YouVersion Logo
Search Icon

1 SAMUEL 17

17
Goliatek israeldarrei erronka
1Filistearrak, beren gudarostea borrokarako bildurik, Judako Sokon batzartu ziren eta Efes-Damimen ezarri zituzten guda-etxolak, Soko eta Azeka#17,1 17. kap.an aipatzen diren hiri hauek Jerusalemdik hego-mendebaldera zeuden. artean. 2Saulek eta israeldarrek ere bildu eta Terebinto haranean ezarri zituzten guda-etxolak, filistearren aurrean, guda-lerroak antolatuz. 3Filistearrak alde bateko mendian zeuden eta israeldarrak beste aldekoan, harana bitartean zutela.
4Filistearren lerro artetik gizon adoretsu bat atera zen; Gat-ekoa zen eta Goliat zeritzan; ia hiru metroko gizona zen.#filistear erraldoia 2 Sm 21,15-22. 5Brontzezko buru-babesa zeraman eta ezkatadun bularrekoa soinean; berrogeita hamar kilo baino gehiago zuen bularrekoak. 6Zangoetan ere brontzezko babesak zeramatzan, eta bizkarrean brontzezko azkona. 7Haren lantza-makilak ehulearen kakoa zirudien, eta lantzaren burdin muturra sei kilo baino gehiago zen. Aurretik ezkutaria zihoakion. 8Tinko gelditu eta deiadar egin zien israeldar guda-lerrokoei, esanez:
—Zergatik zatozte gudurako prestatuak? Filistearra nauzue ni, eta zuek Saulen morroiak. Aukera ezazue gizon bat eta jaitsi bedi niregana.#morroi 8,17. 9Nire aurka borrokatzeko gauza bada eta hiltzen banau, zuen morroi izanen gara. Baina ni berorren aurka borrokatzeko gauza izan eta hiltzen badut, zuek izanen zarete gure morroi, eta zerbitzatu egin beharko gaituzue.
10Gero, esan zuen filistearrak:
—Erronka hau botatzen dizuet gaur, israeldar guda-lerroetakooi! Bidal iezadazue gizon bat, eta ekin diezaiogun borrokari!#borroka berezia Ik. 2 Sm 2,14-15.
11Aditu zituzten Saulek eta israeldar guztiek filistearraren hitz hauek, eta beldurrez eta dar-dar gelditu ziren.
David Saulen kanpalekura
12David, lehen ere aipatua den efratar baten semea zen, Judako Belengo Jeserena, alegia. Zortzi seme zituen honek, Saulen garaian zaharra zen eta urtetan aurreratua. 13Hiru seme zaharrenak Saulekin joanak ziren gudura. Hona gudura joanak ziren hiru semeen izenak: Eliab zaharrena, Abinadab bigarrena eta Xama hirugarrena. 14David gazteena zen. Hiru zaharrenak Saulekin ziren bitartean, 15David Saulengana joaten zen eta Belenera etortzen, aitaren artaldea zaintzera.#David artzain 16,11+.
16Filistear hura egunero, goiz eta arratsalde, hurbiltzen zitzaien israeldarrei eta aurrean jartzen, eta horrela berrogei egunez.
17Jesek esan zion bere seme Davidi:
—Har itzazu zaku bat#17,17 zaku: Hebreerazko hitzak, efa-k, neurria edo zenbatekoa adierazi nahi du. gari xigortu eta hamar ogi hauek, eta eraman bizkor zeure anaiei kanpalekura. 18Hamar gazta hauek mila gizonen buruzagiari eramango dizkiozu. Galdegizu anaiak ongi diren, eta eskura ezazu haien hartu-agiria. 19Saul eta zure anaiak eta israeldar guztiak Terebinto haranean daude filistearren aurka borrokan.
20Jaiki zen goizean goiz David, utzi zuen artaldea zaintzailearen ardurapean eta, zama harturik, abiatu zen, Jesek agindu bezala. Kanpalekura heldu zenean, gudarostea borrokara ateratzen ari zen, guda-deiadarrak eginez. 21Israeldarrak eta filistearrak aurrez aurre jarri ziren lerroka. 22David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudalekuraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei. 23Haiekin hizketan ari zelarik, han agertu zen filistearren lerro artetik Goliat izeneko gizon adoretsu hura, Gateko filistearra, lehengo erronka bera eginez. Davidek entzun egin zion. 24Israeldar guztiek, gizon hura ikustean, ihes egin zuten haren aurretik, arras izuturik. 25Israeldar batek zioen:
—Ikusten al duzue hor gora datorren gizon hori? Israeli erronka eginez dator. Gizon hori hilko duenari ondasun franko emango dio erregeak, bere alaba ere bai. Zergak ordaintzetik ere libratuko du halakoaren etxea Israelen.#bere alaba emango emaztetzat 18,27; Jos 15,16.
26Davidek, orduan, galdetu zien bere inguruan zituen gudariei:
—Zer egingo diotela filistear hori hil eta Israelen lotsa kenduko duenari? Nor da, baina, filistear jentil arrotz#17,26 jentil arrotz: Ik. 14,6 eta oh. hori, Jainko biziaren gudarosteari gaur erronka egiteko?
27Jendeak gauza bera erantzun zion:
—Hau eta hau egingo diote hori hilko duenari.
28Aditu zuen Eliab anaia zaharrenak David gizonekin hizketan ari zela eta, biziki haserreturik, esan zion:
—Zertara etorri haiz? Nori utzi diok gure artalde koxkorra basamortuan? Bazekiat harroa haizena eta asmo txarrak dituana. Borroka ikustera etorri haiz hi!
29Davidek ihardetsi zion:
—Zer egin dut, bada? Hizketan ari nintzen, besterik ez.
30Aldendu zen David eta beste batengana jo zuen, lehengo galdera bera eginez. Jendeak lehengo erantzun bera eman zion. 31Davidek esandako hitzak aditu zituztelarik, Sauli jakinarazi zioten. Saulek etorrarazi 32eta Davidek esan zion Sauli:
—Ez bedi inor kikildu gizon horrengatik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naiz filistear hori borrokatzera.
33Saulek Davidi:
—Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.
34Davidek Sauli:
—Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean,#lehoi nahiz hartza Si 47,3. 35ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen. 36Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.
37Gero, esan zuen:
—Lehoi eta hartzen atzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren atzaparretatik.
Saulek, orduan, Davidi:
—Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!#izan bedi Jauna hirekin! 18,12; 20,13; Ir 10,10; 2 Sm 14,17; 1 Erg 8,57; 1 Kro 22,11; 2 Kro 36,23.
38Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; baita brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere. 39Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:
—Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua.
Eta erantzi egin zituen soinetik. 40Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun-leun aukeratu eta artzain-zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.#David artzain 16,11+.
Davidek Goliat hil
41Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela. 42Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen. 43Filistearrak esan zion Davidi:
—Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?
Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean,#Zakurra ote nauk ni? 2 Sm 3,8. 44eta esan zion:
—Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.#hegaztiei eta piztiei Dt 28,26; Jr 19,7.
45Davidek ihardetsi zion filistearrari:
—Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armatua zatozkit. Ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk desafiatu dituzun israeldar gudarosteen Jainkoaren izenean.#Jaunaren izenean Sal 20,8-9. 46Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan. Hilko zaitut eta burua moztuko. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango dizkiet gaur bertan filistear gudarien gorpuak. Honela, lur osoak jakinen du baduela Israelek Jainkoa.#lur osoak jakinen 1 Erg 18,37; 2 Erg 19,19. Ik. 1 Erg 20,13.28. 47Eta hemen bilduak diren guztiek jakinen dute, Jaunak ez duela behar ezpatarik, ez lantzarik gu salbatzeko, Jaunak baitu gudua erabakitzen. Gure esku jarriko zaituzte berak.#Jaunak ez du ezpata beharrik Dt 33,29; 2 Sm 23,10; Sal 118,16; 1 Ko 15,57.
48Filistearra abiatu eta Davidengana hurbiltzen hasi zenean, David bizkor eta lasterka joan zen borroka-tokira, filistearrari aurre egitera. 49Eskua zorroan sartuz harri bat atera, habailaz jaurti, eta bekokian jo zuen filistearra; harria bekokian sartu zitzaion eta ahuspez jausi zen lurrera. 50Halaxe nagusitu zitzaion David filistearrari, habaila eta harri batez. Horrela jo eta hil zuen filistearra. Davidek, ez baitzuen ezpatarik eskuetan,#Davidek ezpatarik ez eskuetan Ep 3,31; 15,15. 51lasterka joan, filistearraren ezpata hartu, zorrotik atera eta lepoa moztu zion, filistearra bertan akabatuz.
Filistearrak, beren gizon adoretsua hila zela ikustean, ihesi joan ziren. 52Orduan, Israel eta Judako gizonak jaiki, irrintzia egin eta filistearren ondoren abiatu ziren haraneko sarreraraino#17,52 haraneko sarreraraino: Honela ere itzul daiteke: Gateraino. eta Ekrongo ateetaraino. Filistear asko erori zen hilik Xaaraim bidean, Gat eta Ekroneraino. 53Filistearrei erasotzetik itzultzean, beraien kanpalekuko guztia ostu zuten israeldarrek. 54Davidek filistearraren burua hartu eta Jerusalemera#17,54 Egia esan, Davidek askoz geroago konkistatuko zuen Jerusalem (ik. 2 Sm 5,6-8). eraman zuen; haren armak, berriz, bere etxolan utzi zituen.
David Sauli aurkeztu
55Begira egon zen Saul, David Goliat filistearraren kontra joan zenean. Saulek galdetu zion Abnerri, gudarostearen buruzagiari:
—Abner, noren semea da gaztetxo hori?
Abnerrek erantzun zion:
—Benetan diotsut, ene errege jauna; ez dakit.
56Erregeak, berriro:
—Galdegizu noren semea den mutiko hori.
57Filistearra hil ondoren David itzuli zenean, hartu zuen Abnerrek eta, filistearraren burua eskuan zuelarik, Saulen aitzinera sarrarazi zuen. 58Saulek galdetu zion Davidi:
—Noren semea haiz, mutiko?
Davidek erantzun:
—Belengo zure zerbitzari Jeseren semea nauzu.

Currently Selected:

1 SAMUEL 17: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy