YouVersion Logo
Search Icon

2 SAMUEL SARRERA

SARRERA
Ezaugarri nagusiak
Samuel izeneko bigarren liburu honek Daviden erregealdia kontatzen digu. Davidek Sauli eta Jonatani egin zien hileta-kantua bilduz hasten da. Berehala, Judaren leinuko —bere leinuko— errege izendatu zuten David Hebron hirian. Saulen seme Ix-Boxet, aldiz, Israelgo errege egin zuten Mahanaim hirian; baina hau hil zutenean, David gertatuko zen Israel osoko errege (1—4 kap.ak).
Jerusalem eskuratzea eta bertan itun-kutxa ezartzea izan ziren David erregearen lehenengo egintza nagusiak. Betiereko errege-ondorengotza edo dinastia izanen zuela hitzeman zion orduan Jaunak Davidi, Natan profetaren ahoz. Davidek zabalago egin zituen erreinuaren mugak eta lasaitasuna ekarri herriari (5—8 kap.ak).
9. kap.an historia bizi-bizia hasten du liburuak, 20. kap.ko izurriteraino luzatuz, gerora, Erregeak izeneko lehen liburuan berriro hartzeko. Daviden eta beronen semeen historia da. Hauek errege-aulkia eskuratzeko ahaleginak egin zituzten, ondorengotza berenganatu nahirik; baina, bata bestearen ondoren, desagertu egin ziren, Jainkoak izendatua zuen ondorengoari, Salomoni, tokia uzteko. Salomon errege-aulkira nola igo zen kontatzen diguten kapitulu hauek segur aski Salomon beraren erregealdian idatziak dira.
Liburuko azken kapituluetan (21—24) Daviden erregealdiko beste zenbait berri biltzen da; batik bat, gero Salomonek eraikiko zuen tenplua egiteko terrenoa nola erosi zuen Davidek.
Fede sakoneko gizona, buruargia, adoretsua, herriaren onespena bereganatu zuena, eskuzabala eta apala izan zen David, liburu honek dioenez. Hala ere, ez ditu beraren akats eta hutsegiteak gordetzen. Bekatu egin zuen, baina entzun ere berehala entzun zion Natan profetari, aitortu zuen bere hutsegitea eta onartu zigorra.
Erregerik bikainena izan zen David Israelen. Horregatik, Davidek ekarritako onaldia luzatuko zuen ondorengotza edo dinastia beti izango zenaren esperantzak bizirik iraun zuen herriaren baitan. Hurrengo erregeak, ordea, hain motel zirela ikustean, Israel salbatuko zuen erregea etorriko zela uste izan zuen herriak, eta Daviden seme izanen zela ere esaten zuen.
Liburu honek aurkezten digun David ezagutuz, giza nortasun handiko eta fede sendoko norbait ezagutzen da, bere herriaren historian murgildua dagoen norbait, kontraesan handiak dituena, baina baita izaera eta balio handiak ere. Daviden seme den Kristoren jainkozko handitasuna hobeki ulertzen laguntzen du horrek guztiak; izan ere, Kristok eramango zuen bere betera mila urte lehenago errege handi harengan irudikatu zena.
Eskema
—David Judako errege (1,1—4,12).
—David Israel osoko errege (5,1—24,25).
-Lehen urteak (5,1—10,19).
-David eta Betsabe (11,1—12,25).
-Arriskuak eta eragozpenak (12,26—20,26).
-Azken urteak (21,1—24,25).

Currently Selected:

2 SAMUEL SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy