YouVersion Logo
Search Icon

1 KRONIKAK 21

21
Herritarren erroldatzea egin Davidek
(2 Sm 24,1-9)
1Behinola, jaiki zen Satan Israelen kontra eta israeldarren erroldatzea egitera bultzatu zuen David. 2Erregeak agindu zien Joabi eta herriko buruzagiei:
—Zoazte eta zenbatu israeldarrak Beer-Xebatik hasi eta Daneraino, eta ekar iezadazue horren emaitza, zenbat diren jakin dezadan.
3Joabek erantzun:
—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala Jaunak bere herria! Baina, ene errege jauna, ez al dituzu denak zeure zerbitzari? Zertarako egin nahi duzu ikerketa hori? Zertarako egin errudun#21,3 errudun: Ik. 2 Sm 24,3 oh. Israel?
4Hala ere, erregearen agindua onartu behar izan zuen Joabek. Honek, Israel osoan barrena ibili ondoren, Jerusalemera itzuli eta 5erakutsi zion Davidi erroldatzearen emaitza: Israelen milioia eta ehun mila gizon ziren gudurako gai, eta Judan laurehun eta hirurogeita hamar mila. 6Horien artean Joabek ez zituen lebitarrak eta benjamindarrak sartu, erregearen agindua higuingarria iruditu zitzaiolako.
Jainkoak herria zigortu erroldatzea egiteagatik
(2 Sm 24,10-17)
7Jainkoak ez zuen begi onez ikusi erroldatze hura egitea eta zigortu egin zuen Israel. 8Orduan, Davidek esan zion Jainkoari:
—Bekatu handia egin dut, bai, erroldatzea egiteko aginduz. Baina, otoi, barkatu zeure morroi honen gaiztakeria, burugabe jokatu baitut.
9Jaunak Daviden profeta zen Gadi dei egin eta esan zion: 10«Zoaz eta esaiozu Davidi: “Hau dio Jaunak: hiru zigor ipintzen dizkizut aukeran; hautatu horietarik bat eta huraxe ezarriko dizut”».
11Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta esan zion:
—Hau dio Jaunak: «Aukera ezazu: 12hiru urteko gosealdia, hiru hilabeteko hondamendia etsaien ezpataren erasopean ala hiru egunez Jaunaren ezpatak izurriz jotzea eta Jaunaren aingeruak lurralde osoa desegitea». Zuk esan zer erantzun behar diodan bidali nauenari.
13Davidek, orduan, Gadi:
—Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, haren errukia handia baita, giza eskuetan erori baino.
14Jaunak, beraz, izurria bidali zuen Israelera eta hirurogeita hamar mila gizon israeldar hil ziren.
15Jaunak, gainera, aingerua bidali zuen, Jerusalem hondatzeko. Baina hondatzen ari zela ikusirik, atsekabetu egin zen Jauna kalte harengatik, eta agindu zion aingeru hondatzaileari: «Atzera esku hori! Aski da!»
Une hartan Jaunaren aingerua Ornan jebustarraren#21,15 jebustar: Jebus hirikoa; izen hori zuen antzina Jerusalem hiriak. larrain ondoan zegoen. 16Begiak altxatu eta ikusi zuen Davidek Jaunaren aingerua zeru-lurren artean zegoela, ezpata zorrotik aterea eskuan hartu eta Jerusalemen kontra luzatuz. Orduan, erregea eta arduradunak, zakukiz jantzirik, lurreraino ahuspeztu ziren. 17David honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Ez al dut, bada, nik agindu herriaren erroldatzea egiteko? Neuk egin dut bekatu; neuk, artzain honek, jokatu dut gaizki. Ardi hauek, berriz, zer egin dute? Jauna, ene Jainkoa, zigortu ni eta nire senitartekoak, baina ez zigortu zeure herria».
Davidek aldarea egin Jaunari
(2 Sm 24,18-25)
18Jaunaren aingeruak esan zion Gadi: «Esaiozu Davidi igo dadila Ornan jebustarraren larrainera eta eraiki diezaiola bertan aldarea Jaunari».
19Igo zen, beraz, David, Gadek Jaunaren izenean esan bezala. 20Ornanek, garia jotzen ari zelarik, atzera begiratu eta aingerua#21,20 2 Sm 24,20an esaten denez, Araunak (Ornanek) erregea (melek) ikusi zuen, ez aingerua (malak). ikusi zuen; harekin lanean ari ziren lau semeak gorde egin ziren. 21Orduantxe zetorren David Ornanengana. Hau, David ikustean, larrainetik atera eta ahuspeztu egin zen Daviden aitzinean. 22Davidek esan zion:
—Emadazu larraina dagoeneko toki hau; aldarea eraiki behar diot Jaunari, horrela izurria herriarengandik urrun dezan. Bidezko dena ordainduko dizut.
23Ornanek erantzun:
—Hartzazu, ene jaun horrek, eta egin nahi duzuna. Begira, neure idiak emanen dizkizut erre-oparirako, eultziak egurretarako eta garia eskaintzarako. Dena damaizut.
24David erregeak ihardetsi zion:
—Ez, bidezko dena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunarentzat ez dut hartuko zurea dena, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre-oparirik.
25Toki haren ordainetan urrezko seiehun txanpon eman zizkion Davidek Ornani. 26Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari eta, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainirik, dei egin zion Jaunari. Honek zerutik aldare gainera sua bidaliz erantzun zion.#zerutik sua bidali Lb 9,24+.
27Aingeruak, Jaunaren aginduz, zorroan sartu zuen bere ezpata. 28Aldi hartan ohartu zen David, Jaunak Ornan jebustarraren larrain hartan erantzun ziola, eta sakrifizioak eskaini zizkion. 29Artean, Jaunaren egoitza, Moisesek basamortuan egina, eta erre-oparietarako aldarea Gabaongo kultu-lekuan zeuden; 30baina David ez zen Jaunari kontsulta egiteko hara joatera ausartzen, Jaunaren aingeruaren ezpatak izutu egin baitzuen.

Currently Selected:

1 KRONIKAK 21: EAB

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy