YouVersion Logo
Search Icon

ESAERA ZAHARRAK SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Jakinduriazko literatura oso hedatua zegoen antzinako Ekialde osoan (Egipton, Mesopotamian… ); ez zen, beraz, Israeli bakarrik zegokion zerbait. Behaketaz eta esperientziaz lortutako jakintza eta irakaspenak belaunez belaun eskualdatzen ziren esaera laburren bidez.
Liburu honek ez du ez data, ez idazle jakinik. Izan ere, jatorri eta garai ezberdinetako esaera-multzoen bilduma da.
Sarreran (1,1-7) dena Salomoni egozten zaio, errege hau baitzen Israelgo tradizioan jakintsurik ospetsuena, eta beraz honen itzalpean jartzen da liburua.
Aditu batzuen ustez, liburuaren zati batzuk oso zaharrak dira, bertan jasotako ahozko tradizioak monarki aurrekoak izan baitaitezke; beste zati batzuk berriagoak izango lirateke, erbestealdi-ondokoak, segur aski.
Gure gaur egungo liburuan, beraz, Israelgo jakintsuek mendetan zehar egindako gogoeta- eta hausnarketa-lana daukagu bildurik; baina, aldi berean, antzinako Ekialdeko beste herri batzuen jakinduri altxorraz ere baliatu ziren israeldarrak. Hain zuzen ere, jakintsu arabiarrei —Agur-i (30,1-14) eta Lemuel-i (31,1-9)— egozten zaizkie bi multzo txiki.
Ezaugarri nagusiak
Gaiaren aldetik, hiru zatitan bana daiteke:
Lehen zatia (1—9 kap.ak) jakinduriaren balioa eta garrantzia azaltzen dituen sarrera luzea da. Gehienetan, jakinduria emakume-irudiaz pertsonifikatzen da, eta bilduma osoaren irakurketa egiteko giltza ematen duen olerkitxoan (8,12-31), Jainkoaren beraren izateko modu bat bezala agertzen da jakinduria.
Bigarren zatian (10—29 kap.ak) esaera-sail luzeak agertzen dira: Salomonen esaerak (10,1—22,16 eta 25,1—29,27) eta beste jakintsu batzuenak (22,17—24,22 eta 24,23-34). Zati honetan esaera oso zaharrak ere agertzen dira, batzuk gorte-bizitzan sortutakoak segur aski (esate baterako 16,10-15); beste batzuek, ordea, Amenemoperen irakaspena deritzan antzinako jakinduri idazki egiptoarraren antz handia dute.
Hirugarren zatia (30—31 kap.ak) lau sail independentez osatua dago, hauetako bi israeldar ez ziren jakintsuen jardueraren emaitza direlarik (30,1-14 eta 31,1-9).
Literatura-estiloari dagokionez, Esaera Zaharrak liburuak gauzak adierazteko duen modua didaktikoa da, irakatsi nahi duenari dagokiona. Irudimena erakarri eta gogoan gorde ahal izateko, esaera askok olerki-kutsua dute, egitura xinple eta erritmikoa. Asko erabiltzen da paralelismoa ere, hau da, errealitate bat bera bi alderdi ezberdin edo osagarriren bidez azaltzeko prozedura. Paralelismo hau antitetikoa izan daiteke, jakintsua inozoari kontrajarriz, zuzena maltzurrari, aberatsa behartsuari, etab. (ik. 13,9-21), edo sinonimikoa (21,4; 29,22) edo beste era batzuetakoa.
Halaber, konparazioa erabiltzen da, edo beren artean korrespondentzia misteriotsua duten gertakari edo egoeren zerrendaketa (30,15-16an adib.), autobiografi erako kontaketak (24,30-34 esate baterako), otoitza (30,7-9) edo maisuak ikasleei ematen dizkien irakaspen modukoak.
Doktrinari buruz, alde batetik, giza jakintza hutsa dago, bizitzako legeen ezagutza, gizabide jatorrari buruzko aholku laiko edo sekularrak, nolabait esateko. Ez da, edonola ere, teoria hutsa edo adimen-mailako diskurtsoa, baizik eta bizitzako esperientzia eta eskarmentuan oinarritua, eta praktikara guztiz zuzendua. Honengatik, hain zuzen, itzulpen honetan jakinduria hitza beste, edo gehiago, zuhurtzia hitza erabili dugu.
Ildo honetatik, bi jokabide nagusi agertzen dira, kontrajarriak:
1. Jokabide zuhurra, jakintsuari dagokiona; zintzotasun eta zuzentasunari loturik dago. Ondorioz, bizitza luze eta zoriontsua ekartzen du. Honetarako beharrezkoak dira gurasoekiko leialtasuna, autokontrola, eskuzabaltasuna, etab.
2. Jokabide zentzugabea, zoro ezjakinari dagokiona; jarrera hau gaiztakerian eta bidegabekerian gauzatzen da, eta ondorioz atsekabezko bizitza eta heriotza goiztiarra merezi izaten ditu. Jokabide honetan sartzen dira adulterioa, mozkorkeria, alferkeria, berritsukeria, bidegabekeria, etab.
Beste alde batetik, ordea, bada liburu honetan mezu teologiko sakona. Garbi adierazten du bizitzako legeen ezagutza eta Jainkoarenganako fedea ez daudela bananduta. Horregatik, Jainkoarenganako begirunea da jakinduria ororen abiapuntua.
Eta oinarri honetatik, aukeratu beharra dago bizira ala heriotzara daramaten jokabideen artean. Aukera hau —Bibliako beste liburu batzuetan Israel herri osoari proposatua historiako gertakari handietan— hemen norberaren eguneroko bizimoduari aplikatzen zaio. Emandako aholkuek, Jainkoak onetsitako bizimodua eramateko balio izan behar dute. Izan ere, jakintsuek irakatsi nahi dute zuzenak beti izaten duela saria eta maltzurrak, berriz, beti zigorra. Ordainaren teoria hau ez da xinplekeriaz ulertu behar; giza bizitzako arrakasta edo porrotarekin Jainkoak baduela zerikusirik esan nahi du, ez besterik.
Eskema
—Lehen bilduma (1,1—9,18).
—Salomonen esaerak: Lehen bilduma (10,1—22,16).
—Jakintsuen hogeita hamar esaerak (22,17—24,22).
—Jakintsuen beste zenbait esaera (24,23-34).
—Salomonen esaerak: Bigarren bilduma (25,1—29,27).
—Agur-en esanak (30,1-33).
—Lemuelen esanak (31,1-31).

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy