YouVersion Logo
Search Icon

1 ERREGEAK 15

15
Abiam, Judako errege
(2 Kro 13,1-3.22-23)
1Nebaten seme Jeroboamen erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Abiam Judako errege izaten. 2Hiru urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Maaka zuen izena eta Absalomen#15,2 Absalom: Ez dakigu Daviden semea (2 Sm 3,3) ala besteren bat den. alaba zen. 3Aitak eginiko bekatu guztiak egin zituen Abiamek ere; honen bihotza ez zen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, haren arbaso Daviden bihotza izana zen bezala. 4Hala ere, Davidengatik bederen#15,4 Davidengatik bederen: Ik. 11,12 oh., Jaunak, haren Jainkoak, ez zuen errege-etxearen argia itzaltzen utzi Jerusalemen; seme bat eman zion, beraren ondoren errege izan zedin eta Jerusalemen iraun zezan. 5Izan ere, zuzen jokatua zen David Jaunaren begietan, bere bizitzako egun orotan Jaunaren aginduetatik aldendu gabe, Urias hititaren#15,5 Urias hitita: Ik. 1 Sm 11. arazo hartan izan ezik.
6(Roboam eta Jeroboam erregeek beren artean etengabeko borroka egin zuten, bizi izan ziren artean).
7Abiamen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Abiamen eta Jeroboamen artean ere izan zen borroka.
8Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Abiam. Ondorengo erregea haren seme Asa izan zen.
Asa, Judako errege
(2 Kro 14,1-2; 15,16-19; 16,1-6.11-14)
9Israelgo errege Jeroboamen erregealdiko hogeigarren urtean hasi zen Asa Judako errege izaten. 10Berrogeita bat urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Maaka zuen izena#15,10 amak Maaka zuen izena: Pasarte honetan ama hitzak amandre edo amona esan nahi du; izan ere, Abiamen amari ere Maaka deritza 2. tx.ean. Hala ere, badaiteke pertsonaia berari erregearen ama titulua ematen jarraitzea, beraren seme Abiam hila izan arren. eta Absalomen alaba zen. 11Jaunari atsegin zaiona egin zuen Asak, bere arbaso Davidek bezala. 12Bota egin zituen lurralde hartatik prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak eta kendu bere aurrekoek eginiko idolo guztiak.#prostituzio sakratua 14,24+. idoloak kendu 2 Kro 15,8. 13Bere ama Maakari berari ere ama-erreginari zegokion duintasuna kendu zion, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi eta Zedron errekan erre zuen.#Zedron errekan erre 2 Erg 23,4-6.12. 14Baina kultu-leku haiek ez ziren zeharo desagertu; hala ere, Asak zintzo jokatu zuen Jaunaren aitzinean bere bizitza osoan. 15Jaunaren etxera eraman zituen bere aitak eta berak eginiko eskaintzak: zilarra, urrea eta ontziak.
16Asaren eta Israelgo Baxaren artean etengabeko borroka izan zen. 17Israelgo errege Baxak, Juda borrokatzera etorri zelarik, Rama#15,17 Rama: Jerusalemdik iparraldera km gutxira zegoen hirixka. gotortu zuen, Judako errege Asaren joan-etorriak eragozteko. 18Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten: 19«Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».
20Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten. 21Hau jakin zuenean, Baxa Tirtzan gelditu zen, Rama gotortzeari utzirik.
22Orduan, Asak Judako biztanle guztiei, batere utzi gabe, dei egin eta Baxak Rama gotortzeko erabili zituen harri eta oholak eraman zituzten, Benjamingo Geba eta Mitzpa#15,22 Rama, Geba, Mitzpa: Jerusalemdik iparraldera km gutxira zeuden hirixkak. gotortzeko.
23Asaren gainerako jarduerak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik. 24Hil zenean, bere arbaso Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Josafat izan zen.
Nadab, Israelgo errege
25Judako Asaren erregealdiaren bigarren urtean hasi zen Jeroboamen seme Nadab Israelgo errege izaten. Bi urtez izan zen Israelgo errege. 26Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aitarenaren antzeko jokabidea hartuz, eta Israeli hark bezalako bekatuak eginaraziz.
27Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak. 28Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hil zuen Baxak Nadab, eta bera jarri zen errege, haren ordez. 29Errege izaten hastean, Baxak Jeroboamen etxeko guztiak hilarazi zituen. Ez zuen Jeroboamen etxeko bat ere utzi hil gabe, halaxe esana baitzuen Jaunak#15,29 esana baitzuen Jaunak: Ik. 14,10-14. Xiloko Ahias bere zerbitzariaren bidez.#Jeroboamen etxeko guztiak hil 14,10+. 30Izan ere, bekatu egina zen Jeroboam, baita Israeli eginarazia ere, Jauna, Israelen Jainkoa, haserraraziz.
31Nadaben gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 32Asaren eta Israelgo errege Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.
Baxa, Israelgo errege
33Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Baxa, Ahiasen semea, Israel osoko errege izaten Tirtzan; hogeita lau urtez izan zen errege. 34Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Jeroboamen antzeko jokabidea hartuz eta Israeli hark bezalako bekatua eginaraziz.

Currently Selected:

1 ERREGEAK 15: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy