YouVersion Logo
Search Icon

EZEKIEL 3

3
1Gero, esan zidan: «Gizaseme, jan biribilduriko liburu hau eta gero joan Israel herriari hitz egitera».
2Ahoa zabaldu nuen eta liburua janarazi zidan.#Ik. Ap 10,8-10. 3Eta esan zidan: «Gizaseme, bete sabela ematen dizudan liburu honekin». Jan eta eztia bezain gozo gertatu zitzaidan.
4Esan zidan: «Gizaseme, zoaz Israel herriarengana eta adierazi nire hitzak. 5Ez zoaz mintzaira ilun eta hizkuntza ulergaitzeko herri batengana, Israel herriarengana baizik. 6Mintzaira ilun eta hizkuntza ulergaitzeko herriengana bidaliko bazintut, jaramon egingo lizukete. 7Baina Israel herriak ez dizu jaramonik egingo, ez baitit niri jaramon egin nahi izan. Izan ere, Israel herri osoa da burugogor eta setatsu. 8Eta horiek bezain burugogor eta tematsu bihurtuko zaitut. 9Diamantea bezain gogor bihurtuko zaitut, harkaitzak baino gogorrago; ez zara herri errebelde horren aurrean beldurtuko, ez kikilduko.#gogor bihurtu Is 50,7; Jr 1,18. 10Gizaseme, entzun arretaz esaten dizudan guztia eta sartu buruan. 11Zoaz, joan erbestean dauden zeure herritarrengana eta hitz egiezu; beraiek entzun ala ez, nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu».
12Orduan, Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta burrunbada handia entzun nuen atzean, lurrikara batena bezalakoa, Jaunaren aintza bere lekutik altxatzean; 13lurrikararen antzeko burrunba hura izakiek hegoez elkar ukitzean ateratzen zuten hotsa zen eta aldi berean gurpilen zarata. 14Espirituak gora jaso eta eraman egin ninduen; garrazturik eta barneminduta joan nintzen; zeharo jabetu zen nitaz Jaunaren indarra.#Espirituak jaso eta eraman 8,3; 43,5. 15Tel-Avivera iritsi nintzen, Kebar ibai ondoan bizi ziren erbesteratuengana, eta zazpi egun eman nituen haien artean, zeharo lur jota.
Profeta herriaren jagole
16Zazpi egunen buruan, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 17«Gizaseme, Israel herriaren jagole izendatzen zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean.#profeta jagole 33,1-9; Is 21,6-8. 18Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabide txarretik aldendu eta bizirik jarrai dezan zuk ez baduzu gaiztoa ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu. 19Aitzitik, zuk gaiztoa ohartarazi eta ez bada gaiztakeriatik eta jokabide txarretik aldentzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia. 20Zintzoari, zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, estropezu eragingo diot eta hil egingo da; ohartarazi ez duzunez, hil egingo da bere erruarengatik eta ez diot aurreko jokabide zuzena kontuan hartuko; baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.#Zintzoa zuzentasunetik aldendu 18,24; 33,12-13; 2 P 2,21. 21Aitzitik, bekatu egin ez dezan zintzoa ohartarazten baduzu, eta benetan ez badu egiten, bizirik jarraituko du ohartarazi duzulako, eta zeuk ere onik aterako duzu bizia».
Ezekiel mutu
22Orduan, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz eta esan zidan: «Altxa, irten haranera eta han hitz egingo dizut». 23Altxatu eta haranerantz irten nintzen; eta hantxe zegoen Jaunaren aintza, Kebar ibai ondoan ikusia nuena bera. Ahuspez erori nintzen;#Jaunaren aintza 1,28+. 24baina Jaunaren espirituak niregana sartu eta zutitu egin ninduen; orduan, esan zidan Jaunak: «Gelditu zeure etxean itxita. 25Hara, gizaseme! Jendeak sokaz lotu-lotu egingo zaitu eta ezin izango zara atera. 26Mihia ahosabaiari erantsia utziko dizut eta mutu geldituko zara; ezin izango duzu berriz jende errebelde hori zentzatu.#mutu geldituko 24,27; 29,21; 33,22. 27Baina hitz egingo dizudanean, zabalduko dizut ahoa eta nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu. Entzun nahi duenak entzun dezala, eta nahi ez duenak ez, herri errebeldea baita».

Currently Selected:

EZEKIEL 3: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in

YouVersion uses cookies to personalize your experience. By using our website, you accept our use of cookies as described in our Privacy Policy