YouVersion Logo
Search Icon

1 KORINTOARREI SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Gutun hau Paulo apostoluak egina, diktatua, da, azken agurra bere eskuz idatzi zuelarik (16,21); segur aski 56. urteko udaberrian, Pazko inguruan, eta Efeson, hirugarren ibilaldi apostolikoa egiten ari zelarik. Zenbait ikertzailek dioenez, gutun honen aurretik idatzia zien beste bat, 5,9-13an aipatua; baina galdua da gutun hau (hala ere, batzuek diote 2 Ko 6,14—7,1 pasartea galdutako gutunaren zatia dela).
Paulo 50. urtearen hasiera aldera heldu zen Korintora, bere bigarren ibilaldi apostolikoan, eta urte eta erdiz aritu zen han ebanjelioa hots egiten (Eg 18,1-18), juduen artean lehenik eta, haiek gaizki hartu zutenez, jentilen artean gero. Kristau-elkarte ugaria eta bizia, jende apal eta xumez osatua (1,26-28), utzi zuen alde egitean.
Grezia hegoaldean, Peloponeso penintsulan, dagoen Korinto hiria handia zen aldi hartan, Akaia izeneko erromatar probintziako hiriburua; historialariek diotenez, 600.000 bizilagun zituen (200.000 libre eta 400.000 esklabo), Hego Europako eta Asia aldeko toki askotatik etorriak. Merkataritza, filosofi irakaskuntza eta kirolak ziren ekinbiderik nagusienak; militarrak ere ugari ziren. Bazen judu-kolonia aski handia ere. Era guztietako erlijio eta kultuak ikus zitezkeen, jainko erromatar, greziar nahiz ekialdekoei eskainiak. Moralgabekeria ere nabarmena zen hirian, bertako gehiegikeriek izen franko txarra eman ziotelarik Korintori.
Horiek horrela, ez zen harritzekoa, Paulok Korintotik alde egin eta gero, eztabaidak, banaketak, gatazkak eta arazoak sortu izana elkarte hartan; alderdi erlijiosoak sortu ziren (1,12), bakoitzak Kristoren egiazko berri ona berak zuela zioelarik; kanpotik, beharbada Palestinatik, etorritako judu-kristau batzuek irazeki zuten haserrearen sua eta liskarra, salbamena iristeko Moisesen legea bete behar zela irakatsiz; zenbait elkartekiderengan nabarmena zen lizunkeria; jentilek beren idoloei eskainitako okela jateak ere anitz arazo sortzen zuen elkartekideen artean; kultu-biltzarrak, Jaunaren Afariaren ospakuntzak, ere ez ziren oso bare eta serioak, elkar maitasunak huts egiten zuen maiz.
Korintoko elkartearen ordezkari batzuek (16,17), Apolok (16,12; Eg 18,27) eta andere merkatari baten, Kloeren, langileek eman zioten Paulori arazo horien berri. Korintoarrek gutunen bat ere bidalia zioten, beren arazoentzat irtenbidea eskatuz. Erantzunez, zenbait gutun bidali zien Paulok, baina bi besterik ez zaizkigu kontserbatu. Hala ere, askoren ustetan, 2 Ko gutuna gainerako gutun horien bilduma da.
Gutuna interesgarria da, lehen kristau-elkarteen egoera eta arazoez jabetzeko aukera ematen digulako. Bestalde, gutunak badu zeresanik gaur egunerako ere; egoera konkretu eta zenbait arazo zehatzi erantzuten badie ere, horiek argitzeko Paulok erabiltzen dituen printzipioak baliagarriak baitira beti.
Gutunaren hari nagusiak
Elkartea agurtu eta Jainkoari esker-otoitz laburra egin ondoren, berehala heltzen dio Paulok hariari. Era askotako gaiak ukitzen eta sakontzen ditu, korintoarren gehiegikeriak eta okerrak zuzendu eta egin dizkioten galderei erantzun nahirik.
Zuzendu nahi duen lehenengo gehiegikeria elkartekideen artean sortu den zatiketa da. Kristautasuna ezin da maisu eta buruzagi asko izan ditzakeen edozein jakinduri eskola edo filosofi sistematzat har. Kristauontzat bakarra da jakinduria: Jainkoarena, Kristoren gurutzean Espirituaren bidez agertua.
Paulok egin ditu korintoarrak kristau, nahiz eta geroztik irakasle asko izan duten. Timoteo bidaliko die, Paulok berak korintoarren alde egin duena oroitarazteko (1,10—4,21).
Bigarren gehiegikeria, kristau-elkartean ageri den lizunkeria da; elkartea ere Korinton nagusi den lizunkeriaz kutsatua dago. «Kristoren gorputzeko atal» eta «Jainko biziaren tenplu» direla oroitarazten die Paulok (5—6).
Korintoarrek egindako galderei erantzuten die ondoren. Lehenengoari erantzunez, edozein egoeratan, jentil batekin nahiz fededun batekin ezkondurik, ezkongabe edota alargundurik, esklabo nahiz libre izan, kristaua santu izan daitekeela diotse Paulok (7,1-40).
Jentilek beren idoloei eskainitako abereen haragia erosi eta jan ote zitekeen ere galdetu zioten. Zilegi izanik ere, norbaitentzat oztopobide baledi, ez jateko esaten die (8,1—11,1).
Kultu-batzarrei buruzko galderei erantzuten die gero. Elkartearen bileretan eta jarduera guztietan senide-maitasunak nagusi izan behar duela dio Paulok, denak Kristoren gorputz-atal direlako (11,2—14,40). Jaunaren Afaria ospatzeko nolako jarrera behar den ere oroitarazten die; hauxe dugu, hain zuzen, eukaristiaren aipamenik zaharrena (11,23-26). Pasarte honetan aurki dezakegu, halaber, maitasunari eginiko gorazarre bikaina (13,1-13). Korintoko elkartea Espirituaren dohainetan aberatsa da. Baina nahasmendua sortzeko arriskua dutela ikusarazten die Paulok, eta lehentasuna elkartea hazteko lagungarri diren dohainei ematen die, profezi dohainari batik bat (14,1-40).
Kristauen piztuerari buruzko galderari erantzuten dio azkenik. Kristoren piztuera da, hain zuzen, kristau-sinesmenaren oinarria. Testiguengandik hartu eta berak eman ziena oroitarazten die Paulok, Kristoren heriotza-piztuerei buruzko irakaspen nagusia aipatuz. Kristauak ere Kristorekin batera piztuko dira eta ustelezinak izango (15,1-58).
Azkenean, zenbait arau ematen du Paulok, Jerusalemgo elkarteari laguntzeko diru-bilketa nola egin esanez. Zenbait ibilaldi egiteko asmoak ere aipatzen ditu eta zenbait eskabide egiten, azken agurra idatziz bukatzeko.
Eskema
—Agurra eta sarrera (1,1-9).
—Korintoko eliz elkarteen zatiketak (1,10—4,21).
—Jokabide okerrak elkartean (5,1—6,20).
—Ezkontzaz eta gizarte-bizitzaz kristau-ikuspegia (7,1-40).
—Sasijainkoei eskainiriko haragia (8,1—11,1).
—Eliz batzarrak (11,2—14,40).
—Kristauen piztuera (15,1-58).
—Konklusioa (16,1-24).

Currently Selected:

1 KORINTOARREI SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy