YouVersion Logo
Search Icon

ZENBAKIAK 30

30
1Moisesek israeldarrei adierazi zien Jaunak aginduriko guztia.
Jaunari eginiko botoaz araua
2Ondoren, Jaunaren beste aginduok adierazi zizkien Moisesek Israelgo leinuburuei: 3«Jaunari eginiko botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duen gizasemeak ezin izango du bere hitza jan: zehatz-mehatz beteko du hitzemana.#Jaunari eginiko botoa Lb 27,1-25; Dt 23,22-24. Ik. Ep 11,30-40; Sal 50,14; Koh 5,3-4; Mt 5,33.
4«Eman dezagun, Jaunari botoa egin edo bere burua edozein konpromisoz lotu duena, oraindik aitaren etxean bizi den neskatxa dela. 5Aitak, jakinaren gainean egonik, deus ere esaten ez badio, boto eta konpromiso guztiak baliozkoak izango dira. 6Baina aitak, jakitean, onirizten ez badie, boto eta konpromiso haiek guztiak hutsean geldituko dira; haietatik libre utziko du Jaunak neskatxa, aitak oniritzirik eman ez diolako.
7«Eman dezagun, neskatxa, artean botoz edo ongi pentsatu gabe harturiko konpromisoz lotua dagoelarik, ezkondu egiten dela. 8Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, boto nahiz konpromisoak baliozkoak izango dira. 9Baina senarrak, jakitean, onirizten ez badie, baliogabeturik geldituko da emazteak eginiko boto nahiz ongi pentsatu gabe harturiko konpromisoa; Jaunak libre utziko du haietatik.
10«Alarguntsaren nahiz senarrak zapuztutako emakumearen botoa nahiz edozein konpromiso baliozkoa izango da. 11Eman dezagun, ordea, emazteak, artean senarraren etxean bizi dela, botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duela. 12Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, oniritzia ematen dio, eta botoak zein konpromisoak baliozkoak izango dira. 13Baina senarrak, jakitean, baliogabetzea erabakitzen badu, emazteak hitzemandako botoa nahiz konpromisoa hutsean geldituko da. Senarrak baliogabetu dituenez, Jaunak haietarik libre utziko du emaztea. 14Edozein delarik ere emaztearen botoa edo barau egiteko zin-hitza, senarrak bihurtzen du baliozko ala baliogabeko. 15Senarrak, emaztearen boto nahiz konpromisoaren berri jakinik, biharamuna arte deus ere esaten ez badio, emakumearen botoa zein konpromisoa baliozkoa izango da. 16Baina geroago baliogabetzea erabakitzen badu, bera izango da emaztearen erruaren erantzule».
17Horiek dira Jaunak Moisesi emandako arauak, bai emakume ezkonduak, bai oraindik aitaren etxean bizi den neskatxak eginiko promesei buruz.

Currently Selected:

ZENBAKIAK 30: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy