YouVersion Logo
Search Icon

EZEKIEL SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Buzi delako baten seme, Jerusalemgo apaiz-familia batekoa zen Ezekiel. Liburuan kontaturiko gertaera historikoengatik, K.a. VII. mendearen bigarren erdialdean jaio zela pentsa dezakegu. Bera ere apaiz, profetagintzarako deia hartu zuen momentutik egiten zaigu ezagun, eta Israelgo historiako aldirik latzena bizi behar izan zuen: erbestealdia, alegia.
Historiari dagokionez, K.a. 605. urteaz geroztik, babiloniarrak bilakatu ziren Erdi Ekialde osoaren jaun eta jabe, Nabukodonosor erregea (K.a. 605-562) buru zutela.
Judako erregeak ez zuelako aginte arrotz honen aurrean makurtu nahi izan, K.a. 597an Nabukodonosorrek Jerusalem hiriburua hartu zuen. Ez zuen hiria suntsitu, baina bai jenderik kualifikatuena —erregea eta Ezekiel apaiza tartean— erbestera eraman.
Han, Babiloniako erbestealdian, K.a. 593an hasi zen Ezekiel profetagintzan, bai bertan atzerrian zeuden israeldarrei begira, baita Judan gelditutakoei begira ere.
Judako errege berria zen Sedekiasek ere babiloniarren kontra altxatu nahi izan zuen laster, eta K.a. 587an Nabukodonosorrek berriro inguratu zuen Jerusalem. Menpean hartu zuenean, oraingoan bai, dena suntsitu zuen, tenplua barne, eta bigarren erbestealdia hasi zen. Ezekielek profetagintzan jarraitu zuen K.a. 571 arte gutxienez.
Ezaugarri nagusiak
Ezekielen estiloa betidanik izan da liluragarria bere deskripzioen aberastasun eta konplexutasunagatik. Liburu honen bereizgarriak dira ikuskarien kontaketak (1,1—3,15; 8—11; 37,1-14; 40—48) eta ekintza eta keinu sinbolikoen narrazioak. Sarri dauden errepikapenek eta estilo-aldaketek pentsarazten dutenez, Ezekielen profetagintza ahozkoa izango zen, entzule eta jarraitzaileek beste batzuei eskualdatua —honelako kateetan sortu ohi diren gehigarri edo eranskinekin—, halakoren batean dena bildu eta idatziz egungo liburua eratu zen arte.
Profetaren mezuaren ildo nagusiak. K.a. 597ko porrotaren ostean, erbesteratuak laster itzultzeko itxaropenez bizi diren bitartean, Judan gelditutakoek Jainkoaren kutun eta begikotzat, eta lurraren jabetzari buruzko agintzari zaharren hartzailetzat dauzkate beren buruak. Uste honi kontra egiten dio Ezekielek: 597ko ezbeharra Jainkoaren epaiaren seinale da, eta oraindik zeharo burutugabea gainera (1—24 kap.ak).
587an Jerusalem erabat suntsitzea ilusio guztien amaiera da: Jainkoaren epaia bete da. Erbestealdia, herriaren bekatuaren ondorio dela aldarrikatzen du orain Ezekielek. Aurrerantzean, nork bere erantzukizun petsonala onartu beharko du (18. kap.) eta Jainkoak, historiaren Jaunak, bere herria berreraikiko du, bizimodu eta barne-berrikuntza osoan oinarrituta beti ere (32—39 kap.ak).
Jaunak zigortu egingo ditu Israel zapaldu duten nazioak, eta hauek ere aitortu beharko dute Jaunaren subiranotasuna eta nagusitasuna historiaren gain (25—32 kap.ak).
Herri berritua seguru bizi ahal izango da bere lurraldean eta Jaunari kultu egingo dio tenplu berreraikian. Tenplu ideial honen deskripzio zabala ematen du Ezekielek, Jauna bertara itzuliko dela eta tenplutik, erreka bailitzan, salbamena sortuko dela iragarriz (40—48 kap.ak).
Oro har, «Jainkoaren santutasuna» da Ezekielen mezuaren gai nagusia. Santutasun hau bekatuak iraintzen du, idolatriak eta benetako kultuaren profanazioak batez ere. Apaiz-tradizioaren ildotik, kultuarekiko arreta bizia du Ezekielek. Ondorioz, berak amesten duen Israel berria komunitate kultual eta teokratikoa da, aurrekoak ez bezalako errege berri batekin eta tenplu berriaren inguruan.
Eskema
—Sarrera: Ezekielen profeta-bokazioa (1,1—3,27).
—Jerusalem erori aurretikoa: Zigor-epaiaren iragarpena (4,1—24,27).
—Nazioen aurkako profeziak (25,1—32,32).
—Jerusalem erori ostekoa: Itxaropena eta bizi berria Israelentzat (33,1—39,29).
—Tenpluari eta lurraldeari buruzko ikuskaria (40,1—48,35).

Currently Selected:

EZEKIEL SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy