YouVersion Logo
Search Icon

JOSUE SARRERA

SARRERA
Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa
Josue liburuak Kanaan lurraldea nola konkistatu eta leinuen artean nola banatu zuten kontatzen du. Argi dago liburuak duen garrantzia, Pentateukoaren eta ondorengo historiaren —biblialariek «historia deuteronomista» deituaren, hau da, Ep, 1 eta 2 Sm eta 1 eta 2 Erg liburuetan jasoa den historiaren— arteko zubi eta ardatz baita. Izan ere, Patriarkei eginiko agintzariak betetzen direlarik, Pentateukoa burutzen du liburu honek, eta konkistaturiko lurraldean garatuko den herriaren historiari hasiera ematen.
Liburuaren sorrera eta eraketa historia luzearen emaitza dira. Liburuak dakarrenaren arabera, israeldar hamabi leinuak, gorputz bat osotuz eta Josue buruzagi bakarraren gidaritzapean, lurraldean sartu eta hartaz jabetzen dira. Kanaan lurraldeaz jabetzea, ordea, ez zen berez hain sinplea izan. Leinu guztiek ezin izan zuten batera jardun, ez baitzuten denen arteko batasuna David erregearen garaia arte erdietsi (K.a. 1000. urte inguruan). Sinesgarriagoa da, beraz, Ep 1,1—2,5ean ematen zaigun ikuspegia: leinuek nork bere aldetik egin zituzten konkistak, ezari-ezarian eta era aski baketsuan lurraldean kokatuz. Konkista baino gehiago okupazioa izan bide zen. Hala ere, mendeetan zehar eta poliki-poliki gertaturiko okupazio hura, egintza bakarra, handia eta epikoa bailitzan aurkezten digu Josue liburuak.
Liburua bera ere poliki-poliki eratu zen, eta ez osorik aldi berean. Lehen unean konkistari buruzko leinuen tradizio ezberdinak bildu eta bata bestearekin josi zituzten K.a. 1000-950 urte inguruan (Patriarken tradizioak eta Irteerako eta basamortuko tradizioak ere bildu zituzten bezalaxe). Geroago, Babiloniako erbestealdiaren inguruan, VII. eta VI. mendeetan, Deuteronomio liburua sortu zuen idazle edo eskolak historia zaharra hartu eta berrantolatu egin zuen, tradizio-multzoari zentzu berria emanez eta zenbait eranskin garrantzitsu sartuz, hala nola 1 eta 23—24 kap.ak. Berrantolaketa honi zor dizkio gaur dugun liburuak bere teologi kutsu eta ezaugarri mamitsuenak. Azkenik, apaiz-eskolako idazleren batek, erbestealdiaren bukaera aldera, beste zenbait eranskin sartu zuen liburuan, 13—21 kap.etan batez ere.
Ezaugarri nagusiak
Josue liburu hau ez da, noski, Kanaango lurraldeaz jabetu ahala izan ziren gertakarien kronika, baizik eta, gertakari haiek sinesmenaren ikuspuntutik kontatuz, eman nahi den irakaspen teologikoa.
Sinaiko ituna egitean emandako arauak Israel herriak leial betetzen zituenean, Jainkoa beraren alde egon ohi zela eta lurraldeaz aise jabetzen zela adierazten digu idazle deuteronomistak. Baina arauak baztertzen zituenean, etsaien menpe erori eta atzera egin beharrean gertatzen zela Israel. Jainkoa bere alde zuelako garai zitzakeen Israelek etsaiak.
Bestalde, israeldarrak lurraldeaz jabetu ahal izatea Jainkoaren egintza izan zela ere adierazi nahi du idazleak. Hain zuzen, horrela bete zituen Jainkoak arbasoei eginiko agintzari edo promesa eta Moisesi emaniko hitza. Izan ere, Jainkoa leiala da eta «ez zuen huts egin Jaunak israeldarrei egindako promes eder haietarik batek ere, denak bete ziren» (21,45).
Jainkoaren leialtasun honi, ordea, leialtasunez erantzun behar zion herriak, Moisesen lege-liburuan idatzia zegoena betez, Kanaanen aurkitutako herriekin ez nahasiz, Jauna baizik ez adoratuz, kanaandarren sasijainkoei kulturik ez emanez, Jainkoa maitatuz… (23,6-11). Josueren eraginez, herriak aukera egin behar izan zuen sasijainkoen eta Jaunaren artean eta, horrela, ituna berritu (24. kap.).
Eskuratua zuten edota eskuratuko zuten lurraldea leinuen artean banatzea ere Jainkoaren egintza izan zela erakutsi nahi du idazleak. Jainkoak horrela agertzen zien israeldar leinu guztiei beraiez zuen ardura, eta lurralde hartaz gozatu ahal izatea ematen zien. Hori adierazi nahi du idazleak 13. 15. eta 16. kap.etan dakartzan hiri-zerrendak aipatuz.
Eskema
—Israel herria agindutako lurraldeaz jabetu (1,1—13,7).
—Aginduriko lurraldearen banaketa (13,8—21,45).
-Jordan ibaitik ekialdera (13,8-33).
-Jordan ibaitik mendebaldera (14,1—19,51).
-Babes-hiriak eta lebitar-hiriak (20,1—21,45).
—Bukaera (22,1—24,33).

Currently Selected:

JOSUE SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy