YouVersion Logo
Search Icon

1 TESALONIKARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Gutun hau dugu I.B. osoko idazkirik zaharrena.
Tesalonika hiri jendetsua zen, Mazedonia erromatar probintziako hiriburua eta Egeo itsasoko merkatari-portu garrantzitsua. Juduek sinagoga zuten bertan (Eg 17,1-4). Paulo bere bigarren misio-ibilaldian, K.o. 50. urte inguruan, iritsi zen Tesalonikara, Silas eta Timoteo lagun zituela. Pauloren egonaldiak emaitza ederra izan zuen (1,6-7) eta kristau-elkarte ugaria sortu zen, jentil-jatorriko jendez osatua gehienbat.
Paulok, juduen ikusiezinak sortutako istiluak zirela eta, Tesalonikatik alde egin behar izan zuen. Atenasen zegoela, Tesalonikako egoeraz kezkaturik, Timoteo bidali zuen hango kristauen berri jakiteko (3,1-2). Paulo Atenas utzi eta Korinton zegoela itzuli zitzaion Timoteo, Tesalonikatik berri pozgarriak ekarriz (3,6-8). Paulok berehala idazten die, 51. urtean seguruenik, bere poza adierazi eta adore emateko, alde batetik; eta, bestetik, elkartean bizi-bizi zeuden zenbait arazo eta kezkari buruz argibideak emateko. Kristoren aintzazko etorrera aurretik hildakoen zoriaz eta etorrera horren epeaz zeuden kezkaturik tesalonikarrak.
Gutunaren hari nagusiak
Gutunak ongi berezitako bi atal ditu. Lehenengoan (1,2—3,13) Pauloren eta Tesalonikako kristau-elkartearen arteko harremanak dira mintzagai, berri guztiok esker oneko giro pozgarriz inguraturik ematen zaizkigularik. Bigarren zatian (4,1—5,11) piztuerari buruzko irakaspena ematen zaigu.
Agurraren ondoren, Paulok eskerrak ematen dizkio Jainkoari tesalonikarrek sinesmen, maitasun eta itxaropenean sendo dirautelako (1,2-10). Lehen ikustaldian zintzo ari izan zen Paulo haien artean; ez zuen azpikeriaz jokatu, egiazko maitasunez baizik (2,1-12); tesalonikarrek ere Pauloren hitza Jainkoaren hitz bezala hartu zuten, eta hitz horrek, pertsekuzioa gorabehera, fruitu ederrak ekarri zituen sinestedunen artean (2,13-16). Ondoren, haiek ikustera joateko duen gogo bizia azaltzen die Paulok; baina ezinezkoa gertatu zitzaionez, Timoteo bidali zien, eta honek berri onak ekarri zizkion Paulori (3,1-8). Paulok, berriro, bere bozkarioa azaltzen du eta Jaunari eskerrak ematen dizkio (3,9-13).
Kristauei dagokien jokabideari buruzko zenbait aholkuren ondoren (4,1-12), Paulok gutuneko gai deigarrienari ekiten dio, hilak diren kristauen azken zoriari buruzko irakaspena eskainiz. Kristoren azken etorrera aurretik hildako kristauek ere izango dute parte haren betiko bizian; ez dute, beraz, tesalonikarrek zertan kezkaturik; bestalde, gauez datorren lapurra bezala etorriko da Jaunaren eguna; erne egon beharra dago, beraz (4,13—5,11).
Azken agurren aurretik, aholku gehiago ematen ditu Paulok, elkarte-bizitza sendotzeko batik bat (5,12-22).
Eskema
—Agurra (1,1).
—Jainkoari esker ona (1,2—3,13).
—Aholkuak Jaunaren etorrerari begira (4,1—5,11).
—Amaiera (5,12-28).

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy