LEBITARRENA 11
11
GARBIARI ETA KUTSATUARI BURUZKO LEGEAK (11,1—15,33)
Animalia garbiak eta kutsatuak
(Dt 14,3-20)
1Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:#Animalia garbiak eta kutsatuak 20,25-26; Mk 7,19; Eg 10,9-16. 2«Esan israeldarrei: Lurrean bizi diren animalia#11,2 animalia: 11,2-23 zatiko zenbait animaliaren identifikazioa ez da segurua. guztietatik, jan ditzakezue 3bitan banaturiko apatxak dituztenak eta hausnartzaileak. 4-6Beraz, hausnartzaile diren edo apatxak bitan banaturik dituzten animalien artean ezin izango duzue jan, ez gamelua, ez erbia#11,4-6 erbia: Karraskaria den arren, hausnartzailetzat hartzen da erbia, muturraren mugimenduagatik., ez azkonarra; hausnartzaile izan arren, ez baitute bitan banaturiko apatxik; kutsatutzat edukiko dituzue; 7ezta urdea ere, bitan banaturiko apatxak dituen arren, ez baita hausnartzailea.
8«Ez duzue horien haragirik jango, ezta horien sarraskirik ukituko ere: animalia kutsatutzat edukiko dituzue.
9«Uretako piztietatik, itsaso eta ibaietan hegalak eta ezkatak dituzten guztiak jan ditzakezue; 10baina itsas eta ibai-uretako bizidunen artean, hegal eta ezkata gabeak debekatuak dituzue: 11ez duzue horien haragirik jango eta horien sarraskiak higuingarritzat edukiko dituzue. 12Hegalik eta ezkatarik ez duten uretako piztiak debekatuak dituzue.
13«Hegaztien artean hauek dituzue debekatuak eta ezin izango dituzue jan: arranoa, gabiraia, itsas arranoa, 14mirua eta mota guztietako saiak, 15mota guztietako beleak, 16ostruka, hontz zuria, kaioa, mota guztietako belatzak, 17hontza, itsas belea, ibisa, 18zisnea, belabeltza, uroiloa, 19zikoina, mota guztietako koartzak, marti-oilarra eta saguzarra.
20«Lauoinka dabiltzan intsektu hegaldunak debekatuak dituzue. 21Lau zangoko intsektu hegaldun guztietatik, salto egiteko atzeko zangoak aurrekoak baino luzeagoak dituztenak jan ditzakezue. 22Beraz, mota guztietako larrapoteak, kilkerrak eta matxinsaltoak#11,22 matxinsaltoak: Lau intsektu-mota ematen ditu hemen hebreerazko testuak, zer zein den ongi ez dakizkigunak. jan ditzakezue. 23Lau zangoko beste intsektu hegaldun guztiak debekatuak dituzue.
Pertsona kutsatu bihurtzen duten animaliak
24«Zenbait piztia ukitzeak kutsatu egiten du pertsona. 25-28Hauek dira kutsatutzat edukiko dituzuen animaliak:
—bitan banaturiko apatxik ez dutenak eta hausnarrean egiten ez dutenak; horiek ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte;
—oin-zolen gainean dabiltzan lau zangodun piztia guztiak.
«Animalia horien sarraskiak ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte, eta horien sarraskiak jaso edo garraiatzen dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
29«Hona zeintzuk edukiko dituzuen kutsatutzat lur gainean narraska dabiltzan piztien artean: satorra, sagua eta mota guztietako muskerrak, 30dragoitxoa, krokodiloa, arrubioa eta kameleoia. 31Narraska dabiltzanen artean, horiek edukiko dituzue kutsatutzat: hilik daudela ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
32«Horietako piztiaren bat, hil eta gero, edozer gauzaren gainera jausten bada, zurezko nahiz oihalezko, larruzko nahiz zakuzko, edo beste edonolako lan-tresnaren gainera, kutsaturik geldituko da; uretan sartuko duzue eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi bihurtuko da.
33«Horietako piztiaren bat buztinezko edozein ontzitara jausten bada, barruan dagoen guztia kutsaturik geldituko da eta ontzia hautsi egingo duzue. 34Ontzi horretako ura jangai den zerbaiti botatzen bazaio, kutsaturik geldituko da; halaber, edan daitekeen edariren bati botatzen bazaio, nolanahiko ontzitan dagoela, kutsaturik geldituko da. 35Piztia horien sarraski-zatiren bat edozer gauzaren gainera jausten bada, kutsaturik geldituko da; labeak eta sutegiak birrindu egingo dituzue: kutsatuak dira eta kutsatutzat edukiko dituzue.
36«Hala ere, iturri eta urtegiei dagokienez, ur bilduak garbi iraungo du, baina sarraskia uretatik ateratzeko#11,36 uretatik ateratzeko: Testua ulergarriago egiteko ezarritako hitzak. ukitzen duena kutsaturik geldituko da.
37«Sarraskia hazitarako den ale gainera jausten bada, haziak garbi dirau; 38baina, alea, gero jateko#11,38 gero jateko: Testua ulergarriago egiteko ezarritako hitzak., urez busti baldin bada, eta sarraski-zatiren bat gainera jausten bazaio, kutsatutzat edukiko duzue.
39«Jangai duzuen abere bat hiltzen bazaizue, haren sarraskia ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte. 40Sarraski hartatik jaten duenak bere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Sarraskia jaso edo garraiatzen duenak ere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
41«Lur gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.
42«Sabel gainean nahiz lau zangoen edo gehiagoren gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan. 43Ez ditzazuela zeuen buruak higuingarri bihur, ezta kutsatu ere narraska dabiltzan piztiak direla eta. 44Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. Gorde garbi zeuen buruak, santu izan zaitezten, ni santua naiz eta. Ez zaitezte kutsa lurrean narraska dabiltzan piztia horiekin.#santu izan 19,2; 20,7.26; Ir 22,30; 1 P 1,16. 45Neu naiz Jauna, zuen Jainko izateko Egiptotik igoarazi zintuztena. Izan zaitezte santu, ni santua naiz eta.#Jauna, zuen Jainkoa 22,33; 25,38; 26,45; Jr 11,4; 24,7.
46«Horra hor abereei, hegaztiei, uretako bizidunei eta lur gainean narraska dabiltzan piztiei buruzko legea, 47animalia garbi eta kutsatuen artean, jan daitekeen eta jan ezin denaren artean, bereizteko emana».
Currently Selected:
LEBITARRENA 11: EAB
Highlight
Copy
Compare
Share
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso