected:

DEUTERONOMIOA SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy