YouVersion Logo
Search Icon

EPAILEAK SARRERA

SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
I.Z.ko gainerako liburuak bezala, liburu hau ere ez da idazle bakarrak idatzia, ezta aldi bakarrean idatzia ere. Historia deuteronomistaren eraginpean idatzia den liburu honi hebreeraz «Xofetim» deritza, hots, «Epaileak» edo «buruzagiak». Hamabi pertsonaia dira liburu honetan protagonista: sei epaile edo buruzagi handi (Otniel, Ehud, Debora eta Barak, Gedeon, Jefte eta Samson) eta sei epaile txiki (Xamgar, Tola, Jair, Ibtzan, Elon eta Abdon). Israelen erregerik ez zen garai haietan (Ep 21,25), buruzagi hauek nabarmendu ziren israeldar leinuetan agintari-, gudalburu- eta epaile-lanetan. Epaitu baino gehiago, ordea, gobernatu egin ohi zuten. Jainkoak bere espiritu eta karismaz hornitu, hautatu eta bidalitakotzat ematen da liburu honetan jende hori, leinuren bat edo gehiago etsaien menpe erortzear zegoenean herria libratu eta salbatzeko hautatutzat. Kanaandarrak, madiandarrak, moabdarrak, amortarrak, filistearrak, jebustarrak… ziren garai haietan israeldarren etsaiak.
Kontuan izan behar da liburu honetan historia zehatza baino gehiago irakaspen teologikoa eman nahi dela: Israel herriak Jainkoarekiko dituen jarreraren eta jokaeraren ondorio dira gertatzen zaizkion gorabehera guztiak. Ikuspegi horretatik interpretatzen da historia osoa. Lau une nagusi nabari daitezke kontaera bakoitzean: herriaren bekatua, Jainkoaren zigorra, herriaren bihozberritzea eta Jainkoaren salbamena. Jainkoak beraiekin eginiko ituna edota emandako agindua hausten zutenean, etsaiak nagusitzen zitzaizkien israeldarrei; bekatuaz damuturik, Jainkoarengana jo eta laguntza eskatzen ziotenean, Jainkoak libratu egiten zituen israeldarrak eta garaipena ematen.
Egiptotik etorririk, K.a. 1230. urte inguruan, Josue buruzagi zutela, hasi ziren israeldar leinuak Kanaan izeneko lurraldean finkatzen. Finkatze hura, ordea, ez zen berehalakoa izan; lehendik bertan bizi ziren herriak egotzi behar izan zituzten, horretarako borroka eta gudukatze ugari eginez. Aldi berean, israeldar leinuek beren nortasuna sendotu egin zuten, leinu batzuek besteei laguntzeko bideak egin eta elkartzeko, bateratzeko, joera indartu, nahiz eta batzuetan banaketak ere nabari ziren, leinuren bati gudurako deia egin ez ziotelako (8,1-3), adibidez. Deboraren kantuan ez dira Simeon eta Judaren leinuak aipatzen, hegoaldean bizi baitziren isolaturik. Israeldarrek, hala ere, ez zuten Kanaan erabat eskuratu K.a. 1030ean monarkia ezarri arte. Beraz, berrehun urteko borrokaldia izan zen, epaile hauek buruzagi zirelarik.
Ezaugarri nagusiak
Iturri desberdinez baliatu ziren aldian aldiko idazleak beren lana egiteko, azkenean idazle deuteronomistaren batek dokumentu hau osotu ahal izan zuelarik.
Epaileen beraien garaian ahoz ahoko tradizioak sortu ziren. Gerora, Salomonen garaian-edo hasirik, zenbait tradizio eta kontaera —adibidez, askoz geroago 17—21 eranskinean sartuko zirenak— idatziz eman zituzten.
K.a. 722 edo 721ean Samaria asiriarren menpean erori ondoren, epaile handiei buruzko kontaerak batzuk besteekin lotu eta epaile txikiei buruzko albiste eta zerrendak korapilatu zituzten. Hala ere, zenbait zati (1,1—2,5; 9; 17—21) osorik idazteko zeuden.
K.a. 587an Jerusalem babiloniarren menpe erori eta juduak erbestera eraman ondoren, Israelen historia deuteronomista (Josuerengandik Judako azken erregeaganainoko historia) idaztean, idazle deuteronomistek Epaileak liburu hau ere osotu zuten, lehendik idatzia zegoenari zenbait zati erantsiz: 1,1—2,5; 2,6—3,6; 9; 11,6-16. Epaileek han-hemenka izaniko egintzak «Israel osoaren» egintza bihurtu ere egingo zituzten azken idazleek. Azkenik, idazle deuteronomistaren batek 17—21 eranskina ere sartu zuen liburuan, ahozko zenbait tradizio eta idatzitako zenbait kontaera bilduz.
Hiru zati desberdin ditu liburuak:
1. Kanaango lurraldea konkistatzeari buruzko tradizioak biltzen dituena (1,1—2,5)
2. Epaileen garaiko historia (2,6—16,31)
3. Israelen erregerik ez zegoen garaiko historia (17—21).
Eskema
—Egoera (1,1—3,6).
—Israelgo lehen hiru epaileak (3,7-31).
—Debora profetesa (4,1—5,31).
—Gedeon (6,1—8,35).
—Abimelek (9,1-57).
—Beste bi epaile Israelen (10,1-5).
—Jefte (10,6—12,7).
—Israelgo beste epaile batzuk (12,8-15).
—Samson (13,1—16,31).
—Danen leinua (17,1—18,31).
—Benjaminen leinua (19,1—21,25).

Currently Selected:

EPAILEAK SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy