YouVersion Logo
Search Icon

AMOS SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
K.a. VIII. mendean, Israelgo erreinuak, Judako erreinutik iparraldera kokatuak, nahikoa ekonomi eta politika-giro erosoa bizi du: inguruko nazioak, Siria batik bat, ahulaldian direlarik, kanpotik ez du mehatxurik eta salerosketak oparotasuna dakarkio. Lasaitasun-giroa da nagusi, beraz, kultu-ospakizunen ederrean nabaritzen denez.
Baina egiazko errealitatea bestelakoa da: aberastasunak gutxirenak, diferentziak gizartean gero eta nabarmenago, solidaritatea gero eta urriago, handiek txikiei zurrupa… Auzi-mahaiak ere galduak dira eta bidegabezko epaiak ematen dituzte, premiatsuenen kaltetan. Erlijioari dagokionez, kanaandar idolatriari loturik daudenak batetik, Israelen erlijioa eta pribilejioak lasaikeriarako aitzakia bihurtzen dituzten hainbat eta hainbat bestetik.
Egoera honetan ageri da Amos profeta. Tekoakoa zen, Juda erreinuko herrixka batekoa (1,1), artzain nekazaria izatez (7,14); hegoaldekoa, beraz, baina Israelgo erreinuan predikatzera deitu zion Jaunak K.a. 760 aldera, bere bizimodua uztera nolabait derrigortuz (7,15). Amos dugu bere mezuak liburu batean bildu zituen edo zizkioten lehen profeta.
Ezaugarri nagusiak
Inguruko nazioekiko Jainkoaren epaia eta zigorra iragarriz hasten da liburua, beraien gogorkeria eta injustizia direla eta. Baina gogorragoa da Jainkoaren epaia Israelentzat; izan ere, Jainkoak aukeratua du eta haren handitasuna agertzera deitua; honek are erantzukizun handiagoa leporatzen dio (1—2 kap.ak).
Ez du aski, beraz, erlijio-ospakizun ederrak egitearekin: Jaunarekiko apaltasunean eta apalekiko justizian ageri da Jainkoari atsegin zaion kultua. Apalen defendatzaile da Jainkoa, eta zigorra datorkio haien eskubideak zapaltzen dituen herriari (3—6 kap.ak).
Gero eta hurbilago sumatu zuen Amosek Jainkoaren zigorra bere bost ikuskarietan (7—9 kap.ak), eta 721ean hondatuko du, hain zuzen, Asiriak Samaria, Israelgo erreinuko hiriburua. Badirudi liburuaren amaierako salbamen-orakulua (9,11-15) beste norbaitek geroztik erantsia dela.
Ez da harritzekoa Amosen mezua garaiko aginpide politiko eta erlijiosoari jasangaitz gertatzea. Bota ere berehala bota zuten Israelgo erreinutik kanpora (7,10-17), eta Judako bere lurraldera itzuli zen Amos, haren ondorengo berririk ez dugularik.
Ederki asko erakusten digu Amosek zein iraultzailea den mundu honetan Jainkoaren mezua.
Eskema
—Sarrera (1,1-2).
—Jainkoak herriak eta Israel epaitu (1,3—2,16).
—Jainkoak Israel kondenatu (3,1—6,14).
—Amosen ikuskariak (7,1—9,10).
—Azkena: berriztapen-agintzaria (9,11-15).

Currently Selected:

AMOS SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy