YouVersion Logo
Search Icon

1 PEDRO SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Hemeretzigarren mendea arte tradizioak Pedrorena bezala hartu izan du gutun hau. «Pedrok, Jesu Kristoren apostolu honek» (1,1) dio gutunaren hasieran; azken aldera, berriz, «Silvanoren eskuz idatzi dizuet gutun labur hau» (5,12). «Babilonia» izeneko hiritik bidalia da gutuna; seguruenik, Erroma, inperioko hiriburua, adierazteko sinboloa da, Apokalipsian bezala. Askoren iritziz, Pedrok idatzia bada, Silvanoren laguntza nabarmena izan behar zuen, bai hizkera aldetik, bai doktrina-adierazpenaren aldetik. Gaur egun, ordea, iritzirik zabalena hauxe da: Pedroren eskola edo tradizioko kristau batek idatzi zuela, Pedroren martiritzaren ondoren. Bada, hala ere, antzinako iritziari eusten dionik, idazkia Neronen pertsekuzioan (K.o. 64. urtean) kokatzen duelarik.
Asia Txikiko eliz elkarteei idatzia da. Gehienbat, jentilen artetik sorturiko elkarteak ziren eta gizarte-maila apalekoak. Egoera nahiko zail eta arriskutsuan, probaldiak sufritu beharrean (1,6) eta erasopean aurkitzen ziren, agian inguruko gizarte paganoak onartzen ez zituelako.
Gutunaren hari nagusiak
Bataioari buruzko kultu- eta katekesi gaietan oso sustraitua dagoen gutuna da, jendaurrean, kultu-batzarretan, irakurtzeko egina. Atal batzuek garai hartan erabiltzen ziren bataio-liturgiako gorazarre eta fede-aitormenak dirudite (1,3-5.18-21; 2,21-25; 3,18-22).
Gutunaren edukia, bi kristologi testu hauetan hezurmamitzen da: 2,21-25 eta 3,18-22an. Fede-aitormen horretatik ongi ulertzen da fededunak zergatik
—salbamena uste osoz itxaron behar duen: 1,3-12; 3,5-15; 5,10-11;
—edozein gizarte-egoeratan biziera santua eraman behar duen: 1,13—3,17; 4,1-11; 5,1-4;
—edozein eratako sufrimendu eta zailtasunetan ez duen atzera egin behar: 3,8-17; 4,12-19.
Kristoren nekaldia gutunaren atal garrantzitsuenetan azaltzen denez, berau izan daiteke gutunaren doktrina ulertzeko giltza: Kristoren nekaldiaren azkena ez da heriotza, bizia baizik (3,18; 4,6); beraz, itxaropen segurua sortzen du, poza darion itxaropena, ekintzaile eta erakarlea. «Egon beti prest zuen itxaropenaren arrazoia eskatzen dizuenari erantzuna emateko» (3,15) delako aholkua da inportanteena gutunean eta adierazkorrenetakoa ere bai I.B. guztian.
Eskema
—Agurra eta esker ona (1,1-5).
—Salbamena eta biziera berria (1,6—2,3).
—Kristoren gain eraikiak (2,4-10).
—Gizarteko harremanak (2,11—3,12).
—Probaldi eta sufrimenduen aurrean (3,13—4,19).
—Elkarte-bizitzako betebeharrak (5,1-11).
—Azken agurrak (5,12-14).

Currently Selected:

1 PEDRO SARRERA: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy